Leitzaraino, HBrekin biltzera

1998ko irailean Herri Batasuneko ordezkariekin bildu zen Rubalcaba, Patxi Zabaletaren etxean. Lizarra-Garaziren hasiera zen. Ez zen aurrerabiderik izan.

enekoitz esnaola
2014ko irailaren 11
00:00
Entzun
Lizarra-Garazi akordioa 1998ko irailaren 12an sinatu zuten, ETAk handik sei egunera indarrean jarri zuen su-etena, eta PSOEk bilera eskatu zion HBri. 1982-1996 artean Espainiako Gobernuan egon ostean, oposizioan zegoen alderdi sozialista, «egoera bitxian egon ere», Patxi Zabaletak gogoratzen duenez. «PSOEko idazkari nagusia Almunia zen, Espainiako gobernuburugaia Borrell, eta alderdian agintzen zuena, artean, Felipe Gonzalez. Hirurekin ongi ulertzen zen bakarra Rubalcaba zen».

HBk, zalantza batzuk izan ondotik, baiezkoa eman zion PSOEren eskakizunari, eta Leitzan (Nafarroa) bildu ziren, Zabaletaren etxean. PSOEtik, Rubalcaba eta Enrique Curiel senataria. HBtik, Pernando Barrena, Joseba Permach eta Xanti Kiroga. 1998ko irailaren 26a zen, larunbata. Bilkura sekretua zen.

«Ni orduan ez nengoen HBko Mahai Nazionalean, eta nire asmoa bi aldeek harremanak izateko bitartekari aritzea zen», dio Zabaletak. Jose Luis Uriz PSNko orduko kidea zen prestaketan ibili zen beste bat, Curielekin batera. Urizek oroitzen duenez, Rubalcaba eta Curiel Madrildik autoz etorri ziren Noainera, han berak hartu zituen bere autoan, eta, «segurtasun gisa buelta batzuk eman ostean», Leitzara heldu ziren.

Zabaletaren etxeko garajean sartu zuten autoa PSOEkoek, eta handik, bigarren solairura, bilerara, hitzordua baino ordubeteren bat beranduago. Eguerdia zen, eta han zituzten zain HBkoak. Aurretik, goizeko hamaiketan, sabotaje bat gertatu zen Donostiako Altza auzoan, PSE-EEren egoitzan. Barrenak-eta irratian entzun zuten berria, Leitzan zirela; Rubalcabak-eta ere bai, autoan.

Ezker abertzalekoek diote «tentsioa» izan zela bilkuraren hasieran. Batetik, Rubalcabak Donostiako erasoaren aipamena egin eta ea hark Leitzako bilerarekin loturarik zuen galdetu zuelako. Eta, bestetik, bileraren eskatzailea PSOE izan zela zalantzan jarri zuelako. HBkoek erantzun zioten plan horretan baldin bazegoen ea zer egiten zuten han denek ere. Rubalcabak alboratu egin zituen susmoak eta dudak, eta bilerari ekin zioten. Zabaleta eta Uriz ez ziren bertan izan, etxean ziren arren.

Luze aritu ziren. Rubalcabak-eta zioten Lizarra-Garaziri buruz informazioa jasotzera eta ETAren su-etenaren apustuaren izaera nolakoa zen jakitera joan zirela. HBkoak ez ziren askorik fio haiez; PSOEko ordezkariei egoera berriaren garrantzia azpimarratu zieten. Rubalcaba 1996tik politika «antiterroristako» arduraduna zen PSOEn, eta hark zeukan Jose Maria Aznarren (PP) gobernuarekin gai haiei buruzko harremana.

Bileraren ondoren, Zabaletaren bikotekideak jateko zerbait atera zien, eta Zabaleta bera eta Uriz orduan batu zitzaizkien besteei. Aurrenak dio «distentsio handiagoa» izan zela jatorduan. «Rubalcabak gogoeta asko ozen egin zituen, baina ez du guztia kontatzen, maltzurkeriaz jokatzen du beti».

Felipe Gonzalezi deia

Bazkaltzen hiruzpalau orduz aritu ziren kontu kontari. Barrena, Permach eta Kiroga ez ziren bukaerara arte geratu. Kiroga, adibidez, preso bati bisita egitera joan zen. Azkenerako Rubalcaba, Uriz, Uriel eta Zabaleta geratu ziren. Bromarako eta politikaz hitz egiteko aukera izan zuten, Zabaletaren arabera: «Atleta izana da Rubalcaba, eta esan nion Permach ere aritu zela atletismoan, eta bazutela hizketarako gairik... Bestela, esan zidan Lizarra-Garazikoen eta PSOEren arteko akordio bat egitea nahiko lukeela». Bileran, ordea, Espainiako Konstituzioa muga gisa planteatu zuen Rubalcabak. Urizen arabera, jatorduko unea «onuragarria» izan zen.

Arratsaldeko zazpiak aldera amaitu zuten hitzaspertua, eta atzera berriz garajera; Urizen autoan sartu ziren PSOEkoak, Noainera joateko. Bidean zirela, Rubalcabak hots egin zion Felipe Gonzalezi, bileraren berri emateko. «Esan zion harremanetan jarraitzeko borondatea zuela HBk», dio Urizek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.