Suitzan gehien irakurria den frantsesezko kazetak papera utziko du

'Le Matin' Interneten bakarrik arituko da bihartik aurrera. Agintariek gogor gaitzetsi dute neurria

Frantsesezko prentsa defendatzeko plan bat iragarri du Vaud kantonamenduko buru Nuria Gorritek. NURIAGORRITE.CH.
Edu Lartzanguren.
2018ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Paperean argitaratzeari utziko dio bihar Le Matin Suitzan gehien irakurria den frantsesezko egunkariak. Lehen aldiz, Suitzan, egunkari bat erabat digital bihurtuko da. Vaud kantonamenduko agintariek gogor gaitzetsi dute erabakia, eta Suitza frantsesdunaren prentsa aniztasunaren lurperatzaile izatea egotzi diote Tamedia taldeari, Le Matin-en jabeari, alegia.

Egunkaria 1893. urtean sortu zuten, eta bihar azken zenbakia argitaratuko du. 218.000 irakurle pasatxo ditu kazetak, nahiz eta azken hamar urteotan 80.000 irakurle galdu dituen. Hogei urte daramatza dirua galtzen. 2008tik, 30 milioi euroko defizita izan du. Iaz bakarrik, 5,4 milioi galdu zituen. Lausannen du erredakzioa.

Tamediak emaniko datuen arabera, 36 langile kaleratuko dituzte; tartean, 22 kazetari. Edonola ere, Le Matin Dimanche igandekaria paperean inprimatzen jarraituko dute.

Kolpea «nortasunari»

«Estatuak ezin du dena egin, baina ezin da ezer egin gabe geratu», esan du Vaud kantonamenduko Estatu Kontseiluko presidente Nuria Gorritek, egunkariaren paperezko bertsioaren amaieraren inguruan. «Tamedia taldeak irabaziak ditu, eta asko irakurritako egunkari bat itzaliko du, frantsesezko azken kazetetako bat», azaldu du Gorritek. «Kolpea da frantsesdunen nortasunari». Euskal Herritik Suitzara joandako gizon baten eta emakume katalan baten alaba da Suitzako Alderdi Sozialistako politikaria.

Gaian eskua hartzeko asmoa duela adierazi du Gorritek, Vaudeko Estatu Kontseiluak horrela jokatzeko «tradizioa» duela argudiatuta. Vaudeko kantonamenduak prentsaren trantsizio digitala zaindu behar duela adierazi du agintariak, eta estrategia bat prestatuko duela iragarri du. Izan ere, prentsari laguntzeko plana aurkeztuko du kantonamenduko legebiltzarrean (Grand Conseil deritzonean), erakundearen oporretatik bueltan.

Prentsan «kontraste» handiak daudela salatu du Gorritek, talde handi batzuk irabaziak dituztelako, nahiz eta ezinbesteko eginkizuna duten tokian tokiko kazetak ezinean dabiltzalako.

Laurent Siebenman izango da papereko bertsioa galduko duen egunkariaren Interneteko bertsioaren editorea. «Le Matin aurrerantzean ere Le Matin izango da», esan du. «Aurrerantzean ere apur bat probokatzailea izango da, eta albisteetan, kiroletan eta entretenimenduan jarriko du arreta».

Taldearen jarrera txarretsi du Christian Capacoel Syndicom sindikatuko eledunak: «Ez gaitu harritu Tamediak langileekiko agertu duen sentikortasunik eza». Azaldu duenez, langileen hiru egitasmo aurkeztu dituzte azken hilabeteetan paperezko bertsioa salbatzeko.

Le Matin ez da kasu bakarra. Portugalgo Diario de Noticias beteranoak —1864an sortu zuten— egunkaria izateari utzi zion uztailaren 1ean. Geroztik, soilik igandeetan argitaratzen da paperean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.