Biriketako edema baten ondorioz hil zen Fernando Osa mendizale donostiarra

Hilotza datozen egunetan iritsiko da Argentinatik Euskal Herrira.Denbora alferrik galdu zela dio salbamendu taldeko parte hartzaile batek

Fernando Osa, Ehunmiliak ultratrailean. BERRIA.
Donostia
2015eko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Datozen egunetan iritsiko da Fernando Osa mendizale donostiarraren hilotza Argentinatik Euskal Herrira. Autopsiak egiaztatu du biriketako edema baten ondorioz hil zela, ziurrenik garaierako gaitzak eraginda, lau egunez ondoezik egon eta gero. Osari Fiambalako ospitalean egin zioten autopsia larunbatean, eta herenegun jakinarazi zituzten emaitzak. Gorpua atzo eraman behar zuten Cordobatik Buenos Airesera, handik Euskal Herrira abiatzeko.

Abenduaren 24an hasi zuen Osak espedizioa Nevado Ojos del Salado (6.891 metro) munduko sumendi garaienera; Andeetan dago, Argentina eta Txile arteko mugan. Bilbon bizi zen donostiarra beste bi bizkaitar mendizalerekin zegoen: David Serra eta Paco Vicario. Lau egun geroago, 28an, ondoezik sentitu zen Osa, garaierako gaitzak jota antza denez. Espedizioko kide bat, Serra, Fiambalara jaitsi zen, salbamendu taldeei abisu ematera. Vicario, berriz, Osa zaintzen gelditu zen. Lau egun egin zituzten 6.300 metro inguruan, erreskate taldeak noiz iritsiko zain. Leku zaila zen, ordea, iristeko, eta larrialdi zerbitzuak ez helikopteroz ez mendiko ibilgailuz ezin izan ziren mendizaleengana iritsi. Horrez gain, haizete handiak eta hondar ekaitzak ere izan ziren inguruan. Urtarrilaren 1ean eman zuen azken arnasa Osak. Vicariok eman zuen heriotzaren berri.

Osaren heriotzaren ondotik, Txileko Gobernuak jakinarazi du indartu egingo dituela espedizioen segurtasun neurriak. Eztabaida ere sortu da Osaren salbamenduaz. Lauro Gutierrez hura salbatzeko lanean parte hartu zuen talde bateko kideak ETBn salatu du beranduegi eman zietela hartan parte hartzeko abisua, asteazkenean (abenduaren 31). Abisua igandean, astelehenean edo asteartean jasoz gero agian zerbait egin ahal izango zutela uste du. Haren esanetan, salbamenduan parte hartu zuen jendea ez dago behar bezala prestatuta. Alfredo Vicente Saavedra Catamarcako Babes Zibileko zuzendariak, ordea, uste du eguraldi txarrak eta salbamendu taldeak girora egokitu beharrak zaildu egin zuela lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.