Cuixarten eta Sanchezen abokatuek froga gisa erabiliko dute '20-S' lana

Dokumentalak %33,7ko ikusle kuota izan du Katalunian, 'Sense ficció'-ren datu onenetan bigarrena
Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez Mediaproren <em>20-S</em> dokumentaleko irudi batean, iazko irailaren 20an.
Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez Mediaproren 20-S dokumentaleko irudi batean, iazko irailaren 20an. TV3

Urtzi Urkizu -

2018ko ekainak 30
Jaume Rouresek ekoitzi eta zuzendutako 20-S dokumentala estreinatu zuen TV3 kateak ostegun gauean. Iaz irailaren 20an Bartzelonan izaniko gertakariak islatzen dira bertan: Guardia Zibilak hamabost lagun atxilotu zituen, Generalitateko goi kargudunak tartean, eta mobilizazio masiboak izan ziren Ekonomia Kontseilaritzaren aurrean. 20-S lanak eragina izan dezake epaitegietan, Rouresek iragarri baitu Jordi Sanchezen eta Jordi Cuixarten abokatuek froga gisa erabil dezaketela. Izan ere, irudietan argi ageri da Sanchez eta Cuixart protestan zegoen jendea lasaitzen aritu zirela, eta indarkeriarik ez erabiltzeko eskatu zietela. Bitartekari lanetan aritu ziren Guardia Zibilarekin, eta haiek ezeztatu zuten gauean protesta deialdia. Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarenak matxinada delitua egotzi zien Omniumeko eta ANCko bi ordezkariei, eta kartzelan dira urriaren 16tik.

Oihartzun oso handia izan du lanak: Katalunian 982.000 lagunek ikusi zuten telebista bidez, %33,7ko ikusle kuota. Hori da Sense ficció saioak inoiz lortu duen daturik onenetan bigarrena; orain arteko daturik onenak 1-O lanak izan ditu. Urtarrilaren 9an eman zuten, eta %34,4ko ikusle kuota bereganatu zuen.

Telebistaz estreinatu ostean, Interneten milaka pertsona ari dira 20-S lana ikusten. TV3en webgunean dago ikusgai Herrialde Katalanetan, Hego Euskal Herrian, Galizian eta Espainian, uztailaren 8ra arte.

Sare sozialetan ere sekulako oihartzuna izan du dokumentalak: #20STV3 traola trending topic izan zen ostegunean; egun osoan 121.400 mezu izan zituen Twitterren, eta 9,7 milioi ikustaldi.

Lanaren hasierako kredituetan, egileek nabarmendu dute gertakarien inguruko iritzi guztiak jasotzen saiatu zirela. Batzuen eta besteen ezetza edo erantzunik eza izan zuten: Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteorde ohia, Enric Millo Espainiako Gobernuaren Kataluniako ordezkaria, Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministro ohia, Daniel Baena Guardia Zibilaren polizia judizialeko Kataluniako burua, eta Mariano Martinez Guardia Zibileko koronela. Era berean, ez zuten baimenik lortu Cuixart eta Sanchez elkarrizketatzeko.

Elkarrizketatuen artean daude irailaren 20a gertutik bizi izan zuten pertsonak —tartean, Lluis Llach—. Jose Luis Trapero mossoen buruak auzitegian egun hartako gertakariez egindako deklarazioek pisu nabarmena dute. Joaquin Urias Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko letradun ohiak esaten du egun hartan ez zela matxinada bortitzik egon herritarren aldetik, baina indarkeria eragiteko probokazio nahia egon zela Poliziaren aldetik. Dozenaka polizia nazional joan ziren CUPen egoitzara, epailearen agindurik gabe, eta baketsu erantzun zuten han zirenek. David Fernandezen hitz iradokitzaile batzuekin bukatzen da lana.

Dokumentaleko kredituetan, Euskal Herriko bi profesional ageri dira: Xuban Intxausti, kameralari gisa, eta Asier Lasa, grafismo eta efektu berezietan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna