NBCk bihar jarriko du martxan Peacock 'streaming' plataforma

Doan ikusteko aukera izango du plataformak, baina iragarkiekin eta eduki gutxiagorekin

Bihartik aurrera ikus-entzunezko 15.000 ordu eskuragarri izango dira Peacocken. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Ikus-entzunezkoen merkatuak streaming bidezko plataforma berri bat izango du bihartik: Peacock. Aurrerantzean lehiakide berria izango dute, beraz, Netflix, Prime Video, Disney+ eta HBO gisako plataforma digitalek. NBC hedabide estatubatuarrak jarriko du martxan, eta hasiera batean apustu nagusi bat zeukaten: Olinpiar Jokoak. NBC da gaur-gaurkoz, AEBetan jokoen telebista ofiziala, baina Tokioko jokoak bertan behera geratu ziren, eta hasierako apustu hori galdu zuten. Dena den, bihartik aurrera eskura jarriko dituzte hainbat eduki; denetara 15.000 ordu.

Plataforman bazkide izateko hiru modu jarriko dituzte eskura: doako bertsioa iragarkiekin eta eduki mugatuekin, eta ordainpekoa. Azken kasu horretan, gainera, bi modutan egin ahalko da harpidetza: hilean bost dolarren truke —4,4 euro— iragarki gutxiago eta eduki gehiagorekin, edo hamar dolar ordainduta —8,8 euro— iragarkirik gabe eta eduki denak eskura. Oraingoz Peacock AEBetan bakarrik egongo da eskuragarri, eta nazioartera salto egiteko asmorik ez du azaldu hedabide estatubatuarrak.

Telesailak, atzera begira

Plataforman, NBCk urteetan zehar ekoiztu dituen telesail ugari ikusteko aukera izango da. Denera, 600 film eta 400 telesail. Besteak beste, The Office, 30 Rock, Brooklyn Nine-Nine, Frasier, Saturday Night Live, Cheers, Downton Abbey, The Real Housewives, Miami Vice, Chicago Fire edo Law & Order. Horiez gain, streaming-erako eduki propioak ekoizten ari da Peacock.

Grabatu dituzten telesail horietatik guztietatik bitan atzera begira jarriko da plataforma. Izan ere, 1990eko hamarkadan ezagunak izan ziren Punky Brewster eta Saved by the Bell telesailen jarraipenak ekoizten ari dira. Ia hiru hamarkada geroago, bi telesail horiek segida izango dute. Punky Brewster-en kasuan, Soleil Moon Frye aktoreak telesailari izena ematen zion haurraren rolera itzuliko da, baina 30 urte geroagoko bere egoeratik abiatuta. Alegia, telesailean hiru haurren ama banandu baten rola beteko du, eta bere haurtzaroa gogoraraziko dion mutiko batekin egingo du topo telesailaren bigarren aroan.

Saved by the Bell telesailean, berriz, Bayside institutuan ikasle berriak agertuko diren arren, Mario Lopez aktorea berriz ere A.C. Slaterren paperean sartuko da; kasu honetan gorputz hezkuntzako irakasle izango da.

Telesail horiez gain, NBCren kirolen zein albisteen kateak ere eskuragarri izango dira streaming plataforma berrian, baina baita bestelako edukiak ere: Universal Pictures, Focus Features edo DreamWorks estudioen filmak ikusi ahal izango dira, eta, AEBetan bizi den komunitate latinoa erakartzeko, Telemundo telebista katearen edukiak. Zientzia fikziozko Syfy katearen programa eta telesailak ere emitituko dira. Plataforma digitalen merkatuan, beraz, bere lekua izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.