Parisek 190 milioiko murrizketa ezarri die hedabide publikoei

France 4 eta France O itxiko dituzte, baina tokian tokiko eskaintza bi orduz luzatuko da egunero

France3 Euskal Herri telebista emanaldiaren aldeko elkarretaratzea, joan zen irailean, Baionan. BOB EDME.
Edu Lartzanguren.
2018ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Frantziako hedabide publikoek aspaldi zuten buruaren gainean murrizketa handi baten ezpata, baina azken orduetan heldu da behin betiko zenbakia: 190 milioi euro aurreztu beharko dituzte 2022 bitartean. Erabakiaren lehenengo biktimak France 4, eta France O kateak izango dira, itxiko baitituzte 2020rako. France 3k tokian tokiko saioei eskaintzen dien denborarentzat, ordea, hobeak dira albisteak: aurrerantzean sei ordu emango dituzte orain egunean bi orduko emanaldiak egiten dituzten 24 guneetan.

Edouard Philippe ministroak egin du iragarpena. France Televisions erakundeak 160 milioi euro aurreztu beharko ditu: hau da, aurten izan duten aurrekontuaren %6. Radio Franceri hogei milioi murriztuko dizkiote, eta gainerakoa Arte, TV5Monde eta gainerako kateei. Ematen duena baino handiagoa da murrizketa, aipaturiko zenbakietan ez baita kontuan hartzen soldatak automatikoki igotzen direla inflazioaren arabera.

Itxiko duten France 4 kateak entretenimendua eta gazteentzako saioak eskaintzen ditu. Haurrentzako saioak beste kateetan eta Interneten emango dituzte, umeek tabletetan ikusteko. Itxiko duten besteak —France O— itsasoz haraindiko herrialdeei begira egiten du lan. «Ikusle kopuru txikiegia du; funtzionatzen ez duen kate ghetto bat da», esan du Françoise Nyssenen Kultura ministerioak. Iragarri du telebista publikoaren beste kateetan txertatuko dituztela itsasoz haraindiko herrialdeentzako saioak.

Bi ordutik sei ordura

Tokian tokiko saioei eskainitako denbora hirukoiztu egingo dute. Parisek esan duenez, telebistetako langileek «estuago» egin beharko dute lan France Bleu irratiarekin. Batzuk kexatu egin dira dagoeneko, «irrati filmatua» egin beharko dutelakoan.

Ez dago argi Erabakiak zer eragin izango duen France 3 kateak Euskal Herrian duen programazioan. «Oraingoz, ez dakigu ezer, ez baitzaigu heldu inongo informaziorik», esan du Andde Irosbehere France 3ko langileak. Baionako erredakzioan badakite, ordea, Frantziako telebista publikoak kate bat sortu asmo duela Akitania Berria eskualde berrirako. Interneten bidezko katea izango da, NOA izenekoa. «Euskal Herriari buruzko tarteak hirugarren katean ematen dituzte, eta hor, oraingoz, ez da aldaketarik egongo», gaineratu du Irosbeherek. «Ez dut espero tartea handitzea, are gutxiago euskarari eskainitakoa».

Gaur, zazpi minutuko albistegiak egiten dituzte egunero Baionan, France3n emateko. Horrez gain, erreportaje magazin bat ematen dute larunbat gauetan, eta euskarazko Txirrita saioa, hiru igandetik batean.

Narbonako Udalak (Okzitania) okzitaniera eta katalana telebistan «egunero erabiltzeko» eta «benetako berdintasuna» ezartzeko eskatu zion ekainaren 5ean Frantziako irrati-telebista publikoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.