Mediaset ordainpekoen lehian sartu da, Mitele Plus plataformaren bidez

Oinarrizko harpidetza hilean 2,5 euro da. Futbola hilean 35 euro ordainduta emango dute

Nahieran zerbitzua iragarkirik gabe eskaintzen du atzotik Mitele Plus plataformak. MEDIASET.
urtzi urkizu
2019ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Mediaset España komunikazio taldeak 200,3 milioi euroren irabaziak izan zituen iaz: azkeneko hamar urteetako daturik onena. Taldeko Tele5 kateak zazpi urte daramatza lidergoan Espainian—Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hogei urte dira gehien ikusten den katea denetik—. Baina ikus-entzunezko sektorea eta merkatua etengabeko aldaketak jasaten ari da; ordainpeko eskaintzek sekulako indarra hartu dute. Eta Mediasetek ere ordainpekoen lehian murgiltzea erabaki du: atzo jarri zuten martxan Mitele Plus Interneteko ordainpeko plataforma.

Iragarkirik gabeko nahierako zerbitzu batekin abiarazi dute Mitele Plus. Hilean 2,5 euro edo urtean 25 euro ordainduz gero, Mitele Plus-eko harpidedunek Mediaseteko telebista kate guztien (Tele5, Cuatro, Factoria de Ficcion, Boing, Divinity, Energy eta Be Mad) edukiak ikus ditzakete, iragarkirik gabe. Mahaiko ordenagailuetarako eta gailu eramangarrietarako aplikazio bat eskuragarri dute jada harpidedunek. Smart TV edo telebista inteligenteentzat, berriz, hemendik gutxira sortuko dute aplikazioa.

Taldeak nabarmendu du Mitele Plus plataformaren estreinaldia «eraldatze digitaleko plan anbiziotsu baten abiapuntua» dela. 2017. urtetik ari dira lanean Mediaset Data talde multidiziplinarioan, big data-n eta inteligentzia artifizialean oinarritutako proiektuekin. Teknologia horiei esker, komunikazio formula pertsonalizatuak eta segmentatuak garatu nahi ditu Mediasetek.

Futboleko eskubideak

Atzoko estreinaldia oinarrizkoa da, ordea, eta abuztuan iritsiko da Mediaseten eskaintza izarra: futbola. Espainiako Ligako, Txapeldunen Ligako eta Europako Ligako eskubideak erosi ditu taldeak, eta hilean 35 eurogatik eskainiko ditu txapelketa horietako partidak —aurreneko hiru hilabeteetan, 30 euro ordaindu beharko dituzte harpidedunek—.

Eskaintza horrek bete-betean sartuko du Mediaset ordainpeko eskaintzen lehian. Izan ere, kontuan hartu behar da futbolzaleektelefonia operadore jakin batzuk kontratatu behar izaten dituztela txapelketa horiek ikusteko, baina Mitele Plus-ekin ez dute halakorik egin beharko; futbol txapelketa horiek dituzten eskaintzek hilean 85 euro baino gehiago balio dute Movistar eta Orange telefonia konpainietan. Hain zuzen ere, Movistar da eskubideen jabea, eta harekin egin du akordioa Mediasetek —ez dute jakinarazi zenbat diruren truke—.

Futbolzaleentzako beste eskaintza erakargarri bat Mediapro ekoiztetxearen BeinSports zen orain arte, baina kateak uko egin dio eskubideak erosteari. DAZN plataformak ere ez du gizonezkoen goi mailako futbola eskainiko; plataforma horren harpidetza hilean 9,99 eurora igo dute, eta eskaintzan Eurosport katea sartuko dute abuztuaren 1ean.

Bezero askoren galdera da, bestalde, MiTele Plusen kuota berarekin ea zenbat gailutan ikusi ahalko diren partidak aldi berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.