Asteazkeneko finalarekin amaituko da Egunean Behinen denboraldia

Laugarren denboraldian 90.000 erabiltzaile izan ditu aplikazioak. Irailean itzuliko da jokoa

Edurne Azkarate aktoreak aurkeztu ditu Egunean Behinen zuzeneko emanaldiak. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Egunean Behin jokoak arrakasta biltzen jarraitzen du, eta astero 60.000 jokalari inguruk erantzuten dituzte tribial gisako galderei. Igandean amaituko da denboraldia, eta datorren asteazkenean, 21:30ean, finala egingo dute online. Baina ez da izango orain arte bezalako finala, denboraldiko emaitza onenak lortu dituzten jokalarien artekoa; nahi duen orok parte hartu ahal izango du. Finalarekin amaituko da, beraz, Egunean Behinen laugarren denboraldia.

Interneteko proiektuak garatzen dituen Codesyntax enpresak sortu zuen jokoa, 2019an, eta talde horretako kide da Josu Azpillaga. Gustura azaldu da laugarren denboraldiak izan duen harrerarekin: «Nahiko zalantza geneuzkan, aurreko denboraldia oso arrakastatsua izan zelako, eta zaila delako eustea». Dioenez, sakelako telefonoen aplikazioek arrakasta lortzen dutenean maiz hala gertatzen baita: apurka erabiltzaile kopurua jaisten hasten da. Hori ez gertatzeko eta jokalariei eusteko, urte guztian hainbat denboraldi antolatu dituzte, eta hein batean helburu hori bete dela dio. Hirugarren denboraldian, uneren batean 100.000 jokalari inguruk erantzun zieten aplikazioko galderei, eta, laugarren honetan, 90.000 erabiltzaileren muga gainditu dute. «Egia da euskarazko aplikazio batekin zaila dela 100.000 erabiltzailetik gora izatea». Ikusitakoak ikusita, beraz, balorazio positiboa egin du.

Aplikazioaren garatzaileak, oro har, oso gustura daude Egunean Behinek izan duen harrerarekin. «Egunero 60.000 lagunek gure jokoari bi minutu eskaintzea harrigarria egiten zaigu oraindik, eta hori euskaraz izatea oso ondo baloratzen dugu». Erabiltzaileen aldetik bakarrik ez, babesleen aldetik ere harrera beroa izan du laugarren denboraldiak. Jokoak astero babesle bat izan ohi du, eta saria eurek ematen dute. Denboraldi berria abiatzerako babesle guztiak lotuta zeuzkatela azaldu du Azpillagak.

Zuzeneko emanaldiak

Denboraldiz denboraldi berritasunak txertatu dituzte jokoan, eta, azken honetan, lau asteazkenetan zuzeneko saioak egin dituzte. Edurne Azkaratek gidatuta eta gonbidatu baten laguntzarekin, hala nahi zuen orok eguneroko partidaz gain beste bat jokatzeko aukera izan du. Zuzeneko saioetako gonbidatuak hauek izan dira: Aitziber Garmendia aktorea, Antton Telleria aurkezlea, Jone Uria bertsolaria eta Dylan Inglis ingeles euskaldun berria. Zuzeneko horietako bakoitzean, 3.000 pertsona inguru batu dira. «Teknikoki erronka bat izan da», eta datorren asteazkenean online final irekia egin ahal izateko teknologia garatu ahal izan dute horrela.

Asteazkeneko zuzeneko emanaldiaren osteanx etenaldia egingo du jokoak, baina irailean bueltan izango direla aurreratu du Azpillagak. Bosgarren denboraldiak ere berritasunak izango ditu, baina oraindik lotu gabe daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.