'Streaming' plataformen parte hartzea negoziatzen ari da FesTVal

Gasteizko telebista jaialdiak entretenimenduaren aldeko apustua indartuko du, irailaren 2tik 8ra

Joseba Fiestras, Gorka Urtaran eta Martin Fiz, atzo, FesTVal jaialdiaren aurkezpenean. JON RODRIGUEZ BILBAO / EFE.
urtzi urkizu
2019ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Gasteizko FesTVal jaialdiak 11. aldia ospatuko du irailaren 2tik 8ra, eta, Joseba Fiestras zuzendariak atzo esan zuenez, «sorburuko oinarrietara» itzultzeko asmoa dute. ETBk, TVEk, Atresmediak, Foxek, Discovery Maxek eta Movistar+ek baieztatu dute Arabako hiriburuan izango direla saio berriak aurkezten —Mediasetek ez du parte hartuko, aurreko bost urteetan bezala—. Horrez gain, jaialdiko zuzendaritza streaming bidezko hainbat plataformarekin negoziatzen ari da, beren proiektu berriak Gasteizen aurkeztu ditzaten. Tartean dira Netflix eta HBO. Iazko udan, Netflixek parte hartuko zuela zabaldu zen, baina azkenean ez zen halakorik gertatu. Aurten akordioa hurbilago egon daitekeela iradoki du jaialdiak.

ETBk hainbat ekitaldi prestatuko ditu jaialdian: ETB2ko saio baten aurrestreinaldia, ETB1eko programa baten inguruko ekitaldia, eta udazkeneko programazioaren aurkezpen orokorra. Jardunaldi profesionalen antolaketan ere parte hartuko du ETBk.

Berrikuntza teknologikoek, bestalde, toki berezia izango dute aurten Gasteizko jaialdian: Lavinia ekoizpen etxeak antolatuta, mahai inguru bat egingo dute ahots lagungailuen inguruan. TVEko eta beste plataforma batzuetako ordezkariek alor horretan egiten ari diren saiakeren berri emango dute.

Jaialdiko beste ekitaldi batean, telebista formatuen musika ekoizpenaz mintzatuko dira. Music Libraryk antolatuko du. Gidoilarien topaketa bat ere egingo dute Arabako hiriburuan.

Berdintasun saria TV3i

Aurreko urteetan bezala, jaialdiko jardunaldi guztiak doakoak izango dira — izena eman behar da www.festval.tv webgunean—.

Aurten, Mikel Urmenetak egin du jaialdiko kartela. Telebistaren aurrean biltzen den audientziari egiten dio erreferentzia, umore ukitu batekin.

Ohiko moduan, jaialdian hainbat sari emango dituzte. Horien artean, Cima zinemako eta ikus-entzunezko hedabideetako egile emakumezkoen elkarteak berdintasunaren saria emango dio TV3 kateko Les de l'hoquei telesailari. Lan hori unibertsitateko proiektu gisa sortu zuten, eta arrakasta lortu du kate katalanaren prime time-an. Epaimahaiak nabarmendu du «bokazio feminista argia» duela, emakumeek idatzia eta zuzendua dela, eta genero ikuspegitik lantzen dituela immigrazioa, sexu nortasuna eta nerabetasuna. Nesken hockey talde baten istorioa kontatzen du. Saria irailaren 7an emango diote saioari.

Ruperta sariekin, bestalde, formatu berriak sustatu nahi ditu jaialdiak. Ehun hautagai baino gehiago aurkeztu dira, eta irabazlea kaleko lehiaketa bat izan da—duela aste batzuk grabatu zuten, Gasteizen, Miguel Martin aurkezlearekin—.

Ponle Freno lasterketak istripuetako biktimak gogoratuko ditu. Martin Fiz parte hartzaileak entrenatzen ari da egunotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.