'Ahotsak' abesbatza lehiaketa grabatzen ari da ETB, irailerako

Zortzi galatan, hiruna koru lehian jarri dituzte. Finala uztailaren 13an egingo dute, Donostian

Abesbatza bakoitzarekin bi bideo grabatu ditu saioak, abeslariek aukeraturiko gogoko leku batean. ETB.
Edu Lartzanguren.
2019ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Abesbatza lehiaketa grabatzen ari da ETB egunotan, irailean emateko. Ahotsak izena izango du lehiaketak. «Ez du inongo antzik Oh Happy Day! harekin, biak lehiaketa izateaz aparte», esan du Usua Garin saioko zuzendariak, ETBk 2009-2010 aldera eginiko saioa aipatuta. «Formatu aldetik oso ezberdina da, eta baita itxuraz ere». Zortzi gala egin dituzte, eta final handia egingo dute astebete barru. Gala bakoitzean hiru abesbatza aritu dira lehian.

Ikusleek etxean ikusiko dute abesbatzek hiru erronkari egin beharko diotela aurre. Lehenengoan, eurek aukeraturiko kanta abestu beharko dute, baina bideoklip moduan erakutsiko dute. Izan ere, saioko taldeak grabatuko die bideo musikala, abesbatza bakoitzak aukeraturiko leku ikusgarri batean, norberaren herri inguruko paisaia batean. «Estetikoki oso landuta egongo den bideoklip bat da, nahi izan dugulako etxean ikusten duenak irudiekin gozatzea». Abesbatza bakoitzak erabaki du zein itxura eman bideoklipari, koreografia, musika tresnak sartu nahi izan dituen... «Paisaiak garrantzi handia hartuko du».

Julian Iantzik aurkeztuko du saioa, baina Hibai Etxebarria musika adituaren laguntza izango du. Musikaria eta pedagogoa da Etxebarria, eta hark, lehenengo bideoklipa ikusita, horren balorazioa egingo dio abesbatza bakoitzari, eta erronka bat jarriko dio. Erronka horri aurre egiteko, bigarren abestia aukeratuko du koru bakoitzak, eta beste bideo bat grabatuko dute horrekin.

Gala bakoitza, Hegoaldeko herri batean egingo dute, kalean. Hor elkartuko dira Iantzi, Etxebarria, abeslariak eta abesbatza bakoitzeko zuzendaria. Herritarrek bideoklipa ikusiko dute, eta hoberena aukeratuko dute. Ondoren, erronkari hobekien nork erantzun dion baloratuko du adituak. Azkenean, zuzenean arituko dira abesbatzak, eta, horretatik, irabazle bat aterako da.

24 abesbatza

Denera 24 koruk hartuko dute parte lehiaketan, hainbat herritakoak. Zarautzen, Ordizian, Hernanin (Gipuzkoa), Elorrion, Bermeon, Lekeition (Bizkaia), Lizarran (Nafarroa) eta Gasteizen grabatu dituzte galak. Final handia datorren larunbatean —uztailaren 13an— grabatuko dute, Donostiako Saguesen. Herritarrek libre izango dute emanaldia eta grabazioa ikustea.

Denetako doinuak aukeratu dituzte abeslariek, Garinek azaldu duenez: Euskal Herriko kanta tradizionalak, elizakoak, pop kantak, afrikarrak... «Errepertorioa oso aberatsa da».

Lekuak berak garrantzi handia du saioan, eta kalean egiteak urrundu egiten du saioa ohiko talent-show-etatik. «Jendea harritu egiten da, beharbada ez daudelako ohituta abesbatzak kalean ikusten eta entzuten». Lehiaketa da, baina hori bigarren planoan geratuko da, ikusleen gozamena bilatuko dutelako. «Abesti batzuekin jendea asko hunkituko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.