Frantziako Iraultzan murgilduko da France2, errealitate areagotuarekin

Stephane Bernek eta Lorat Deutschek 1789ra bidaiatuko dute bihar, 'Laissez-vous guider' saioan

Stephane Bern eta Lorant Deutsch dira France2ko Laissez-vous guider saioaren aurkezleak. BERRIA.
urtzi urkizu
2019ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Frantziako Iraultzako gertaera garrantzitsuenak hiru dimentsioko berreraikitzeekin eta errealitate areagotuko teknologiarekin islatuko dituzte, bihar, France2 kateko Laissez-vous guider saioan (21:00). Parisko Bastillako gotorlekua izango da berreraikiko duten toki horietako bat; Stephane Bern eta Lorant Deutsch programako aurkezleek gogoratuko dute nolakoa izan zen Bastillaren hartzea, 1789ko uztailaren 14koa.Tenpluaren dorrera ere joko dute —hara eraman zituzten atxilotuta Luis XVI. erregea eta haren familia—. Manege aretoa gaur egun desagertuta dago, baina berreraiki egingo dute; han bozkatu zuten iraultzaileek Frantziako erregearen heriotza, 1793an. Palais-Royal zirkua eraikin oso abangoardista zen bere garaian, lorategien erdian —gaur egungo merkataritza-guneen arkitekturaren aurrekaria izan zen—. Konkordiaren plazan ere ibiliko dira programako aurkezleak, gogoratzeko nola hasi ziren gillotina erabiltzen.

France Televisions taldeak iragarri duenez, saioak aukera emango du Frantziako Iraultzaren bihotza inoiz ez bezala deskubritzeko. Tartean, aspaldian desagertuta dauden zenbait eraikin berreraikiko dituzte, Frantziako Iraultzan rol garrantzitsuak bete zituzten eraikinak, alegia.

Laissez-vous guider saioa aurreko denboraldian estreinatu zuten, Marseillan (Okzitania) grabatutako atal batekin. Gero, Parisen beste atal bat egin zuten.

Lorant Deutschek iragarri duenez, lantzen ari diren hurrengo atalak Georges-Eugene Haussmannen Paris izango du ardatz. Inpresionisten hiria ere azalduko da lan horretan. Halaber, Kiki de Montparnasseren, Jean-Paul Sartreren eta Simone de Beauvoirren toki kutunetara joko dute, hiru dimentsioko eta errealitate areagotuko teknologia erabilita.

Bern kazetaria eta idazlea da, eta historiari buruzko makina bat lan egin ditu. 2014an, Grevin museoko presidente izendatu zuten. Deutsch aktorea eta idazlea da, eta Frantziako historiari buruzko hainbat liburu idatzi ditu.

Errealitate areagotua

Telebistan, hainbat modutan ari dira erabiltzen errealitate areagotua azkeneko urteetan. ETBkIbil2d saioa estreinatu zuen 2011. urtean, eta, aurreneko aldiz, saiakera bat egin zuen errealitate areagotuarekin: programako ibilbideen interesgune nagusien inguruko multimedia edukiak Layar geruza batean integratzen zituzten. Telebista saioko bideoak, audioak, argazkiak eta estekak zeuden geruza horretan. Erabiltzaileak, sakelako telefono inteligenteari esker, eskuragarri zeukan GPS track-a, eta errealitate areagotuko geruza lagungarri erabil zezakeen. Android eta iPhone telefonoetarako sortu zuten aukera. EITBk duela zortzi urte esan zuen esperientzia «aitzindaria» izan zela Interneten eta sakelako telefonoetan.

TVEn ere errealitate areagotua erabili zuten joan den igandean, hauteskundeetako programa berezian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.