'The Lord of The Rings' telesaila, euskarazko azpidatziekin gaurtik

Amazon Prime Video plataformak hemendik egun batzuetara jarriko du euskarazko bikoizketa

Amazon Prime Video plataformak mundu osoan estreinatuko du gaur The Lord of The Rings: The Rings of Power. AMAZON.
urtzi urkizu
2022ko irailaren 2a
00:00
Entzun

Inoiz egin den telesailik garestiena iritsi da. Gaur estreinatuko du mundu osoan Amazon Prime Videok The Lord of The Rings: The Ring of the Power. Lehen bi atalak gaurtik ikusi ahalko dituzte Amazon Prime Videoko harpidedunek, eta, datorren astetik aurrera, ostiraletan atal bana jarriko dute. Denboraldiko azkena urriaren 14an iritsiko da. Eta zortzi atal horiek euskarazko azpidatziekin ikusteko aukera egongo da, estreinatzen dituzten egun beretik.

Euskarara bikoizten ari dira telesaila, baina fikzioa euskarazko audioarekin entzuteko itxaron egin beharko da. Amazoneko iturriek adierazi dutenez, egun batzuk barru txertatuko du euskarazko audioaren aukera.

The Lord of the Rings: The Ring of the Power-en istorioak J.R.R. Tolkienen liburuko eta Peter Jacksonen filmetako garaia baino milaka urte batzuk lehenago gertatzen dira. Erdiko Lurraldearen bigarren aroan hasten da, hain zuzen ere. Boterearen eraztunak sortu ziren unea jasoko da, Sauron ilunaren sorrera, Numenor erreinuaren historia, eta elfoen eta gizakien arteko aliantza.

Bigarren denboraldia ere grabatu dute jada. Lehen zortzi atalak Zeelanda Berrian filmatu zituzten; bigarren denboraldia, berriz, Erresuma Batuan.

Patrick McKay telesaileko sortzaile eta ekoizle eragileak iragarri du Numenorreko erreinua «Florentzia errenazentista» gisako bat izango dela, eta eraztunen forjatzea agertuko dela. Alegia, zazpi eraztun ipotxentzat, bederatzi gizaki hilkorrentzat, eta eraztun bat jaun ilunarentzat. Baina Numenorren gatazkak piztuko dira, eta taldeen arteko banaketak eta liskarrak egongo dira. Pertsonaien artean, hobbiten arbasoak azalduko dira: harfootak. Bestalde, Arondir ausarta orkoen antzeko izaki maltzur batzuek dute harrapatua, eta ihes egiten ahaleginduko da. Elrondeko mundu liluragarria ere azalduko da aurreneko denboraldian.

Amazonen, euskaraz

Telesail sonatuaren sortzaile nagusiak McCkay bera eta J. D. Payne dira. Haiekin batera, zinemagintzako eta telesailen munduko profesional ugari batu dira proiektura; tartean dira J. A. Bayona, Charlotte Brandstrom eta Wayne Che Yip. Musika Ber McCrearyk sortu du, eta egunotan estreinatu dute soinu banda Interneteko hainbat plataformatan.

Bestalde, Amazon Prime Video plataforman une honetan hemezortzi film ikus daitezke euskarazko azpidatziekin. Euskarara bikoiztutako pelikulak, berriz, sei dira. Egunotan, gainera, Juan Sebastian Elkanoren mundu biraren inguruko telesailaren euskarazko bikoizketa txertatu dute. Sin límites du izena telesailak.

Horrez gain, Amazonek eta EITBk akordio bat sinatu dute uda honetan. Horri esker, ETBren zenbait lan bere katalogoan jarri ditu plataformak; tartean dira Go!azen (2008) eta Lain (2012) telefilmak. Lur eta Amets filma ere Amazonen ikusgai dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.