«Giltzaz itxita egoten zen sarraila»

Kote Cabezudo argazkilariaren kontrako salaketa jarria duten andreen testigantzek erakusten dute antzera jokatzen zuela ia beti; horra Aneren eta Enararen —asmatutako izenak dira kontakizunak, adibiderako.

BERRIA.
arantxa iraola
2018ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Xehetasun bat etortzen zaie sarri gogora Aneri eta Enarari —asmatutako izenak dira biak—, Kote Cabezudo argazkilariarekin izan zuten harremana oroitzeko garaian. «Argazkiak egiteko haren etxera eramaten gintuenetan, ailegatu eta egiten zuen aurreneko gauza izaten zen atea giltzaz ixtea eta giltzak galtzetako poltsikoan gordetzea...», oroitu du Enarak: «Giltzaz itxita egoten zen sarraila». Haren kontrolpean. Orain hamar bat urteko gomutak dira. Neska gazteak ziren orduan: 18 bat urte zituzten. Biak izan zituzten esperientzia txarrak argazkilariarekin, baina urteak egin zituzten pentsatzen kasu bakanak zirela: bakarrik zeudela. Orain bost urte izan zuten kexak zituzten beste hainbat andreren berri, eta, haiekin solasean hasita, berehala ulertu zuten jokatzeko era antzekoa erabiltzen zuela beti argazkilariak: «Estrategia beti bera zen». Erretratugilearen kontra salaketa jarria duten hamasei andreetako bi dira.

Aparteko bueltarik ez zioten eman Cabezudorekin egin zuten lehen kontaktuari. Enara:«Garai hartan, Tuenti zegoen boladan, eta nirekin ikastolara jondako neska batek jarri zituen Tuentin argazki batzuk oso politak, estudio batean egindakoak. Esan egin nion: 'Zer argazki politak'. Eta azaldu zidan bazegoela Donostian argazkilari bat ari zena webgune bat eratzen, eta egiten zituela moda argazkiak... Neska gazteekin aritzen zela; tratu antzeko bat egiten zutela, berak laguntzen ziela modelo jarduten, eta horrela berak bere webgunea betetzen zuela. Idazteko esan zidan: haren helbidea eman zidan». Antzera Ane: gustatu zitzaizkion argazki batzuen bidez heldu zen argazkilariarengana, eta, printzipioz, dena iruditu zitzaion normala, egokia. «Ikusi nuen lan egiten zuela First Models agentziarekin, begi politak aukeratzeko lehiaketa batean ere ibiltzen zela... Ezaguna zen». Gainera, haren webgunera begira —Fotokoma, horixe zuen izena— ezin susmo txarrik hartu: «Argazki normalak ziren; ez zegoen ez biluzirik ez deus».

Lehen saioak ongi joan ziren. Enara: «Jokatu zuen guztiz profesionala balitz bezala. Jardun zidan kontatzen, esaterako, argazkiak egin izan zizkiela telebistan agertzen diren pertsona ezagun askori». Ane: «Kontuan hartu behar da mundu horrekin genuen lehen harremana zela gehienontzat: ez dakizu zer-nola egiten den lan». Berehala ikasi zuten lehen lezioa: behin argazkiak egiten hasita, Cabezudok hartzen zuen aginte osoa. Kontrola.«Berak esaten zidan dena: nola mugitu, begirada bat nola bota behar nuen, edo hatz bat noiz mugitu... Dena», azaldu du Enarak. Orok zirudien, ordea, «nahiko normala» oraindik. «Egia da gero eta arropa gutxiago neramala, baina berak dena kamuflatzen zuen: normala zela esaten zuen, ez zitzaidala ezer ikusten, beti horrekin jolasten zuen. Manipulatzeko estrategia oso sotilak erabiltzen zituen». Bat dator Ane: oro zen lausoa oraindik, baina gero eta nabarmenagoa. «Etortzen zitzaizun, adibidez, esanez: 'Jarri eskua horrela'. Eta ukitu egiten zintuen. Edo olioa ematen zizun....». Gero ibili da beste argazkilari batzuekin lanean. Eta orduan ikusi du argi aldea: «Hori ez da normala».

Erregea bailitzan

Argazkilariak bazuen inguruan ospe bat, ordea, eta zaildu egiten zuen horrek susmoak hitz bihurtzea. Hark eskatuta, festa batera joan zen behin Enara. Donostiako Bataplan dantzalekuan izan zen: hanpa-hanpa eginda ikusi zuen Cabezudo. «Han erregea zen», gogora ekarri du. «Neska guztientzat zen modeloen argazkilaria, eta denek izan nahi zuten haren faboritoa: Koma Neska. Egun hartantxe, jai hartan, neska gazte bati Koma Neska saria eman zion: oso-oso gaztea zen. Ni baino gazteagoa zen, eta nik orduan 18 urte inguru nituen... Baina, tira, neska haren ama ere han zegoen: denak normala zirudien».

Enarak lau saio egin zituen guztira Cabezudorekin. «Bi izan ziren haren estudioan; bi etxean». Anek urtebete inguruan jardun zuen harekin argazkiak egiten. Bat datoz biak: neskak etxera eramaten hasten zenean, mugak apurtzera bultzatzen zituen, eremu berrietara. Ane: «Han hasi zitzaidan modelo biluzien argazkiak-eta erakusten, eta izen ezagunak aipatzen. Nik, hasieran, ez neukan horrelakorik egiten hasteko asmorik...». Bultzatu egiten zituen: liburu baterako zirela kontatzen zien, edo ez ezagutzeko moduan agertuko zirela irudietan. Eta deus txarrik ez zegoela, jakina. Enara: «Esaten zidan modeloek tankera guztietako argazkiak egiten zituztela: biluzik, gala jantzian, linjeriarekin... Dena zela normala. Irakasle rol horretan sartzen zen; bazirudien horretan ere irakatsi behar zigula».

Behin argazkiak egiten hasita, joera beti bera zen. Bat datoz biak: «Gero eta arropa gutxiago, gero eta arropa gutxiago, gero eta arropa gutxiago». Hurbiltzen ere gero eta usuago oroitzen du Enarak: «Igual etortzen zen zure ondora, esanez oso ondo zeundela, baina kamiseta mugitu behar zizula... Oso sotila dena. Une hartan ez zitzaidan arraroa iruditu: orain bai». Azken saioan egin zuen gainezka: «Gogoan dut soineko bat besterik ez neramala soinean, eta etengabe ari zen: igotzeko eta igotzeko. Gero ohean etzanda ere eduki ninduen, eta hor ere, berdin... Ni sentitu nintzen oso deseroso. Iruditu zitzaidan gero eta sexualagoa zela dena: ez zitzaidan gustatu. Egun hartan negarrez atera nintzen haren etxetik; ez dakit haren aurrean negar egin nuen, baina jaitsi nintzen eskaileretan behera negarrez». Ez da gehiago egon harekin. «Berriz idatzi zidan esanez itzultzeko; ezetz esan nion, oso gaizki sentitu nintzela azkeneko saioan, eta ez nuela nahi. Azaldu zidan lasai egoteko, argazki guztiek ez zutela horrelakoak izan behar, baina ez nintzen gehiago joan». Anek harremana eten zuen argazkilariak bideo bat grabatu ostean. «Masaje bat egingo genuela kontatu zidan, spa baten gisako zerbait; promozio baterako-edo zela azaldu zuen. Anda batean etzateko esan zidan. Orain pentsatzen dut, eta bai tuntuna izan nintzela!». Abusuak egin zizkion. «Buruz behera jarri nintzen, eta hasi zen masajea ematen. 'Eman buelta', esan zidan. Eman nuen buelta, eta hor ja ukitu zidan gorputz osoa; nahi izan zuen guztia. Ez nekien zer egin. Gainera, haren etxean. Eta nik 18 urte. Orain pentsatzen dut, eta...».

Inolako kontrolik gabe

Biek eten zuten harremana argazkilariarekin, baina hark bi nesken argazkiak sarean jartzen jarraitu zuen: nolanahi. Horietako asko ikusi zituzten, gainera, ordura arte ezagutzen ez zuten plataforma batean: koko architves izenekoan. Argazki erotiko eta pornografikoetarako erabiltzen hasi zen Cabezudo. Eta neskek ezagutzen ez zituzten beste hainbat plataformatan ere hasi ziren irudiak agertzen. Beren irudiarekiko kontrola guztiz galdua zutela sentitu zuten: Interneteko anabasan galduta zeudela. «Poliki-poliki hasi ginen gure argazkiak ikusten beste webgune batzuetan, gure izenak beste alfabeto batzuekin idatzita...», azaldu du Enarak. Edonon; edonola. Esaterako, porno star erreklamodun webguneak dituzte gogoan, hainbat hizkuntzatan idatzita. Horri lotuta, egoera deseroso asko izan dituztela onartu du Enarak: «Norbait ni begiratzen ikusi, eta pentsatu: 'Hara! Honek ikusiko zituen jada argazkiak'».

Cebezudok horren kontrako kexuei ez ziela erantzuten esan dute biek. Ane: «Nik esan nion argazkiak kentzeko. Zera erantzun zidan: 'Zuk argazkiak egin zenituen, bazenekien zer egiten zenuen...'». Inoiz ez zuela kexarik serio hartu iruditu zaio, are gehiago, boterea erakusteko erabiltzen zituela. «Esaten zenion argazkiak kentzeko, eta erantzuna: 'Egingo dut ahalegina'. Baina gero igual jartzen zituen beste bi, eta oraindik ere erotikoagoak, gainera».Trikimailuekin erantzuten zuela sentitu zuen Enarak ere. «Idatzi nion esanez gutxienez kentzeko nire izena argazkietatik: jartzeko beste baten izena. Gutxienez, uste nuen hori egin zezakeela. 'Bale, oso ondo', erantzun zidan: hasi zen nire argazkiak jartzen beste izen batekin, baina, hala ere, nire izena mantentzen: bi modelo izango balitu bezala». Horiek horrela, behin kexa eginda, argazkilariak oraindik ere argazki gehiago aterako zituen kezka izan zuten sarri: ikara. Enara: «Gehienon beldurra izan da jende guztiak gure argazkiak ikustea. Familiek-eta». Gai zail bat dira gehienentzat sendiak: «Familia askok ez dakite deus, orain ari dira enteratzen».

«Formalitate» hutsa

Bakarrik egin zituzten biek urte ugari: bakarrik zeudela pentsatzen, eta jazotakoaren «lotsaren eta erruaren» zamarekin. Halaxe sentitu zuen Anek urte askoan, eta halaxe kontatu diote orain beste emakume askok ere. «Jende gehienak pentsatu izan du berari gertatu zaiola, eta listo. Pentsatzen duzu: 'Bada, honexekin bizi beharko dut tuntun bat izan naizelako'». Biek onartu dute kontratu bat izenpetzen zutela saioak egin aurretik, baina horri buruzko inolako azalpenik ez ziela eman inoiz argazkilariak. Ane: «Formalitate bat zela esaten zigun». Kontratu horiekin nesken borondatearen jabe egiten zela sentitzen dute orain. «Orain ulertu dugu irudi horiekiko eskubide infinituak zituela sinesten zuela: infinituak, eta bizi osorako. Aprobetxatzen zuen neska oso gazteak ginela, inoiz ez genuela lanik egin beste argazkilari batzuekin». Ondoren egindako lanetan, produktuarekiko kontrola izan dezaketela sentitu du. «Egiten dituzu hainbat argazki, eta gero zuk modua duzu aukeratzeko zein erabiliko diren». Komunikazio joria izan du halakoetan.

Biek estimatzen dute salaketa aurrera eramateko babesa eman dien abokatuaren laguntza: «Harexekin hasi ginen tunelaren amaieran argi izpi bat ikusten». Nolanahi ere, epaitegietako bidea ez da erraza izaten ari; bost urteko instrukzio luzeak eta kasuaren inguruko isiltasunak nekea eragin diete. Jarrera aldaketa sentitu dute orain instrukzioa hartu duen epaile berriarekin —aurrekoaren kontrako kereila ugari jarri ditu emakumeen abokatuak, eta horietako bat onartuta, erretiratu egin zuten kasutik aurreko epailea—, baina epaitegian zikin sentiarazi dituzte hainbatetan. «Nolabait ere, esaten ariko balira bezala: 'Hara, urdanga hauek. Nahi zuten guztia egin zuten gazteak zirenean, eta orain aprobetxatu egin nahi dute agure gaixo honetaz'», azaldu du Enarak. Maiatzaren 5etik kartzelan dago Cabezudo, eta, orain, hitza hartzea errazagoa dela onartu dute. Izan ere, gero eta argiago dute haren jokatzeko era: guztiz manipulatzailea. Ane: «Joaten da kontrolatzen bakoitzaren nortasuna, bakoitzaren mugak... Plazera horrexek ematen diola esango nuke: manipulatzen ari dela sentitzeak, pixkanaka gero eta gehiago eskatu, eta lortzen duela ikusteak. Boterea gustatzen zaio: agintea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.