Euskarazko telesailez arituko dira asteazkenean Crossover jaialdian

Leticia Doleraren 'Vida perfecta' eta Danis Tanovicen 'Succes' proiektatuko dituzte Donostian

Jon Paul Arroyo (Kultur Factory) eta Patxi Presa (Koldo Mitxelena), atzo, jaialdiaren aurkezpenean. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2019ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Bigarren urtez Crossover telesailen kulturari buruzko jaialdia egingo dute Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren eta Kultur Factory agentziaren eskutik. Iaz bezala, euskarazko ekitaldi bakar bat antolatu dute: asteazkenean, Koldo Mitxelena kulturunean, euskarazko fikzioaren iragana, oraina eta etorkizuna errepasatuko dituzte (19:00). Goenkaletik Go!azenera: telebistarako euskal fikzioa izenburupean, solasean arituko dira Xabier Zabaleta Go!azen-en sortzaile eta ekoizlea, Ainhoa Larrañaga Go!azen-eko aktorea —hiru denboralditan aritu da, baina datorren urtean ez du jarraituko— eta Olatz Beobide Goenkale-ko zuzendari ohia —Nomofobikak eta Gutuberrak websailak zuzendu ditu berriki—. Moderatzailea Gaizka Izagirre kazetaria izango da.

Jaialdia egun bat lehenago hasiko da: asteartean, Leticia Dolerak zuzendutako Vida perfecta (Movistar+) telesailaren lehen atala proiektatuko dute Tabakaleran. Proiekzioaren ostean, solasaldi bat egingo dute Dolerarekin, bai eta telesaileko aktore Celia Freijerorekin eta Aixa Villagranekin ere. Hiru aktoreei interpretazio saria eman zieten Canneseries jaialdian, eta telesail onenaren saria ere eman zuen fikzioak, apirilean. Jaialdiko ekitaldi guztiak doakoak dira, baina Vida perfecta-ren proiekziorako gonbidapena lortu behar da. Euskarazko proiekziorik ez da egongo jaialdian.

Telesail italiarrak aztergai

Crossover jaialdiko beste proiekzio berezia hilaren 11n egingo dute: Danis Tanovic zinemagilearen Succes telesaila emango dute Tabakaleran, 17:30ean —telesaila HBOren streaming plataforman dago ikusgai—.

Jaialdia gehiago izango da solaserako telesailak ikusteko baino. Hilaren 10ean, Koldo Mitxelenan, Mafiaz harago: XXI. mendeko italiar telesailak izeneko mahai ingurua egingo dute. Solaskideak Jorge Carrion, Marilena de Chiara eta Lorenzo Mejino izango dira.

Hilaren 11n, azkeneko egunean, emakumezko pertsonaiek telesailetan duten garrantzi gero eta handiagoaz eztabaidatuko dute; bi solaskidek: Raquel Martos kazetari eta gidoilariak, eta Elena Neira Kataluniako Oberta Unibertsitateko irakasleak. Moderatzailea, berriz, Arturo Gonzalez-Campos Los Seriotes saioko (AXN) aurkezlea izango da. Egun berean, Game of Thrones telesailarekin lotutako bi ekitaldi egingo dituzte Tabakaleran: 13:00etan, ekoizpenaren arrakastaz eta industrian izan duen eraginaz hitz egingo dute Amaia Garciak, Adriana Izquierdok, Mikel Sanchezek eta Gaizka Izagirrek.Gauean, Marina Such eta Alvaro Onieva batuko zaizkie borroka bitxi batean: binaka arituko dira argudioak ematen, Burdinazko Tronua zein familiak eskuratu behar duen defendatzeko.

Borja Kobeaga eta Diego San Jose gidoilariek beste solasaldi batean parte hartuko dute, ostegunean, Koldo Mitxelenan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.