Euskara osasungarria

'Osagaiz' osasun zientzien aldizkariak urtebete egin du, eta aurtengo lehen zenbakia argitaratu berri du. OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen eta UEUren egitasmoa da.
<em>Osagaiz</em> aldizkariaren aurtengo lehen zenbakia. PDF gisa zabaltzen dute.
Osagaiz aldizkariaren aurtengo lehen zenbakia. PDF gisa zabaltzen dute. OSAGAIZ Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2018ko uztailak 24

Depresioaren inguruko azken teoriak, diabetesa antzemateko botiketan dauden programak, eta hies gaitzaren hiztegi bat, besteak beste. Halakoak topa daitezke Osagaiz aldizkariak aurten argitaratu duen lehen zenbaki arruntean. Osasun zientzien inguruko aldizkaria OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak eta UEU Udako Euskal Unibertsitateak elkarlanean sortu zuten iaz.

«Harremanak izan ditugu azken urteetan Udako Euskal Unibertsitatearekin, eta ikusi dugu EHUtik gero eta ikasle gehiago ateratzen direla hainbat gai euskaraz ikasita, eta gu baino prestatuagoak», esan du Joxerra Furundarena Osagaiz aldizkariko zuzendariak. Furundarena hematologoa da, eta odoleko gaixotasunen inguruan lan egiten du laborategian. «Ikusi genuen halako aldizkari batek funtziona zezakeela orain». Iazko ekainean aurkeztu zuten kazeta.

Zientzia artikuluak eta ikerketa taldeen lanak argitaratzea da helburua. Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea 1990ean sortu zuten, euskararen erabilera bultzatzeko osasun arloko profesionalen artean, fakultateetan, eskoletan eta lan guneetan. Horrez gain, aldizkari eta bestelako argitalpenak sustatzea izan du helburu, hasieratik.

Urtero bi ale arrunt argitaratzen dituzte. Horrez gain, ale berezi bat osatzen dute OEEk urtean behin egiten duen biltzarrean aurkezturiko testuekin. Aldizkaria elektronikoa da, PDF formatuan, eta sarean eskura daiteke, www.osagaiz.eus gunean.

Euskarazko 'The Lancet'?

Baina zer asmo du Osagaiz-ek: euskarazko The Lancet bat izatea? Noski, nazioarteko medikuntza aldizkari bat sortzea baino askoz apalagoa da helburua, Furundarenak azaldu duenez: «Osasun munduko profesionalen artean euskaraz ere argitaratzeko eta irakurtzeko ohitura sustraitu nahi dugu».

Ikertzaileek ponentziak eta bestelakoak aurkezten dituzte OEEk antolaturiko batzarrean. «Parte hartzaileek beti esaten ziguten horiek sakonago eta formalago landuz gero argitaratu egingo lituzketela». Furundarenak badaki puntako artikuluak beste agerkari batzuetara joango direla, baina, halere, «badaude beste lan asko sarri argitaratu gabe geratzen direnak». Azken horiek dira Osagaiz aldizkariak begiz jotakoak.

Furundarena eta lankideak ikertzaileen atzetik ibili behar izaten dute gaur, testuak artikulu moduan bidal ditzaten argitaratzeko. «Batzuei erreparoa ematen die euskaraz idazteak, ez dutelako uste behar adinako maila dutenik». Furundarena baikor dago, halere: aldizkaria ezagutu ahala osasungintzako profesionalak «animatzen» joango direla uste du. «Pixkanaka joan nahi dugu».

Jasotako oihartzunarekin pozik dago zuzendaria. «Oraindik ere aldizkaria aurkezten gabiltza, euskal munduan kosta egiten baita promozioa egitea».

Osakidetzak emailez jakinarazten die sendagile eta erizainei aldizkaria kaleratzen den bakoitzean. Gipuzkoako Medikuen Elkargoarekin hitzarmen bat sinatu dute, eta diruz laguntzen du aldizkaria. Bizkaikoarekin harremanetan daude, hark ere aldizkaria zabaltzen lagun dezan.

Ez dute sendagileen munduan geratu nahi bakarrik. Botikagintzako lanak ere argitaratu izan dituzte, eta erizaintzaren alorrean ere sartu nahi dute. «Oraingoz ez dugu lortu, eta oso lan gutxi jaso ditugu erizaintza mundutik, agian konplexuak dituztelako medikuen ondoan gauzak argitaratzeko, edo ohitura falta». Furundarenak uste du oso gauza interesgarriak argitara ditzaketela, eta jende askori interesatuko litzaiokeela irakurtzea.

Oraingoz, aldizkaria «sendotzen» egin nahi dute lan. Zuzendariak gaineratu du urtean gehiagotan argitaratuko luketela artikulu gehiago jasotzen hasiz gero.

Euskara osasungintzan normaltzen laguntzeko lana egiten du aldizkariak, besteak beste terminologia lantzen. Zenbaki bakoitzean hiztegi bat argitaratzen dute, baita beste medikuntza aldizkarietan argitaraturiko artikuluen azterketa kritikoak ere.

Irailean, EHUk Osasungintzaren eta euskararen inguruko ikastaro bat egingo du Bilbon. Horretan landurikoak ale berezi batean argitaratuko dituzte. Ikergazte kongresuan ere egongo dira, osasun munduko ikertzaileen lanak jasotzeko. «Bide horretan sakondu nahi dugu».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ezkerretik eskuinera, Inma Moro, Itziar Llanera eta Begoña Olaskoaga, Arrondegiko osasun etxean. ©LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Aztarnariak zaintzaile

Maite Asensio Lozano

Koronabirusean positibo eman dutenen gertuko kontaktuak bilatzea baino gehiago da aztarnari sistemako kideen lana: gaitzari eta bakartzeari buruzko informazioa emateaz edota zailtasunak dituztenen jarraipena egiteaz ere arduratzen dira.

PCR proba bat, Donostian. ©Idoia Zabaleta, FOKU

Beste 855 positibo atzeman dituzte Hegoaldean

Uxue Rey Gorraiz

Inoiz baino PCR proba gehiago egin dituzte azken egunean: 14.298, zehazki. Horietatik 855 kasutan detektatu dute birusa. 337 Nafarroan detektatu dituzte. Aurreko egunean, laurehunetik gora izan ziren lurralde horretan, lehenbiziko aldiz.

Miren Basaras, EHUko COVID-19aren Zaintza Batzordeko arduraduna. ©EHU

EHUk Miren Basaras izendatu du COVID-19aren Zaintza Batzordearen arduradun

Mikel O. Iribar

Mikrobiologoa eta EHUko irakaslea da Basaras, eta koronabirusaren ikerkuntzan badu esperientziarik. Zaintza Batzordearen lehen erronka EHUko egoera epidemiologikoa zein den aztertzea izango da. 

Susanna Paavilainen eta haren txakurra, Kossi, Helsinkiko aireportuan lanean, atzo. ©MAURI RATILAINEN / EFE

Koronabirusa atzemateko txakurrak erabiltzen hasi dira Finlandian

Edu Lartzanguren

Helsinkiko aireportuan hasi ziren lanean atzo animaliokin. Azterketen arabera, txakurrok kasuen ia %100 usaintzen dituzte, kutsaturiko pertsonak oraindik sintomarik garatu ez baditu ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna