Egiazko folletoiak

Gizarte mugimenduek munduko hainbat lekutan bultzaturiko egitasmoak azaltzen ari dira 'Nazioarteko kultura, komunikazio eta garapen topaketa' udako ikastaroan.

Clara Morales Rodriguez Mexiko Ojo de Agua komunikazio taldeko ordezkaria, atzo, Bizkaia aretoan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Edu Lartzanguren.
2019ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Tiempo de florecer [Loratzeko garaia] irrati-nobela genero indarkeriaren inguruko ikerketa batetik sortu genuen», esan du Clara Morales mexikarrak. Oaxaca estatuko Ojo de Agua komunikazio taldeko ordezkaria da, eta Bilbon azaldu ditu Mexikoko irrati komunitarioentzat emakumeen aurkako indarkeriaren gaia lantzeko bi urtez egin dituzten folletoien nondik norakoak. EHUko uda ikastaroen barruko Nazioarteko kultura, komunikazio eta garapen topaketa-n mintzatu zen atzo Bilbon. «Indarkeria pairatzen zuten emakumeak elkarrizketatzen aritu ginen hainbat eskualdetan, eta kontatu zigutenetik sortu genuen irrati nobelako lehen sasoia».

Mexiko, Kolonbia, Senegal, Tunisia eta Kubako zenbait egitasmoren berri emateko aukera izan dute, astelehenetik, Bizkaia Aretoan bildutako nazioarteko eta Euskal Herriko parte hartzaileek. Gobernuz kanpoko zenbait erakundek eta gizarte mugimenduk azaldu dute komunikabideak nola erabiltzen dituzten gizartea eraldatzeko.

Mexikoko Ojo de Agua taldeak bere kasua azaldu du: «Emakumeek horrenbeste istorio kontatu zizkiguten, non ez genuen ezer asmatu edo fikziorik sortu behar izan. Istorioak badaude; beraz, kontua da nola kontatzen diren», esan du Moralesek. Errealitatean oinarritu nahi zuten, entzuleek euren burua islatuta ikusterik izan zezaten. Tiempo de florecer irrati nobelan indarkeria indarkeriaren barruan erretratatzen du. Emakumeen aurkako indarkeria, izan ere, meatze konpainia handi baten borrokan dabilen komunitate baten testuinguruan gertatzen da. «Emakumeek esaten ziguten: lurraldea defendatu behar dugu, baina ez bakarrik kanpokoengandik». Lehen denboraldia zabaldu ondoren, berriz bildu ziren emakumeekin, haien iradokizunekin bigarren sasoiari ekiteko.

Emakume batek esan zien asko kostatu zitzaiola irrati nobela entzutea, bi rolekin identifikatu zelako: biktima eta borreroa.«Konturatu zen berak ere indarkeria erabiltzen zuela bere seme-alabekin. Ez ditugu pertsonaiak gaizto eta zintzo gisa sailkatzen, ñabardurak baitaude, bizitza egiten duten nabardurak».

Mexiko, komunikazioa eta kazetaritza aipatzen direnean, ezinezkoa da indarkeriaz ez hitz egitea. Kazetarientzako herrialderik arriskuenetakoen zerrendan beti lehenengo postuetan agertu da azken urteotan. «Oso egoera latza dugu orain Mexikon».

Nola mintzatu etorkinez

Kultura Communication Desarrollo KCD gobernuz kanpoko erakundeak antolaturiko topaketak gaur amaituko dira. Gizartea eraldatzeko zinema Lor daitekeen utopia ote den azalduko du Azza Chaabouni zinemagile eta Tunisiako Unibertsitate Publikoko irakasleak. Habana Radioko Yelena Gispert de la Osak Komunikazioa eraldaketa komunitariorako tresna gisa hitzaldia emango du. Nico Castellanos kazetariak hitzaldi irekia egingo du, 19:00etan: Nola hitz egin migrazioaz komunikabideetan.

«Espero dut lankideon buruan ideia bat geratzea», esan du Moralesek, «ausart daitezen buruan belaunaldiz belaunaldi erein dizkiguten pentsamolde egiturak hausten, eta istorioak beste modu batean kontatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.