'Barrubiak' saioko 26 elkarrizketa berri emango ditu Euskadi Irratiak

Astelehenetik aurrera emango dituzte, 14:45ean. 'Faktoria'-k bere horretan jarraituko du udan

Alaia Martin batera eta bestera ibiliko da Barrubiak saiorako elkarrizketak egiten. EITB.
urtzi urkizu
2018ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Udako programazioari heldu diote aste honetan EITBko irratiek, eta ohiko programazioa udako ukituekin izango da entzungai Euskadi Irratian, Gaztean, Radio Euskadin eta Radio Vitorian. Euskadi Irratian ez da aldaketa nabarmenik izango. Datorren astelehenetik aurrera, Barrubiak elkarrizketa saioa emango du Euskadi Irratiak, 14:45etik 15:00etara. Alaia Martin esatariak azaldu duenez, «bizi ibilbideak» kontatuko dituzte gonbidatuek. «Gai eta herri desberdinetako pertsonak aukeratzen saiatzen naiz». Barrubiak izenaren hitz jokoa bi hitzen nahasketatik dator: barrua eta marrubia. «Mokadu batean jateko elkarrizketak dira: txikiak, laburrak eta zaporetsuak. Gutiziak, alegia», laburbildu du saioko gidariak.

Barrubiak saioan entzungo diren elkarrizketetan aniztasuna izango da nagusi: emakume batek eskulanetarako duen pasioa, erretiratu baten egunerokoa, Kataluniatik Euskal Herrira bizitzera etorritako emagin baten bokazioa, Gor disko etxeari lotutako familia baten bidea, arkitektura estudio baten lana, zirkua eta politika uztartzen dituen andre baten bidea, bere burua osatzeko zenbat sendabide ezagutu dituen emakumea eta abar.

Irailaren 14ra arte emango dute saioa, astegunetan.

Eguerdi partean, bestalde, Ana Iruretagoienak eta Maddi Castrok Blai saioa aurkeztuko dute astegunetan. Faktoria-k bere horretan jarraituko du: 07:00etatik 09:00etara albistegiaren partea, eta 09:00etatik 12:00etara magazinarena. Larunbat eta igande goizetan Amarauna izango da entzungai.

Larunbat honetatik aurrera, bestalde, Frantziako Tourraren etapen kontakizuna egingo dute.

'Marea Gaztea' tarte berria

Gaztea irrati formulan, bestalde, programazioaren ardatzak musika eta entretenimendua izango dira. Arratsaldetan Marea Gaztea tarte berria izango da entzungai. Gaztea Box irratsaioa 17:00etatik aurrera emango dute, eta kolaboratzaile berriak izango dituztela iragarri dute. Dida saioa Dida Fresh bilakatu da uda sasoirako. Larunbat eta igande arratsaldetan, bestalde, Be Positive saioa emango dute.

Radio Euskadin, Boulevard saioak bere horretan jarraituko du goizetan. Abuztuan, 10:00etatik 13:00etara Entre calles udako saioa egingo dute Boulevard Magazine-ren ordez. Graffiti-n, solaskideak berrituko dituzte, eta Euskarabenturaren berri emango dute arratsaldero. Ganbara-n tokia egingo diete gauero EHUko udako ikastaroei. Larunbat eta igande goizetan, Por la sombra saioa egingo dute Más que palabras-en atsedenak irauten duen asteetan.

Radio Vitorian, kultur ekitaldiek eta jaiek protagonismo berezia izango dute uda osoan. Asteburuetan, gaikako hiru programa emango dituzte: Ma non troppo, Opera On eta Al son de la música. Gasteizko jaietan, mikroak kalera aterako dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.