El Punt Avui TV itxi egingo dute, eta 11 langileak kaleratu egingo dituzte

Bost urteko bidea egin du katalanezko kateak. LTDko hamabi lizentziak itzaliz joango dira

El Punt Avui TV katearen webgunearen azala. BERRIA.
urtzi urkizu
2019ko urriaren 26a
00:00
Entzun
El Punt Avui katalanezko egunkariaren telebista kateak grabazioak eten ditu aste honetan, eta, horrenbestez, ez dute beste saiorik grabatuko. Zazpi langile kaleratu dituzte jada; telebistako beste lau langileak urtearen bukaeran geldituko dira beharrik gabe. Izan ere, abenduaren 31n itxiko dute El Punt Avui TV. Enpresako administrazio kontseiluak ostegunean jakinarazi zien erabakia langileei.

El Punt Avui TV ez da kanal bakar hutsa, baizik eta Katalunia osoko hamabi eskualdetan banatuta zegoen tokiko telebista bat. Lurreko telebista digitaleko hamabi lizentzia ditu, eta, enpresak berak jakinarazi duenez, emisioak itzaltzeko prozesuari ekin zioten atzo. Eskualdearen arabera eta lizentziarekin hartutako konpromisoaren arabera, lehenago edo geroago itzaliko dituzte emisioak.

Bost urteko ibilbidea egin du telebista kateak. Enpresak jakinarazi duenez, erabakiak komunikazio taldea «berrantolatzeko beharrari» erantzuten dio, «gaur egungo testuinguru ekonomikoari erantzun ahal izateko». Hermes Comunicacions taldeak «balorazio ona» egiten du telebistagintzan izandako esperientziaz. «Ikus-entzunezko edukiek jarraituko dute taldearen parte izaten, baina hemendik aurrera paperezko egunkariaren edizioan eta edizio digitalean jarriko dugu arreta guztia».

Enpresako arduradunek langileei esan diete gaur egungo testuinguru ekonomikoan «bideraezina» zela LTDko emankizunekin segitzea. El Punt Avui TVren saio izarra L'Illa de Robinson zen (aktualitatearen berri ematen zuen programa bat), eta asteartean eman zuten azkeneko aldiz.

Langileak, haserre

Itxieraren berri izan eta gero, El Punt Avui egunkariko langileekzuzendaritzari exijitu diote batzar orokor bat deitzeko, enpresaren egoera ekonomikoaren berri emateko eta langileei etorkizunerako dituen planen berri emateko.

El Punt Avui TV kateko langileek, berriz, salatu dute itxiera eta kaleratzeak jakinarazteko moduak ez direla egokiak izan, «batez ere kontuan izanda lantaldeak egunez egun proiektua aurrera ateratzeko egin duen ahalegina, eta kontuan hartuta kateak kalitate aparta eman duela, baldintza eskasetan eta babes txikiarekin». Langileek diote lantaldea beti egon dela prest lan gehigarriak egiteko eta enpresak eskatutako ahaleginei erantzuteko.

Egunkariaren egoera ere ez da batere ona. Iazko urtarrilean, Bartzelonako erredakzioa itxi zuten. Gironako egoitzari eutsi dioten arren, langileen %40 kaleratu zituzten, lan erregulazio txosten bat aurkeztu ostean. Gelditu ziren langileei, berriz, soldata %10 murriztu zieten.

Avui 1976an hasi ziren argitaratzen, eta El Punt Gironako eskualdeko kazeta gisa sortu zuten, 1979an. 2011n, El Punt-ek eta Avui-k bat egin zuten, aurrenekoak bigarrena erosita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.