Txinaren pisua gorantz doa

Txinako 'streaming' plataformak gorakada nabarmena izaten ari dira azkeneko urteetan. Tencent, iQuiyi eta Youku artean, munduko harpidedunen %39 bereganatzen dituzte.

Txinaren pisua gorantz doa.
urtzi urkizu
2019ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Datu demografikoa seinale esanguratsu bat da: Txinak 1.400 milioi biztanle baino gehiago ditu. Baina, duela bost urte ere, txinatarren kopurua antzekoa zen, eta ikus-entzunezko plataformen artean zeukaten pisua ez zen hain handia. 2018an, berriz, Txinako hiru streaming plataforma handienek mundu mailako harpidedun kopuruetan toki esanguratsua bereganatu dute. Geca ikus-entzunezko aholkularitza enpresak eman dituen datuen arabera, munduko streaming zerbitzuetako harpidedunen artean %15 Tencent Videorenak dira; beste %15, iQuiyi-renak (Baidu erraldoiarena da ataria); eta %9, Youkurenak. Txinako hiru plataforma horiek sekulako gorakada izan dute azkeneko hamarkadan.

Tencent Videok 89 milioi harpidedun ditu, eta Txinako liderra da. 2017. urtean, inbertsio garrantzitsuak egin zituen ikus-entzunezko edukietan, eta irabazietan %61eko gorakada izan zuen. Harpidetza ez da garestia, gainera: hilean bi eurokoa da.

iQuiyi plataformaren datuak ere ez dira batere txarrak: hilean 500 milioi erabiltzaile ditu, eta hilean plataformaren edukiek dituzten ikustaldiek sei mila miloi ordu pilatzen dituzte. 2015ean, ekoizpen propioak bikoiztu egin zituen. Eta, 2017an, Netflixekin akordio batera iritsi zen; horri esker, AEBetako plataformaren edukiak Txinako atarian estreinatzen dituzte, beste herrialdetara iristen diren egun berean. Tencent Videoren harpidedun kopuruetatik hurbil dago.

Youku, berriz, Youtuberen alternatiba txinatar gisa sortu zuten. Nahiz eta azkenaldian indarra galdu duen, asmatu du joera berrietara egokitzen. Gaur egun, ez da erabiltzaileen bideo plataforma soil bat; premium zerbitzua eskaintzen du, eta, katalogoan, bereizmen handiko telesail eta film ospetsuak ditu (ingelesezko eta txinerazko azpidatziekin).

Plataforma horietako gehienek blokeatua dute konexioa Txinatik kanpo. Ikusteke dago zer zabalpen izan dezakeen beste herrialdeetan blokeo hori kenduz gero. Bestetik, badira beste plataforma txinatar batzuk herritarren aktibitatea zabaltzeko sortu direnak; Txinako streamer-ak biltzen dituzte Meipai, Kuaishou, Yizhibo eta Tmall Live plataformek. Streaming emankizunen sektorea %40 hazi zen iaz Txinan.

Netflix ahultzen hasi da

Geca enpresaren datuen arabera, 2014. urtean Netflixek munduko streaming plataformetako harpidedun guztien %53 zituen. Nahiz eta plataformak mundu osoan 151,6 milioi harpidedun dituen, ehuneko hori %24ra jaitsi da. Lau urtean gertatu den beherakada horretan, Txinako atarien kopuruek eragina izan dute.

Amazon Prime Videoren ehunekoa ere txikiagotu egin da: 2014an, mundu osoko harpidedunen %17 zituen. Eta, iaz, %13.

Datozen hilabeteetan, bestalde, plataforma berriak sartuko dira merkatuan: Disney+ plataformak azaroaren 12an ikusiko du argia AEBetan. Udazkenean iritsiko da Apple konpainiaren AppleTV+ zerbitzua ere. Warner Mediaren zerbitzua 2020an iritsiko da.

Iristear diren lehiakide handi horiek ikusita, Netflixek haurren edukiei zuzendutako StoryBots marka erosi zuen udaberrian. Edukietan ere inbertsio handiak egiten ari da plataforma. Baina, asteon eman dituzten datuen arabera, AEBetan harpidedunak galdu ditu azkeneko hiruhilekoan —lehen beherakada, 2011. urtetik—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.