ETBk 'Euskalonski' saioaren atal berrien emisioa atzeratu du

Euskarazko saioak dio «albiste ona» dela, eta denbora gehiago izango dutela atalak egiteko
Astelehenean, Tokion grabatutako atala eman zuten. Hilabete batzuetako etenaldia izango du orain saioak.
Astelehenean, Tokion grabatutako atala eman zuten. Hilabete batzuetako etenaldia izango du orain saioak. ETB

Urtzi Urkizu -

2019ko urtarrilak 12
Iraileko aurreneko astelehenean estreinatu zuen ETB1ek Euskalonski saioa —munduan barna dauden euskaldunekin egiten du bidea Pello Reparaz musikariak, atal bakoitza hiri batean—. Gabonetako atsedenaldiaren ostean, aste honetan eman zuten bigarren atal sortako aurrenekoa, Tokion grabatutakoa. Baina bigarren denboraldiko hurrengo atalak hemendik hilabete batzuetara emitituko ditu ETBk. Martxorako izango dituzte atal berriak grabatuak, baina ETBk ez du argitu noiz emango dituzten. «Saio guztiak grabatutakoan erabakiko dugu emisio data berria», esan du ETBko zuzendaritzak.

Euskalonski saioko iturrien arabera, erabakiak ez du zerikusirik El Conquistador del Pacífico saioaren —ETB2k ordu berean estreinatu zuen astelehenean— eta euskarazko programaren sustapenaren auziarekin. Hala adierazi du ETBk ere, eta atzerapena albiste ontzat jo du Euskalonski-ko lantaldeak. Programako iturrien arabera, denbora gehiago izango dute saioa ondo egiteko, eta abantailatzat dute grabazioak hirietan egitea saioa emisioan ez dagoen bitartean. Saioko langileek aitortu dute estu samar aritu izan direla epeetara iristeko.

Reparaz aurkezlea honako hiri hauetan ibiliko da atal berrietan: Helsinki, Praga, Erroma, Santiago, Sydney, Dublin eta Mexiko Hiria. Orotara, hamar atal izango ditu denboraldiak, Tokiokoa aintzat hartuta.

Tokioko atalak, %0,8

Nahiz eta Euskalonski saioko lantaldeak eta ETBko zuzendaritzak esan El conquistador del Pacífico saioak ez duela loturarik euskarazko programaren atalen atzerapenarekin, aintzat hartzekoak dira aste honetan zein izan diren ikusle datuak: prime time ordutegian eman zituzten bi programak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ETB2koak %16ko ikusle kuota lortu zuen, eta ETB1ekoak, %0,8koa —euskarazko katearen bataz besteko kuota %2,2 izan zen abenduan—. Julian Iantzik aurkezten duen gaztelaniazko reality-a ETBren urte hasierako apusturik handiena da, batez ere sustapenean egiten ari diren ahalegina aintzat hartuta.

Astelehen gauetan jarraituko du El conquistador del Pacífico saioak ETB2n, eta ordu berean euskarazko katean zinema emango dute. Etzi, esate baterako, Patxo Telleriak zuzendutako Igelak emango dute, 22:35ean. Euskarazko pelikula musikal hori Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, 2016ko irailean.

Aurreko denboraldian ETB1en filmak eta dokumentalak eman zituzten astelehen gauetan, eta, oro har, ikusle datu txikiak izan zituzten. Horren eraginez, ETBk erabaki zuen hainbat astez Gure kasa programaren iraupena luzatzea, 23:00 arte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna