'Vascos por el mundo' saioa %14ko datuarekin estreinatu dute ETB2n

Atzerrian bizi diren euskal herritarrei saioarekin harremanetan jartzera dei egin diete, agertzeko

Iker Rementeria kameraria eta Vazquez aurkezlea, Ion Gorrotxategiren sukaldean, Baliko Akua de Bilbao jatetxean. ETB.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2018ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
«Bidaia-saioa da, baina ez da bidaia-saioa», esan du Roberto Vazquez Vascos Por el Mundo saioko aurkezleak. Herrialdeak edo hiriak haietan aspaldi bizi diren «euskal herritarren begietatik» erakutsi nahi dituzte. Astelehenean estreinatu zuten ETB2n. Saioak ikusleen %13,8 kuota lortu zuen, hau da, 246.000 ikus-entzuleko audientzia metatua. ETB2ren aurtengo estreinaldirik onenen artean jarri da.

Balin bizi diren euskal herritarrekin egon zen Vazquez lehen atalerako. Besteak beste, Ardi Beltza bungalow hotela duen Antxon izeneko donostiar batekin. «Ikusten dudanean Antxon bizikletan ikurrina duela, malkoak ateratzen zaizkit», esan du Vazquezek.

Kazetaria bera bidaiazalea da. Saioa egiteko ideia proposatu ziotenean, Costa Rican zegoen. Eta saioa egingo zela baieztatu ziotenean Guatemalako oihanean zebilen. «Ez dakit nolatan zegoen telefono estaldurarik».

Bistan denez, ETB2ko formatuak Espainiako telebista publikoko Españoles por el mundo saioren antz handia du. «Dena asmatuta dago», desenkusatu da Vazquez. «Antzekoa bada ere, guk euskal sustraia bilatuko dugu beti». Baliko hondartza bati Lagakoaren antza ikusten dion bizkaitarra adibide gisa jarri du. «Sustraiak ahazten ez dituztenak erretratatu nahi ditugu».

Izan ere, galdera bati erantzun nahi diote saioarekin: zer egiten du euskal herritar batek Euskal Herritik 13.000 kilometrora edo?

«Denetatik dago», esan du Vazquezek. Batzuk langabeziak bultzatu ditu Euskal Herritik kanpora. Baina, beste batzuek, lana izanda ere, bizitza zabaldu nahi izan dute. «Gehiago daude bizitza aldatu nahi izan dutenak, lan bila atera direnak baino». Baliko Antxonek, esaterako, «familiako ardi beltza» zela esaten du lehen saioan. Hortik Baliko negozioari Ardi Beltza izena jartzeko arrazoia.

Jana, ezinbestekoa

Vazquezek ez du ulertzen saioa sukaldaritzarik gabe. Izan ere, euskal herritarrak munduan topatzeko, «txoko eta jatetxe izenak» bilatzen dituzte. Horrek, noski, ekartzen ditu ustekabeak. Moskun euskal sukaldaritza eskaintzen duen eta euskarazko izena duen jatetxe bat dago. «Baina hara joan ginenean, ikusi genuen ez zegoela euskaldunik». Errusiar bat zen jabea, Euskal Herrian bisitan egon zena, eta sukaldaritzarekin maiteminduta, Moskura eramatea pentsatu zuena.

Vazquezez gain, Patricia Labrador, Pedro Mardones, Soraya Vegas eta Gorka Vallejo kazetariak ibiliko dira munduan barrena. Besteak beste, Rio de Janeiron, Mexikon, Erroman, Atenasen, Moskun eta Istanbulen egongo dira. «Dei egiten diegu kanpoan bizi diren euskal herritarrei gurekin harremanetan jartzeko, saioan agertzeko», esan du Vazquezek. «Atzerrian aspaldi bizidirenei, dagoeneko hangoak sentitzen direnei, baina etxean, oraindik ikurrina daukatenei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.