Maiatzaren Lehena. Euskal Herria

Morez jantzitako aldarrikapenak

Emakumeen borrokarekin bat egin dute Euskal Herriko sindikatuek, eta beren bandera gorri eta berdeak morez tindatu dituzte. Sindikatuen zatiketa oso handia izan da

Aldarrikapen feministak ESK, Steilas eta CGTren manifestazioan. M. RAMIREZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia - Gotzon Hermosilla - Joxerra Senar - Eneko Etxegarai Urain
2018ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Aberastasunaren banaketa, murrizketak, lan munduaren prekarizazioaren aurkako borroka, sindikatuen batasun beharra, langile mugimenduaren eginkizunak...Sindikatuen ohiko aldarrikapenak entzun ziren atzo Maiatzaren Lehena dela-eta Euskal Herrian antolatutako manifestazioetan, baina ñabardura bat izan zuten ekitaldiek: kolore morea izan zen berritasuna, sindikatuek bere egin baitzuten mugimendu feministaren kolorea, emakumeen borroka haiena ere badela erakutsiz.

Hona hemen sindikatu bakoitzaren mezu nagusiak:

ELA

Sindikalismo «politikoa»



Bere eredu sindikala defendatuzuen ELAk Maiatzaren Lehenean. Bilboko manifestazioa hasi aurretik, ekitaldia egin zuten Jesusen Bihotza plazan, eta, han, Adolfo Muñoz idazkari nagusiak «ELAk hautatutako rola» goretsi zuen, «kontraboterea» sortzeko gauza den sindikalismoarena, «patronalaren, gobernuen eta alderdi politikoen» morrontzatik askea eta «bere hausnarketa egiteko eta interpelazio autonomoa egiteko» gai dena. «Sindikalismoak inoiz baino politikoagoa izan behar du, botereak presioaren aurrean baino ez duelako amore ematen», esan zuen.

ELAren aburuz, badaude ziklo aldaketa adierazten duten zantzuak, eta, batez ere, azken hilabeteetako hiru «albiste pozgarri» nabarmendu zituen Muñozek: Martxoaren 8ko mobilizazioak, pentsiodunenak eta borroka sindikalak. Lehenengoari dagokionez, emakumeen mobilizazio jendetsuen ostean «ezer» ez dela berdin izango esan zuen: «Sindikalismoak asko zor dio feminismoari». Pentsiodunen borrokaren inguruan, berriz, «belaunaldien arteko klase elkartasuna» nabarmendu zuen. Borroka sindikalen arloan, bat nabarmendu zuen bereziki: Bizkaiko zahar etxeetakoa. «ELA zer den ulertzeko osagai ugari biltzen ditu».

«Aldatzen ez direnak» ere aipatu zituen Muñozek, eta, hor, bereziki EAJren eta PPren arteko itunak kritikatu zituen zorrotzen: «EAJ beharrezkoa da PPrentzat, eta PP EAJrentzat», esan zuen. Iñigo Urkullu lehendakariaren «lidergo autoritarioa» gaitzetsi zuen, eta ohartarazi datozen hilabeteetan DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta murrizteko «erasoa» iritsiko dela, EAJren eta PSE-EEren eskutik.

Ekitaldiaren ostean, manifestazioa egin zuten Kale Nagusi osoan zehar. Iruñean ere manifestazioa egin zuten; Nafarroako koordinatzaile Mitxel Lakuntzak «pobreziari gerra deklaratzearen garrantzia» nabarmendu zuen.

LAB

Greba orokorraz hitz egiten hasi beharra



Mobilizazio sozialaz hitz egin zuen Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak Maiatzaren Leheneko hitzaldian. Lan, bizi, herri duina leloarekin 25 manifestazio egin zituen sindikatuak, eta hilaren 30erako deituak dituzten bi orduko lanuzteetara dei egin zuen Aranburuk, «prekaritateari aurre egiteko». Mobilizatzeko beharra ikusten baitu: «Mobilizazio soziala bizirik dago, eta baldintzak ematen ari dira alternatiba orokor baten aldeko borroka indartzeko». Protesta gogortu behar dela esan zuen Aranburuk: «Greba orokorraz hitz egiten hasi behar dugu. Sindikalismo abertzalea ezin da geratu eztabaida horretatik kanpo. Ez dago eraldaketa sozialik mobilizazioan sakondu gabe». ELAri dei egin zion horrela.

Eraldaketa sozial horretarako proposamenak jarri zituen sindikatuak mahai gainean: 1.200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lan astea, soldata arrakalaamaitzea, pribatizazio eta azpikontratazioari aurre egitea eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.

Kritikari ere tartea egin zion Aranburuk, eta EAJri begira jarri zen: «Berriro argi geratu da non dauden bakoitzaren aliantzak. EAJrentzat, Kanbo baino gertuago dago Madril. Estatuko aurrekontuei bide ematea erabaki du, aurrekontuak onartzen bukatzeko. Antzerki hutsa izan da. Bertsotan bezala ari da EAJ, amaiera erabaki, eta ondoren bertsoa osatu». Kritika egin zion Aranburuk «murrizketak eta erreformak bata bestearen atzetik inposatu» dituztenekin lerrokatu delako. Areago, EAJ eta PP «neoliberalismoaren esentzia» direla esan zuen, «proiektu ekonomiko eta sozial berbera» partekatzen duelako.

Jeltzaleek Espainiako Gobernuarekin adostutako pentsioen igoerak ez du ezer bermatzen, LABeko idazkari nagusiaren ustez: «Ez da galdutako erosahalmena berreskuratzeko adinako igoerarik izango, eta 2019. urtetik aurrera ez dago garbi KPIaren igoeraren araberako hazkundea izango ote duten».

Hegoaldean bakarrik atera zen kalera LAB, baina IparraldeanCFDT eta UNSA sindikatuak izan zituen bidaide, Baionan zein Maulen. «Zinez entseatu gara batasun baten egiten, urtarrilean hasi ginen sindikatu guzien gomitatzen, baina, hemen, Pauen erraten dutenari obeditzen diote batzuek», azaldu zuen Jean Mixel Dirassar sindikatu abertzaleko kideak, CGT buruan zuela. Hiru sindikatuek ekitaldia Lapurdiko hiriburuko udaletxe aitzinean egin zuten, eta denek batasunerako deia egin zuten. «Euskal Herrirako mobilizazio bat ezin da egin prefeturari begira; guk lurraldetik zein langileengandik ahalik eta hurbilena lan egin nahi dugu», aipatu zuen Mixel Larralde Ipar Euskal Herriko CFDTko idazkari nagusiak. Besteek egindako hautua gogoan hartzen dutela esan du, eta gehitu espero duela datozen mobilizazio «nazionaletan» elkarrekin izango direla. Eñaut Aramendi LABeko kideak jakiterat eman zuen irailaren 29an sindikatu guziak bilkura batera deitzen dituztela: «2019ko Maiatzaren 1a, elkarlanean antolatzeko».

CCOO, UGT

«Banatzeko garaia» da



CCOOk eta UGTk elkarrekin egin zituzten manifestazioak, Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Donostian, Irabazteko garaia da lelopean. Nafarroako hiriburuan, bi sindikatuen egoitzetan hasi, eta CEN enpresaburu elkartearen aurrean amaitu zuten. Bi sindikatuek banderak morez tindatu zituzten, eta aldarria presente egon zen bi buruzagien hitzaldietan.

Bere hitzaldian, Jesus Santos Nafarroako UGTko idazkari nagusiak irmo gaitzetsi zuen krisian «neoliberalismoaren aldarean sakrifikatu» izana langileak, eta murrizketak zein erreformak euren lepotik izan direla. Lau urteko hazkundearen ostean, enpresen irabaziak langileen artean banatzeko garaia heldu dela azpimarratu zuen. Hori egin ezean, greba orokorraren aukeraz ohartarazi zuen.

Antzera jardun zuen CCOOko idazkari nagusi Chechu Rodriguezek: «Kendu digutena berreskuratzeko garaia da». Espainiako aurrekontu proiektuan proposatu diren pentsioen igoerak «adabakiak» baino ez direla, eta sistema publikoaren bideragarritasuna jokoan dagoela azpimarratu zuen. PPri eta EAJri esan zien pentsioak ez direla trukerako txanpona. Gainera, Rodriguezen arabera, gizarte elkarrizketak «atzera egin du» Nafarroan, «bertan egon nahi ez dutenen ondorioz». Enplegu plana «behingoz» sinatzeko eskatu zion Nafarroako Gobernuari.

ESK, STEILAS, CGT

Borrokak lotzeko aldarria



Elkartasunerako deia egin zuten ESK-k, Steilasek eta CGTk. Bilbon hirurak batera atera ziren kalera, baina Donostian eta Gasteizen CNTren babesa ere izan zuen deialdiak, eta Iruñean CNT eta Solidari-rena. Mobilizazioetan, borrokarako grina berpizten ari dela aldarrikatu zuten, pentsio duinen aldekoak eta emakumeen mugimenduak hartu duen oihartzuna jarri zuten adibide, eta langileek olatu horren parte izan behar dutela aldarrikatu. Gogora ekarri zuten lan baldintza gero eta kaskarragoak direla, eta hori emazteek zein gazteek pairatzen dutela batez ere. Horregatik, elkartasunetik abiatuta borroka bateratuak egiteko deia egin zuten.

CGT, FO

Betiko eskemetan



Pirinio Atlantikoetako CGTren itzal luzea ikusi zen Baionan zein Maulen, sindikatu horrek FOrekin soilik mobilizatzeko hautua egin baitzuen. Euskal Herriko kide guztiak ez daude ados. «Usaia da intersindikal bera egitea Pauen eta Baionan; entseatzen gara aldatzen, kontrakoa bultzatzen dugu, eta lortuko dugu»,zuen Amaiur Koskarat burdinbideetako langile eta CGTko kideak. SNCFko langileak bi intersindikalen artean jarriak ziren, eta hiru sindikaturen ordezkariek atxikitzen zuten haien pankarta. «Urtero bezala, badira zatiketak, ez da LABen eta CGTren artean, zailagoa da; CFDTk ez zuen gurekin parte hartu nahi... LABek biekin egin nahi zuen», zehaztu zuen Koskaratek.

Zatiketak zatiketa, beste hainbat kolektibok ere parte hartu zuten Baionako Maiatzaren an. Ikasle Borrokak lehen aldia zuen. «Lehen aldi batentzat kontent gara, biziki inportanta da langileekin egotea», esan zuen Hegoa Baños sindikatuko kideak. Mobilizazioan parte hartu zuten: Aitzina, PAF kolektibo feministak, Antifaxistak, EH Bai, Fronte Soziala, Indar Beltza, Bizi... Bizik Europara iristeko hil diren 33.305 etorkinen izenekin estali zituen Baionako suprefeturaren hesiak. Uztailaren 14an Baionatik Hendaiara martxa bat iragarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.