BERRIAk luze eta zabal emango du Tokioko Olinpiar Jokoen berri

Kazetak gehigarri bat egingo du egunero. Berria telebistak 'Seigarren uztaia' saioa emango du

Berria telebistak Seigarren uztaia saioa egingo du egunero, ostiraletik aurrera. BERRIA.
urtzi urkizu
2021eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Ostiralean egingo dute Tokion Olinpiar Jokoen hasiera ekitaldia. Euskal Herriko 30 kirolari lehiatuko dira, eta BERRIAk xehe-xehe emango du kirolari horien parte hartzearen berri, baita Olinpiar Jokoetan gertatzen den guztiaren berri ere. Tokion dira jada Jakes Goikoetxea eta Ainara Arratibel Gascon BERRIAko kazetariak, eta Olinpiar Jokoen informazioa emango dute egunotan: paperean zein webgunean irakurri ahalko dira haien artikuluak, bizipenak, erreportajeak eta elkarrizketak. Zazpigarren aldiz jarraian, BERRIAk bertatik bertara egingo du kirol lehiaketaren kontakizuna (1996ko Atlantako Jokoetatik hala egin du). Atzoko BERRIAn, akreditazioa zutela agertu ziren argazki batean Goikoetxea eta Arratibel.

Euskal Herrian, kazetari talde bat ere arituko da Olinpiar Jokoen inguruko informazioa lantzen: izan ere, BERRIAk egunero gehigarri berezi bat argitaratuko du papereko edizioan. Bihar hasiko da egunkaria gehigarri hori argitaratzen. Olinpiar Jokoen informazio zorrotza eta zehatza eskainiko du hedabideak datozen egunetan, abuztuaren 10era arte. Egun horretan argitaratuko da azkeneko gehigarria. Euskal kirolariek presentzia nabarmena izango dute gehigarri horretan.

BERRIAren webgunean, Olinpiar Jokoen informazioarekin gune berezi bat egongo da. Han aurkituko ditu egunkariko hartzaileak euskal kirolarien inguruko fitxak, egutegiak, papererako idatzitako artikulu eta analisi guztiak eta unean-unean gertatzen diren albisteak.

Webgunean eta sare sozialetan zabalduko du BERRIAk, bestalde, Seigarren uztaia telebista saioa—baita saioaren atal guztiak ere—. Telebista programak —aurreko Olinpiar Jokoetan ere egin zuen egunkariak— atal hauek izango ditu: eguneko laburpena; Bideo postala eta Eraztun morea; eguneko elkarrizketa edo erreportajea; eta hurrengo egunetarako agenda. Egunero, igandeetan izan ezik, 15:00etan sareratuko dute telebista saioaren atal berri bakoitza. Twitterren eta Facebooken ere ikusi ahalko dira Berria telebistaren saioak.

RTVE eta France Television

Olinpiar Jokoetako lehiaketetako proben irudiak ezingo dituzte hartu han diren kazetariek. Eskubideak garesti ordainduak dituzten telebistek emango dituzte datozen egunetan, abuztuaren 8ra arte. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, France Television talde publikoko France2, France3 eta France4 kateetan ikusi ahalko dira probak zuzenean —egunero, hamasei orduz—. Hego Euskal Herrian, berriz, TVEren bidez ikusi ahalko dira probak —La1 eta Teledeporte kateetan zein RTVE Play Interneteko plataforma berrian—. RTVEko emankizunetan, hamabi aurkezlek, 30 narratzailek eta 40 kirolarik egingo dute lan.

Ostiraleko hasiera ekitaldia France2 eta La1 kateetan ikusi ahalko da zuzenean, 13:00etatik 16:00etara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.