Puigdemont: «2017ko urria historia hurbileko unerik beltzenetako bat izan zen»

155.ari buruzko ikerketa batzordean deklaratu dute Puigdemontek, Boyak eta Rovirak. Gertatutakoa «estatu kolpea» izan zela salatu dute

Carles Puigdemont presidente kargugabetua deklaratzen, atzo. QUIQUE GARCIA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Kataluniako Parlamentuko 155. artikuluari buruzko ikerketa batzordean deklaratu zuten atzo erbestean dauden hainbat buruzagi subiranistek bideokonferentzia bidez; besteak beste, Carles Puigdemont presidente kargugabetuak eta Mireia Boya CUPeko diputatu izandakoak.

Puigdemont izan zen hitza hartzen lehena. Presidente kargugabetuak salatu zuen 2017ko urrian gertatutakoa «historia hurbileko unerik beltzenetako bat» izan zela. «Espainia garai ilunetara itzuli zen urri hartan».

Orduan, Alderdi Popularreko Mariano Rajoy zegoen presidente karguan, eta 155. artikulua ezarri zuen sozialisten babesarekin; bada, hori «estatu kolpe bat» izan zela gaitzetsi zuen Puigdemontek, eta gogorarazi egun Espainiako Kongresuan esertzen direla haren zeharkako eta zuzeneko erantzuleak. «Mendeku bat izan zen. Ez independentisten aurka, zazpi milioi katalanen aurka baizik».

Puigdemontek adierazi zuen 155.a ezartzeko erabakia «aurrez» hartu zela, eta zehaztu«garai berrietako estatu kolpe baten antolaketa» izan zela: «Konstituzioak berak baimentzen duen muga gainditzea erabaki zuen Espainiak». Buruzagi subiranistak gogorarazi zuen konstituzioa idatzi zenean argi utzi zutela 155. artikuluaren helburua ez zela gobernuak kargugabetzea edo parlamentuak desegitea: «Artikulu horrek ez ditu botere mugagabeak ematen».

Puigdemontek ohartarazi zuen oker daudela 155.a berriz ezartzeko eskatzen dutenak, eta «xenofoboa» dela inoren aurka egitea Katalunian bizitze hutsagatik. Azaldu zuen hauteskundeetara deitzea erabaki zuela jazarpena etetearen, Espainiako Polizia Kataluniatik joatearen eta zigor ekonomikoak kentzearen truke. «Baina Rajoyren gobernuak ez zuen eskatutako berme bakar bat ere eman, eta, egoera horretan, independentzia aldarrikatzea zen irtenbide bakarra».

Konstituzioaren aurka

ERCko idazkari nagusi Marta Roviraren esanetan, gertatutakoak argi utzi zuen trantsizioa ez zela egiazkoa izan: «Mezua argia izan zen: edo Konstituzioa gure irakurketaren arabera betetzen duzue, edo zuen aurkako neurriak hartuko ditugu».

CUPeko Mireia Boyak adierazi zuen erreferenduma egin izana garaipentzat jo behar dela. Alabaina, era berean, kritikatu egin zuen hainbat adituk osatutako batzordeak mobilizazioak bertan behera uzteko eskatu izana: «Aurrera egiteko aukera genuen desobedientziaren bidetik. Indarkeria ez da inoiz jasaten dutenen errua, eragiten dutenena baizik».

Boyak ohartarazi zuen egoerak bere horretan jarraitzen duela. «Ez daukagu estrategia partekaturik eta, horrek ahul uzten gaitu estatuarekin negoziatzeko orduan. Herriaren indarra berreskuratzeak behar du orain gure helburua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.