'Gure Kasa'-k jarraitu egingo du

Ostegunean 300. atala emango dute, festa giroan. Irailaren 2an hasiko dute denboraldi berria

Gure Kasa-ren 300. atala grabatu zuten atzo. Ostegunean emitituko du ETB1ek, 21:30etik 23:30era. GORKA RUBIO / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2019ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
ETB1eko Gure Kasa programarekin pozik dago Euskal Telebista, eta udako atsedenaldiaren ostean, irailaren 2an hirugarren denboraldia hasiko du. Hala baieztatu du Unai Etxabe saioko zuzendariak. «Oso pozik gaude. Bigarren urtea izan da hau, eta bigarrena izaten da berrespenaren urtea, edo ea zer gertatzen den... Marka egonkortu egin da. Emaitzak nahiko txukunak izan dira, alde guztiak gustura daude, eta horregatik jarraituko dugu irailean», azaldu du Etxabek.

Datorren denboraldiari begira,berrikuntzak izango ditu saioak. Baina programako zuzendariak ezin izan du askorik iragarri: «Kolaboratzaile batzuek jarraitu egingo dute, eta aurpegi berriak ere egongo dira. Gure Kasa-tik pasatu ez diren lagun batzuk kolaboratzaile lanetan hasiko dira». Uztailean oporrak izango ditu lantaldeak, eta abuztuan ekingo diote lanari denboraldi berria prestatzeko. «Abuztuan erabakiko dugu aldaketei zer forma eman, dekoratua nola berritu eta urte osoa nola antolatu».

300. atala, ostegunean

Hilaren 27an bukatuko du bigarren denboraldia Gure Kasa-k. Baina horren aurretik, ospakizun berezi bat izango dute datorren ostegunean, hilaren 20an. 300. atala emango du ETB1ek egun horretan, 21:30etik 23:30era. Ohi baino luzeagoa izango da programa, eta gonbidatu ugari izango dituzte. Etxabek nabarmendu du festa bat antolatzen saiatu direla—atzo arratsaldean egin zuten grabaketa—. «Eskertu nahi izan ditugu gurera etorri diren gonbidatu guztiak. Oraindik gonbidatu ez dugun protagonista bat izango dugu: Gorka Iraizoz atezaina. Eta bigarren zatian, esker ona ematen ahaleginduko gara». Hainbat alorretako gonbidatuak egongo dira programaren bigarren partean: Yolanda Alzolak telebistaren mundua ordezkatuko du; Lander Otaolak eta Ylenia Bagliettok, aktoreena, eta Sebastian Lizasok, bertsolaritzarena eta kultur mugimenduena.

Nahiara Gagok artxiboa arakatuko du, eta 400 gonbidatuekin bizitako unerik onenak oroituko dituzte. «Kontuan hartu behar da Gure Kasa guk egin dugula, baina baita etorri nahi izan duten gonbidatu guztiek ere. Onartu dituzte jolasak egitea. Erakutsi dute primeran pasa dezakegula telebista euskaraz egiten», esan du saioko zuzendariak.

300. atalean, halaber, Ene Kantak taldeko lagunak —irailetik aurrera saio bat egingo dute ETB3n— Astonautarekin eta Satorjatorrekin azalduko dira. Tio Teronen Semeak dantza taldeak saioarentzat propio prestatutako emanaldi bat aurkeztuko du, eta Iñigo Vicensek fitcamp berezia egingo du taldeko dantzariekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.