Kataluniako hauteskundeak. Auzibideak

Puigdemonten aurkako ikerketa ere bere gain hartu du Gorenak

Pablo Llarena epaileak baliogabetu egin ditu Auzitegi Nazionalak presidentearen eta bost kontseilarien aurka jarritako euroaginduak. Bueltatuz gero, atxilotu egingo lituzkete

Rull eta Turull, atzo, ekitaldi batean, Puigdemont, Puig, Ponsati eta Comin bideokonferentziaz agurtzen. TONI ALBIR / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Kataluniako Gobernuko kideek ustez egindako delituek —matxinada, sedizioa eta diru publikoaren erabilera okerra— «izaera plurisubjektiboa» dute, Pablo Llarenan esanetan. Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak joan den azaroaren 24an hartu zuen bere gain kausa guztiaren kontrola, eta ikertu guztiek delituak «era bateratuan» egin zituztelakoan dago. Horregatik, abenduaren 21eko hauteskundeetarako lehen kanpaina egunean, Carles Puigdemont presidentearen eta bost kontseilarien kontra Auzitegi Nazionaleko Camen Lamela epaileak joan den azaroaren 3an ezarritako euroaginduak baliogabetzea ebatzi du. Belgikako lehen auzialdiko epaile bat ari zen horien kontrako auzia ikertzen, eta hilaren 14an zen ebaztekoa estradizio eskaera onartu ala ez. Llarenak atzo kaleratu zuen ebazpenaren autoa, eta auziari «erantzun bateratua» eman ahal izateko inputatu guztiak auzitegi berak ikertu behar dituela argudiatu du. Belgikako justiziak kendu dizkie kautela neurriak.

Baina bozetarako Junts Per Catalunyaren zerrendaburua izanagatik, Puigdemontek ez du Belgikako erbestetik itzultzeko asmorik. Halaxe jakinarazi du Paul Bekaertek, haren defentsako abokatuetako batek. Bederatzi orrialdeko autoan jasotakoaren arabera, euroaginduak eta nazioarteko atxilotze aginduak bertan behera utzi ditu magistratuak, bai, baina, Espainiara itzuliz gero, Puigdemont eta Antoni Comin, Clara Ponsati, Meritxell Serret eta Lluis Puig atxilotzea aginduko luke.

L'Echo Belgikako egunkariak Bekaert elkarrizketatu zuen atzo, eta hark argi dauka Llarenak zergatik egin duen hautu hori: «Espainiako epailea beldur da Belgikako erabakiak ez ote dituen ezberdintasun onartezinak edukiko Espainian, egun, espetxean dauden independentisten epaiketarekin parekatuta». Izan ere, Belgikako Zigor Kodeak ez ditu jasotzen sedizio eta matxinada delituak Espainiakoak bezala, eta, beraz, gerta zitekeen Belgikako epaileak, fiskaltzak eskatu bezala, estradizio eskaera onartzea, baina soilik diru publikoaren erabilera okerraren delitua onartuta, sedizioarena eta matxinadarena baztertuta. Kasu horretan, inhabilitatuz zigortuko lituzkete.

Hori guztia kontuan hartuta, Jaume Alonso-Cuevillas Puigdemonten defentsako beste abokatuetako batek adierazi zuen, atzo, Llarenak erabakia hartu duela nazioartean «irrigarri ez geratzeko»; gehitu zuen, gainera, «normalena» litzatekeela Belgikak kasua artxibatzea. Llarena magistratuak berak ondokoa dio autoan: «(...) posible denez eskaera egin zaion estatuak [Belgikak] atxilotze aginduak partzialki ukatzea (...) zeinak zailduko luke kausen bateratzeari erantzun homogeneoa ematea (...)».

Haren esanetan, Lamelak atxilotze aginduak ezarri zituenarekin konparatuta, diferentea da egoera. Eta hori justifikatzeko, Belgikan erbesteratutakoak bozetan hautagaiak izango direla dio. «Hautagai izateko aurkeztu direnez, auzipetuek Espainiara itzultzeko intentzioa agertu dutela dirudi».

Oraingoz, ordea, eta abokatuen hitzak aintzat hartuta, ez dute horretarako asmorik. Puigdemontek behin baino gehiagotan nabarmendu izan du bi arrazoirengatik jo zuela Bruselara. Batetik, ez zelako Espainiako justiziaz fio; eta, bestetik, Kataluniako auzia nazioartekotzea asmo zuelako. Azkenean, baina, ez dute Belgikan epaituko. Hango justiziak kendu dizkio azaroaren 5ean aurrenekoz deklaratu zuenean instrukzio epaile batek ezarritako kautela neurriak. Presidenteak eta kontseilariek ezin izan dute Belgikatik atera azken hilabetean; beren bizitokiaren berri eman behar izan dute; eta hala exijitu dietenean epaitegi batera aurkeztu behar izan dute.

Zenbait iturriren arabera, ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek biharko Bruselan deitutako manifestazioan parte hartzekoak dira Puigdemont eta kontseilariak. 11.00etan hasiko da, eta Wake Up Europe (esnatu Europa) lelopean, Kataluniarentzat demokrazia eskatuko dute.

Forn eta Sanchez

Joaquim Forn kartzelan mantentzea erabaki zuen, herenegun, Llarena epaileak. Baina, Kataluniako egunkari batek atzo argitaratutakoaren arabera, Kataluniako Gobernuko Barne kontseilariak idatzi bat bidalio dio Gorenari, berriro«ahalik eta azkarrena» deklaratu nahi duela jakinaraziz. Horretan dioenez, Llarenari, aurrez, deklaratzeko eskatu zionean, auzian guztiz sakontzeko asmoarekin egin zuen, baina epaileak haien egoera pertsolaz soilik galdekatu zituen. Jordi Sanchezek ANCko buruak ere berriro deklaratu nahi du, eta Oriol Junqueras Kataluniako presidenteordeak kartzelaldiaren kontrako helegitea jarriko du

Jordi Turull eta Josep Rull dira aske geratutako sei kontseilaretako bi, eta atzo, Junts Per Catalunyaren ekitaldi batean esan zuten Espainiako Estatuak ez duela lortu haiek «umiliatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.