Diru tontorra Bushentzat

'Stranger Things' telesailak boladan jarri du Kate Bushen 1985eko 'Running Up That Hill' kanta. Audio plataformetan goia jo du: abeslaria dirutza egiten ari da kantaren eskubideei esker.

Kate Bush, 2014ko kontzertu batean. 35 urtez egon zen oholtzara igo gabe. Haren kantak boladan daude berriz. BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Kate Bush Ingalaterrako kantaria (Bexleyheath, 1958) boladan da, bere ibilbide osoan izan den baino gehiago. Fenomeno globala bilakatu da haren Running Up That Hill (Mendi horretara igotzen) abestia (1985), Stranger Things telesailaren eraginez.

Elkarrizketa batean, Bushek esan berri du ez dela inoiz mendi batera igo. Hala erantzun du kantaren esanahiari buruz galdetu diotenean, baina ez da oso egiazkoa izango, labar malkartsu batean bizi baita. Diruz betetako mendia iritsi zaio orain, ezustean. Netflixen telesailaren laugarren denboraldian maiatzeko azken astean kanta zabaldu zenetik, audio plataforma erraldoietan lehen tokira iritsi zen Running Up That Hill. Eta hor mantendu da ekainean eta uztailean: Spotify plataforman hainbat astez egon da munduan gehien entzuten diren kanten lehen postuan. Bushi etekin ekonomikoak iritsi zaizkio, diskoak argitaratzen aritu zen garaian —1980ko hamarkadan atera zituen hiru esanguratsuenak— ez baitzituen kanten eskubideak saldu. Enpresa txiki bat sortu zuen, Noble and Brite izenekoa, lizentzia bakar bat beste inorentzat utzi gabe, eta horri esker —bitartekaririk gabe— jasotzen ditu eskubideei dagozkien etekinak.

Music Business Worldwide atari espezializatuaren arabera, Bush astean 200.000 euro irabazten ari da soilik Spotify plataformaren bitartez. Ez da hori batere ohikoa. Are gehiago, musikari gehienak kexu agertu ohi dira Spotifyk sos oso gutxi ematen dizkielako.

Salbuespena da, beraz, Bushen kasua. Atzo jada ez zen lehen tokian 1985eko kanta; Quevedo Kanaria uharteetako (Espainia) kantariaren abesti bat da buru Spotifyn, eta Harry Stilesen As It Was da bigarrena; udako kantetako bat bilakatu da. Baina, hala ere, Bushek poltsikoa betetzen jarraituko du datozen asteetan.

Maxen eszena ikusgarria

Munduko herrialde ugaritan sona handia du Stranger Things telesailak. Laugarren denboraldia ingelesezko telesailen artean gehien ikusi dena izan da Netflixen. Soilik fikzio batek gainditu ditu bere datuak plataforman: Hego Koreako Squid Game-k. Milioika gazteren artean da kutuna Stranger Things, baita 1980ko hamarkadako nostalgikoen artean ere, urte horietan girotuta dagoelako, eta horrek ekarri du Bushen kanta hainbeste zabaltzea han eta hemen.

Gainera, Running Up That Hill lehen aldiz entzuten den eszena ikusgarria da oso: Max pertsonaia beste aldean da, alde ilunean, arriskuan, eta Vecna gaiztoak harrapatu du. Bitartean, lagunak Max salbatzeko ahaleginean ari dira alde argian, eta haren abesti kutunena jarriko diote walkmanean: beste aldean leiho bat irekiko dute horrela, eta Maxek ihes egiteko aukera izango du. Denboraldiko laugarren atalekoa da eszena hori, baina beste atalen batean ere entzuten da aurrerago Running Up That Hill.

Denboraldiko azkeneko atalean, garrantzi handia hartzen du 1980ko hamarkadako abesti batek: Metallicaren Master of Puppets. Eddie Munson pertsonaiak gitarrarekin jotzen du, alde ilunean. Ez du Bushen kantak adina sutsu jo, baina milioika ikustaldi ditu eszenak Youtuben.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.