Altsasuko auzia. Epaiketa. Edurne Goikoetxea. Ainara Urkijoren ama

«Bola handi bat prestatu zaigu, eta oso zaila izango da horri ihes egitea»

IÑIGO URIZ / FOKU

Joxerra Senar - Berriemaile berezia

2018ko apirilak 18
Altsasuko gazteen guraso taldeko eledunetako bat da Edurne Goikoetxea. Ainara Urkijo da haren alaba, zortzi auzipetuetako bat. Espainiako Auzitegi Nazionalaren atarian bildutako komunikabideei garbi hitz egin zien atzo. Epaiketari buruzko argibideak ez ezik, komunikabide batzuek egindako lanari buruzkoak ere eman zituen: «Ikusten ari gara prestatu zaigula halako bola handi bat, eta oso zaila izango dela horri ihes egitea. Zuetako askok horretan parte hartu duzue».

Hamabi urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak haren alaba Ainara Urkijorentzat. Herenegun, epaiketako lehen egunean, Koxka tabernan egon izana ukatu zuen Urkijok, baita guardia zibilen bikotekideei mehatxu egin izana ere. Haren amak «gainezka eginda eta beldurtuta» daudela nabarmendu zuen atzo: «Nire alabari hamabi urte eta erdiko zigorra eskatzen diote, haiek 'mehatxu terrorista' gisa izendatzen dutenaren arabera. Ia urte eta erdi geroago, gehiegikeria honen aurrean gaude. Gainezka eginda, eta beldurtuta. Eta defendatzeko baldintza egokiak izateko benetako ezintasunarekin».

Kezkatuta daudela aitortu zuen Goikoetxeak, beste behin: «Zuetako askok dakizuenez, hainbat froga eta hainbat lekuko ez dituzte onartu. Ikerketa justu bat eta epaiketa justu bat ari gara eskatzen. Eta, esandako guztiarengatik, gure itxaropenak urriak dira. Salako presidentearen errekusazioa ere eskatu genuen, eta atzera bota ziguten. Ikusten ari gara prestatu zaigula halako bola handi bat, eta oso zaila izango dela horri ihes egitea».

Erreparorik gabe mintzatu zen Altsasuko auzian hainbat komunikabidek izan duten jokaerari buruz. Auziari buruz aritzerakoan bai, eta herriari buruz aritzerakoan ere bai. Prestatu zaien «bola handi» horren erantzule egin zituen: «Zuetako askok ere horretan parte hartu duzue. Herriari buruz irudi bat eman duzue ez datorrena bat errealitatearekin. Ni oso harro nago naizen herrikoa izateaz. Herri lasaia da, herri solidarioa da. Merezi du ezagutzea».

Eskaera batekin amaitu zuen, horregatik, Goikoetxeak: «Hau guztia bere neurrira bueltatzea espero dut. Eta bidaltzen ari natzaizuen mezua behingoagatik helaraziko diezuela argi eta garbi herritarrei, eta ez dadila guzti hau mediatizatu orain arte bezala horren modu ikaragarrian».

Altsasuko gurasoek, bestalde, larunbateko manifestazioaren balorazioa egin zuten atzo, ohar baten bidez. «Bihotz-bihotzetik» eskertu dute jasotako elkartasuna, eta uste dute agerian gelditu zela «gizartearen gehiengoak» bat egin duela euren helburuekin. Orduko hitzak ekarri dituzte gogora: «Ez dugu inpunitaterik eskatzen: justizia nahi dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna