LTDko frekuentzia berriak irailean piztuko dituzte Hego Euskal Herrian

Antenistek etxejabeen elkarteei gomendatu diete lehenbailehen egiteko egokitzerako eskaera

Antenista bat lanean, Iruñeko teilatu batean. JESUS DIGES / EFE.
urtzi urkizu
2019ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
«Etxejabeen elkarteei esan nahi diegu ahalik eta bizkorrena egiteko antenak egokitzeko eskaerak,etxe guztietako antenak egokitzeko urte bat baino gutxiago egongo baita». Hala esan du Aitor Zabaletak, Antenas Gipuzkoa enpresako kudeatzaileak. Izan ere, gogoratu du 2013an eta 2014an «kolapsoa» egon zela. Lurreko telebista digitaleko frekuentzia berriak irailaren 8an piztuko dituzte Hego Euskal Herrian; hurrengo hilabeteetan trantsizio epe bat egongo da antenak egokitzeko, eta 2020ko ekainaren 30ean amaituko da prozesua. Egun horretan, frekuentzia zaharrak itzali egingo dituzte.

Zabaletak nabarmendu du kanal bakoitzerako anplifikadore bat dagoen eraikinetan anplifikadore berri bat jarri beharko dela. «Banda zabalerako instalazioetan, aldiz, ez da egokitzapenik egin beharko».

Urte gutxi joan dira antenetan LTDko egokitzapenak egin zituztenetik. Baina «bigarren dibidendu digitala» deitu dutenaren testuinguruan aldatu behar dituzte berriz ere frekuentziak Hego Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan —Balearretan atzo piztu zituzten frekuentzia berriak—, Galizian eta Espainian. LTDaren 694-790 MHz-ko banda libre utzi behar dute orain, 5Gko sareek erabil ditzaten.

Aldaketa horrek ez du eragin handirik izango telebista ikusteko moduan. «Herritar guztiek telebista kate berberak ikusten jarraituko dute», esan du Roberto Sanchez Espainiako Telekomunikazio eta Informazio Teknologien zuzendari nagusiak.

Ekainaren 30etik aurrera, ordea, 5Gak erraz zabaltzeko aukera izango du 700 MHzko bandan.

Etxeetarako diru laguntzak

Espainiako Gobernuak jakinarazi du herritarrek www.televisiondigital.es webgunean kontsulta ditzaketela zalantzak, baita doako bi telefonoetan ere: 901- 20 10 04 eta 954-30 65 01.

Espainiako Gobernuak iragarri du 145 milioi euroko diru laguntzak emango dituela, etxejabeen elkarteetan egin beharreko gastuak bideratzeko; laguntzak 104,3 eta 677,95 euro artekoak izango dira.

Antenistas Gipuzkoa enpresak emandako informazioaren arabera, multiple digital baterako egin beharreko instalazioarentzat 150 euroko laguntza publikoa egongo da. Bi multiplerekin, 250 eurokoa, eta multiple bakoitza gehituz gero, ehun euro gehiago. Sei multiplerentzat, 650 euro, alegia. Diru laguntza horien eskaerak Internet bidez egin behar dira Red.es sare elektronikoaren edo Espainiako Ekonomia Ministerioaren bitartez.

LTDko plan teknikoaren arabera, lurreko telebista digitalean emititzen duten kate guztiak behartuta egongo dira goi bereizmenean emititzera 2023tik aurrera. Bezeroek ez dituzte telebista aparatuak eta LTDko dekodetzaileak aldatu beharko, baina kalitate hobean ikusiko dituzte edukiak goi bereizmeneko telebistak dituztenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.