Helena Sola. OMCTko aholkularia

«Espainian ez dago ikerketa eraginkorrik»

OMCTko kideak tortura salaketak behar bezala ikertzearen garrantzia nabarmendu du; bestela, «krimen» horiek zigorgabe geratu eta berriz gertatzeko arriskua dagoela dio.

Hodei Iruretagoiena.
2016ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Abokatua eta OMCT Torturaren Aurkako Mundu Erakundeko aholkularia da Helena Sola (Bartzelona, 1983). Babes mekanismoak zaintzeko lantaldean dihardu, eta torturaren aurkako Latinoamerikarako programan koordinatzaile aritu da 2013tik. Ezagutzen du Euskal Herriko egoera ere; aholkulari gisa ari da Eusko Jaurlaritzaren Tortura 1960-2013 proiektuan, eta Donostian izan zen ekainean, torturari buruzko EHUren udako ikastaroetan.

Donostian torturari buruz izan zen kongresuan aipatu zenuen prebentzioa, ikerketa, zigorra eta erreparazioa banaezinak direla. Zer harreman dago prebentzioaren eta ikerketaren artean?

Estatuek neurri batzuk hartzen dituzte torturaren prebentziorako, CPT Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak eta Istanbulgo Protokoloak zehaztutakoak. Neurri horiek, oro har, ondo ezarri litezke, baina badakigu beti egongo direla gehiegikeriak, nahiz eta sistema oso ona izan —ez da Espainiako Estatuaren kasua—. Izan liteke kasu bakan bat, baina gertatzen denean, biktimak sarbidea izan behar du prozesu eraginkor batera eta erreparazio osora. Eta sistemaren ikuspegitik ere, estatuak azalpenak modu demokratikoan eman ditzan, ikertu egin behar dira halako egoerak.

Hor dago lotura: ikerketa ez bada modu independente, eraginkor, inpartzial eta azkarrean egiten, krimen hori zigorgabe geratzeko aukera handiagoa da. Hala, egile material eta intelektualei jazartzen ez bazaizkie, zein da gizarteari bidaltzen diozun mezua? Tortura berriz gerta daitekeela.

Zein gabezia ditu Espainiako Estatuak torturen ikerketan?

CPTk hitz gogorrak erabili zituen Espainiari buruz iaz egindako txostenean. Hor aipatzen dute ez dela behar bezala ikertzen, eta horrek inpunitatea sustatzen duela. Hainbat gabezia daude, baina arazo nagusia da ez dagoela ikerketa eraginkorrik. Eta hori, askotan, lotua dago Istanbulgo Protokoloa ez ezagutzearekin eta prozesu eraginkor baterako mekanismo independenterik ez egotearekin. Hori sententzia eta gomendio guztiek aipatzen dute.

Eta epaileen jokabidea?

Bai, hori ere hor dago: defentsak eskatutako froga asko ukatu egiten dira, defentsak eskatu gabe, epaileak berak egin behar lituzkeenean. Nazioartera heldu diren kasu guztietan, ez ziren aintzat hartzen Istanbulgo Protokoloarekin egindako azterketa mediko eta psikiatrikoak. Hori oso kezkagarria da.

Gero, inkomunikazioaren arazoa dago. Azken azterketan, Espainiaren ordezkariek esan zuten ez zirela aplikatzen ari, baina hor dago. Inkomunikazioaren aplikazioa murriztu bada, testuingurua aldatu delako murriztu da, ETAren indarkeria eten delako. Baina beste testuinguru batzuk ere badaude: nazioarteko terrorismoa edo terrorismo jihadista, adibidez.

Auzitegi Gorenak baliogabe utzi du Auzitegi Nazionalaren epai bat, auzipetuetako bati ez ziotelako onartu Istanbulgo Protokoloa ezartzea. Haren aurkako froga inkomunikazio aldiko deklarazio bat zen. Pauso bat al da?

Horrek eta beste zantzu batzuek erakusten dute irekiera bat badagoela. Jaurlaritzaren ikerketa ere hor dago. Kontuan hartu behar dira testuinguru politikoa eta nazioarteko presioa ere, baina badaude zantzu batzuk. Begira [Jose Ricardo] De Prada epailearen kasua; epaile batzuek borondatea dute nazioarteko gomendio eta betebeharrak aztertzeko, arazoa onartzeko. Osasuntsua eta beharrezkoa da gizarte gisa kasu horiek ikertzea, betebehar konstituzionala izateaz gain. Gorenaren sententzia horrek ate bat irekitzen du torturapean lortutako frogak onartezintzat hartzeko. Hori nazioarteko zuzenbideko araua da; horrekin ezin da jolastu. Espainian salbuespena da, noski, baina ikusten da behintzat borondate bat, nahiz eta gutxiengo batena izan. Tortura sistematikoki ukatu bada, ez da erraza horma hori haustea.

Nekane Txapartegiren kasuan, salaketa publikoa egin duzue.Zergatik salatu zenuten kasu jakin hori? Zer garrantzia du?

Kasua paradigmatikoa da. Kanpaina bat martxan da Suitzan, eta horrela izan genuen haren berri. Eusko Jaurlaritzaren ikerketan ere jasoa dute. Nahikoa zantzu daude Espainiari eskatzeko kasu hori berriz zabal dezala. Epaileek dute eskumena hor, baina ez die haiei bakarrik eragiten; estatuari berari eragiten dio, estradizio bat eskatzen ari delako. Eskatu genuen ez estraditatzeko, frogatzen bada ez dela bermatu prozesu justu baterako eskubidea. Suitzak jarria dauka hori estradizio protokoloetan. Eta garrantzitsua da testuingurua ere: ez da kasu bakan bat.

Espainiako Estatuak erantzun du salaketa behar bezala ikertu zela. Zein aukera ditu Suitzak?

Estraditatzekotan, baldintza gisa jarri behar luke kasua berriz irekitzea. Sakon ikertu behar da tortura salaketa, edo, bestela, Suitza nazioarteko betebeharrak urratzen ariko litzateke. Informazioa eskatu zuten, eta, orain, erabaki behar dute Espainiak dioena aski den edo ez. Suitzak ikerketa bat egin dezake tortura salaketaren inguruan: baditu bide diplomatikoak, eta hirugarrenek pasatutako informazioa ere erabil dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.