Times Radio sortu dute, BBCrekin lehiatzeko helburuarekin

'The Times' egunkariak Rupert Murdochen Wireless enpresaren laguntza izan du irratia sortzeko

Mariella Frostrup, Times Radio irrati digitaleko esatari nagusietako bat. BERRIA.
urtzi urkizu
2020ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Prentsa idatziaren aitzindarietako bat da The Times egunkaria: 235 urte dira sortu zutela, eta Erresuma Batuko kazeta garrantzitsuenetako bat izan da hamarkadaz hamarkada. Eta, uda honetan, irratigintzan lehiatzeko pausoa eman du egunkariak, Times Radio sortuz. Modu horretan, aurre egin nahi dio BBCk Erresuma Batuko irratigintzan duen lidergoari. Internet bidezko irratia da Times Radio; martxan jarri ahal izateko, Wireless enpresaren —Rupert Murdochen News UK taldekoa— laguntza izan du, eta nabarmena izan da BBCn aritutako zenbait ekoizleren eta langileren parte hartzea. The Sunday Times astekariko kazetariek ere parte hartuko dute proiektuaren edukietan.

Erresuma Batuko hedabide askotan, oihartzuna izan zuen Times Radioren estreinaldiak, aurreneko egunean —ekainaren 29an— Boris Johnson lehen ministroa elkarrizketatu zutelako. Hilabeteak ziren Johnsonek ez ziola irrati bati elkarrizketarik ematen —urritik ez da joan BBC4ko Today saiora—, eta gobernuak azkeneko hilabeteetan aldez edo moldez iradoki du ez duela gogoko BBCren ildo editoriala. Hartaz, analista askok keinu esanguratsutzat jo zuten Johnsonek elkarrizketa ematea Times Radio irrati berriari.

Times Radio irratia sakelako telefonoetan, webaren bitartez, tabletetan eta bozgorailu inteligenteetan entzun daiteke. Kontua da The Times-ek ordainpeko harpidetza sistema duela jarria webgunean albisteak irakurri ahal izateko. Hartaz, enpresak epe luzera begira egin du irratigintzaren aldeko apustua, urte batzuetan galera ekonomikoak izan ditzakeelako.

Irratia aurkezteko mezuetan, The Times-ek nabarmendu zuen eztabaida politikoen tonuarekin desanimatuta dauden entzuleak erakarri nahi dituztela. «Denboretan soseguz aritu», eta «analisi patxadatsuagoak» eskaini nahi dituztela iragarri zuen enpresak. Era berean, azaldu zuen bi ahotsen arteko garrasien eredua alboratu, eta ahots guztiei tokia eskaini nahi dietela, formatu berriekin.

Matt Chorley sariduna

Times Radio irrati digitaleko esatarien artean, esanguratsuenetako bat Matt Chorley da; Editors' Press Awards sarietan, urteko podcast onena izendatu dute aurten Red Box politika arloko aktualitateaz Chorleyk egiten duen podcasta. Astelehenetik ostegunera aritzen da Chorley The Times-eko irratian, 10:00etatik 13:00etara .

13:00etatik 16:00etara, Mariella Frostrup kazetariaren irratsaioa ematen dute; 19:00etatik 22:00etara, Phil Williams izaten da gidaria; eta, 22:00etatik 01:00etara, Carole Walker.

Teknologia berrien zaleek, bestalde, Tales of Sillicon Valley irratsaioa topa dezakete astero. Danny Fortsonek Sillicon Valleyko gorabeherak kontatzen ditu.

Bizitza estiloari lotutako magazin bat ere badu irratiak: Postcards from Midlife.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.