Martxoaren 8a. Emakumeen greba. Irene Gonzalez. Ingeniaria

«Zaintza lanek energiarekiko dependentzia sortzen dute»

Pobreziaren feminizazioak eta emakumeek zaintza lanengatik duten energiarekiko dependentziak pobrezia energetikoa handitu dute emakumeen artean, Gonzalezen arabera.
ARGAZKI PRESS

Asier Arrate Iruskieta -

2018ko otsailak 3
Pobrezia energetikoa termino berria da, baina, aspaldiko errealitatea da. Kataluniako Mugarik Gabeko Ingeniariak taldeko kide Irene Gonzalezek (Bartzelona, 1981) generoaren eta pobrezia energetikoaren arteko harremana ikertu du. Bilbon antolatutako Generoa eta Energia jardunaldietan aurkeztu zituen atzo ikerketaren emaitzak: pobreziaren indize ofizialetatik harago ikertu ostean, ondorio «oso kezkagarriak» atera ditu.

Emakumeek pobrezia energetikoa sufritzeko aukera handiagoa dute?

Bai, eta, horren atzean erlazionatuta dauden bi zutoin daude: pobreziaren feminizazioa eta emakumeek egiten duten energiaren erabilera etxean. Etxearen eta etxekoen kargu egoteak energia gastu handiagoa eskatzen die, baina zaintza lan horiek ez diete uzten lan merkatuan parte hartzen, eta, beraz, ez dira gai gastu energetikoei aurre egiteko.

Fenomeno berria da pobreziaren feminizazioa?

Pobreziaren feminizazioa terminoa berria da, baina errealitatea beti egon da hor. Krisi ekonomikoak areagotu egin du, eta, besteak beste, zaintzari prekarizazioaren eta soldata arrakalari buruzko eztabaidek azaleratu egin dute. Krisiaren eragina gogorrago pairatu dute emakumeek, lanaren partzializazioa handitu delako eta horietako asko zaintza lanen kargu geratu direlako.

Kolektibo batzuk arrisku egoera handiagoan daude?

Emakumeen datuak gizonenak baino txarragoak badira ere, emakumeen artean egoera ez da berbera. Etxeko langileen %80 pobrezia arriskuan daude, esaterako. Emakume erretiratuen kasuan, berriz, pentsioak txikiagoak dira, ez dutelako kotizatu gizonek beste. Etorkinekin, berriz, hainbat arazok bat egiten dute.

Errealitate hori azaleratzeko arazo handiena datuen segregaziorik eza dela salatu duzue.

Adibide bat ematearren: pobrezia tasa neurtzen duen indizea familia unitatean oinarrituta dago. Tasa hori norbanakoaren arabera kalkulatuz gero, pobrezian bizi diren emakumeen kopurua ia %50 handiagoa da. Familia unitatea erabiltzeak ez ditu irudikatzen familia horren barruan dauden errealitate ezberdinak. Familia bat klase ertain edo apaleko gisa sailka dezake indizeak, baina emakumearen eta gizonaren independentzia ekonomikoa ez da berbera. Familia eredua etengabe aldatzen ari den gizarte batean, familia tradizionalaren eredua indize modura mantentzeak errealitate ugari baztertzen ditu.

Bereizi gabeko datuak ez izateak estali egin du arazoa?

Datu ofizialik ez badago, edo errealitatea partzialki erakusten badute, esango dute arazo hori ez dela existitzen.

Emakumeak umeen kargu egoteak dakar haiek energiaren dependentzia handiagoa izatea.

Ikerketan jasotako datuen arabera, oraindik ere emakumeek ardura handiagoa dute etxekoak zaintzen. Ardura horrek dakar emakumeek lan merkatua osorik edo partzialki utzi behar izatea, eta, ondorioz, baliabide ekonomikoak galtzea. Beraz, ezin izango diote aurre egin gastu energetikoari. Amaiera gabeko zikloa da.

Zein ondorio ditu pobrezia energetikoak?

Hainbat ikerketa egin dira horren inguruan: frogatuta dago gaixotasunak ugaritzen dituela negu garaian. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, neguko heriotzen tasa gehigarriaren %30 horri lotua dago. Gainera, garrantzitsua da kontuan hartzea pobrezia energetikoa beste gabezia batzuei lotua dagoela beti. Ondorio ezagunenak osasunean eragiten dutenak dira, baina badira beste batzuk.

Eragin psikologikoak akaso?

Gutxi hitz egiten da, baina oso garrantzitsua da inpaktu psikologikoa. Pobrezia energetikoa sufritzen dutenei inpotentzia izugarria eragiten die euren etxea bizitzeko modu egokian mantendu ezin izateak. Horri gehitu behar zaio zorra ordaintzeko jasotzen duten presioa. Katalunian, legez, ezin daiteke hornidura moztu, baina, ordaindu ezin dutenez, zorra pilatzen zaie.

Egoera larria bada ere, arazoaz ez da eztabaidatzen.

Gero eta gehiago hitz egiten da horren inguruan, eta badira erakundeak hainbat programa eta ekinbide aurkeztu dituztenak horri aurre egiteko. Hala ere, bada joera bat gizartean pobrezia energetikoa sufritzen dutenak estigmatizatzen dituena. Gehiegi gastatzen dutela, bizi diren etxea ez dela iraunkorra, telebista ikusten gastatzen dutela energia... Oso ohikoak dira tankera horretako komentarioak. Gainera energiaren lobby-a Espainiako Estatuan oso indartsua da. Energia merkatuaren logikatik kudeatzen dute, eta ez dute inolako interesik hori aldatzeko.

Horri aurre egiteko, energia eskubide bilakatzea aldarrikatzen duzu, ez merkatuko ondasun.

Bai, eta, horregatik, erakunde publikoek energia sektorearen gaineko kontrola berreskuratu behar dute. Baina ez soilik gardentasuna irabazteko, baizik eta herritarrek erabakitzeko ahalmena izan dezaten. Eskubide bat bada, ezin da merkatuaren logikan sartu. Uraren hornidurarekin gertatu zen bezala 2012an, erakundeek bermatu beharko liekete energiaren hornidura herritar guztiei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna