Idazleen elkarrizketa kate bat

'Booktegi.eus' atariak 'Elkarrizkatea' saioa estreinatuko du bihar. Hamaikan ere emango dute

Aritz Galarragak eta Leire Palaciosek aurkeztuko dute Elkarrizkatea telebista saioa. BOOKTEGI.
urtzi urkizu
2018ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Euskarazko liburuak doan deskargatzeko ataria da Booktegi.eus. Askotariko saiakerak egiten ari da azkeneko hilabeteetan literatura modu ezberdinetan zabaltzeko helburuarekin, eta orain telebista saio bat jarri du martxan: Elkarrizkatea. Atariak bihar estreinatuko du programa, eta Hamaikan ere ikusi ahalko da, 22:30ean.

Aritz Galarragak eta Leire Palaciosek aurkeztuko dute saioa. «Aritz Branton izan da saioaren sortzailea, baita produkzioaren hiru faseen arduraduna ere», nabarmendu du Palaciosek. «Saioaren oinarrian idazleen arteko elkarrizketa bat egongo da», iragarri du Galarragak. «Gero, elkarrizketa horiek pixka bat jantzi egin ditugu. Kortesiazko agurrez gain, elkarrizketatuaren biografia eta liburu bateko pasarte baten irakurketa ere egingo dugu».

Aurreneko saioan, Arantxa Urretabizkaiak Itxaro Borda elkarrizketatuko du. «Belaunaldi eta adin tarte ezberdinetako idazleonenetakoen bila joan gara, gaur egungo euskal literaturaren panorama ahalik eta zabalena eskaintzeko asmoz», esan dute aurkezleek. Elkarrizketatuen arteko lotura bat ere egin nahi izan dute saioaren egileek, «batzuetan agerikoagoa, besteetan ezkutuagoa». Galarragak gaineratu du modu horretan elkarrizketei «balio gehigarri» bat ematen saiatu direla: «Elkarrizkatea-ren zirkulua ixteko, idazle gazteenak, Peru Iparragirrek, beteranoenari egingo dio elkarrizketa, Arantxa Urretabizkaiari».

Palaciosen arabera, saio berriari antzekotasunik bilatu behar izatekotan, Bizkaia Irratiko Irakurrieran saioarekin pareka daiteke. «Horretan, idazleek patxadaz hitz egiteko tartea dute postprodukzio mozketa handirik gabe. Elkarrizkatea saioan, dena den, idazleak dira idazleak elkarrizketatzen dituztenak, eta hori da bereizgarri nagusia».

Programa Argia aldizkariaren multimedia kanalean ere jarriko dute. Galarragak eta Palaciosek aitortu dute Kanalduden edota beste telebistaren batean ematea «plazer handia»izango litzatekeela.

Kritikariak beste aldean

Galarraga Katalunian bizi da aspaldian, eta nabarmendu du telebista publiko katalanak literatur saio «onak» egin izan dituela azkeneko urteetan. «Egun, Tot el temps del mon da saiorik berriena. Anna Guitartek aurkezten du, eta Paul Auster eta Amelie Nothomb pasatu dira bertatik».

Bai Galarraga bai Palacios telebista kritikari aritu ziren hainbat urtez BERRIAn, eta orain kritikatuak izateko tokian jarri dira telebista saio bat aurkeztuta. «Pertsonalki, kritikak jasotzeko irrikan gaude», esan du Galarragak. Booktegi atariarekin badute lotura bi aurkezleek: Galarragak artikulu bilduma bat argitaratu zuen bertan, eta Palaciosek atariaren saio literarioak eta irakurraldiak gidatu izan ditu. Telebista saioa proiektu «nahiko prekarioa» dela esan dute. «Prekaritateak utzitako zuloak bete ditugu, malabarismo ariketa bat eginda».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.