Filipinetako ABS-CBN telebistak emisioak eten behar izan ditu

Emisio lizentzia iraungi zaio kateari, eta hori baliatu du Duterte presidenteak katea isilarazteko

Zenbait herritarrek, protesta gisa, kandelak jarri zituzten atzo ABS-CBNren egoitzaren kanpoaldean. ROLEX DE LA PEÑA / EFE.
urtzi urkizu
2020ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Rodrigo Duterte Filipinetako Gobernuko presidenteak behin baino gehiagotan mehatxu egin izan du ABS-CBN telebista katea —herrialdean dagoen indartsuena— ixteko asmoa aipatuz, eta azkenean aurrera eraman du mehatxua: Filipinetako Telekomunikazio Batzorde Nazionalak atzo agindu zuen telebistaren emisioak etetea, haren lizentzia iraungi delakoan. Lizentzia hori berritzea kongresuan eztabaidatu eta bozkatu behar da, baina atzerapen ugari egon dira, eta iraungitzearen zirrikitua erabili du gobernuak katea isilarazteko. ABS-CBNk esan du bete egingo duela agindua —emisioak atzo bertan eten zituzten—. Hala ere, salaketa egin du komunikazio taldeak: «Filipinetako milioika herritar informazio iturririk eta entretenimendurik gabe geldituko dira, hain justu COVID-19aren pandemiaren erdian jendeak informazio zehatza eta egokia behar duen garai batean». Telekomunikazio batzordeak adierazi du kateak ezingo duela 2022ko ekainera arte emititu.

ABS-CBN aitzindarietako bat da Asiako hego-ekialdeko telebistagintzan; taldea 1946an sortu zuten, Bolinao Electronics Corporation izenarekin. Gaur egungo izenarekin, berriz, 25 urte daramatza Filipinetan emititzen. 11.000 langile ditu. Telebista kateaz gain, zenbait irrati, paperezko argitalpenak eta Interneteko atariak ditu. Telebistak, era berean, akordioak ditu Latinoamerikako telebista askorekin.

Ika-mikak bost urtez

Dutertek eta komunikazio taldeak ez dute harreman onik izan azkeneko urteetan. 2016an, Dutertek presidente izateko lehiari ekin zionean, ABS-CBNk ezezkoa eman zion haren hauteskunde iragarki bat emateari, hauteskunde batzordearen oniritzia ez zuelako. Duela hiru hilabete, bestalde, Jose Calida Estatuko fiskal nagusiak eskaera bat aurkeztu zuen Filipinetako Auzitegi Gorenean, telebistaren lizentzia bertan behera utz zezan. Calidaren ustez, telebista hori «legez kanpo» ari zen emititzen, «partzialki atzerriko kapitalak finantzatzen duelako». Kateak erantzun zuen legearen barnean zeudela atzerriko kapitalaren ekarpenak.

Filipinetako Gobernuko ordezkariek asteon adierazi dute presidenteak ez duela parte hartu itxieraren erabakian, eta hori telekomunikazio batzordeari dagokiola. «Presidentearen iritzia da telekomunikazio batzordearen erabakia errespetatu behar dela», esan du Harry Roque gobernuko bozeramaileak. Hala ere, kazetari kritiko zenbaitek nabarmendu dute lizentzia berritzeko kongresuan izaten ari diren atzeratzeak Alan Cayetano ganberako presidentearen «erabaki berariazkoak» direla —Duterteren aliatua da Cayetano—.

Telebistaren behin-behineko itxierak sumina eragin du Filipinetako herritar eta kazetari askorengan. Sare sozialetan, #NoToABSCBNShutDown eta #DefendPressFreedom traolak erabili dituzte erabakia salatzeko. Beste herritar batzuek kandelak jarri dituzte katearen egoitzaren kanpoaldean, Manila hiriburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.