EITBk ziberjazarpenari buruzko websail bat emango du

Txekiar Errepublikako '#Martyisdead' atalka emango dute webean, eta ETBn osorik hilaren 27an

Emmy International sari bat jaso du #Martyisdead websailak. EITBk euskarara bikoiztuta emango du. EITB.
urtzi urkizu
2022ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Interneteko bullying-aren inguruko kanpaina bat jarriko dute martxan EITBko hedabide guztiek datorren astelehenean. Askotariko edukiak eskainiko dituzte gaiaren inguruan, eta webgune propio bat ere prestatuko dute. Edukien artean, bereziena Txekiar Errepublikako #Martyisdead websaila izango da: hilaren 21etik aurrera, egunero atal bat jarriko dute EITBren webgunean, 15:30ean —EITBren Youtubeko kanalean ere ikusgai egongo da—; eta ETB1ek zortzi atalak errenkadan emango ditu, hilaren 27an, 21:30ean. Atal bakoitza 10-12 minutu ingurukoa da.

#Martyisdead websaila Pavel Soukupek sortu eta zuzendu du. Iaz atal laburretako telesail onenaren Emmy International saria irabazi zuen. Istorioak ziberjazarpenaren gaiari zuzenean heltzen dio: ustekabean hil da Marty izeneko 15 urteko mutil bat. Zendu aurretik grabatutako bideo beldurgarri sorta bat utzi du. Minak atsekabetuta, Martyren aita semearen bizitza digitalaren zatiak berreraikitzen saiatuko da, bere amaiera tragikoaren nondik norakoen berri izateko. Websailaren arduradunek nerabeekin lan egiten duten psikologoen esperientzia baliatu dute fikzioa sortzeko, eta zibersegurtasuneko adituen eta beste profesional batzuen laguntza izan dute. Egileak beste proiektu batean ari dira lanean: #Annaismissing. Merkatu beltzean bideoak eskaintzeko lan egiten duen talde baten eta neska baten bahiketaren istorioa kontatuko dute.

Hilaren 27an, websailaren emanaldiaren ostean, ETB1ek saio berezi bat eskainiko du. Xabier Madariagak aurkeztuko du, eta ziberjazarpenaren inguruko gakoak ematen saiatuko dira gonbidatu hauek: Esti Linares Deustuko Unibertsitateko ikertzailea, Tamara Martinez gizarte langilea, Alexander Rodriguez orientatzaile eta psikologoa, eta Ageda Laraudogoitia irakaslea. Ondotik Interneten ere ikusi ahalko da programa hori.

Matxismoa sarean

Madariagak berak aurkezten du Ur handitan saioan, eta bertan Matxismoa sarean gaiari helduko diote datorren asteartean. Itsaso Cañada Peña sexologoak tailer bat antolatu du sei gazterekin, eta haien lekukotzak jasoko dituzte. Bestetik, Madariagak Esti Linares elkarrizketatuko du —sareetako indarkeria matxistan aditua da Linares—. Erreportajeak, bestetik, Interneteko sare sozialen alde onak ere nabarmenduko ditu, eta mugimendu eraldatzaile gisa zer funtzio izan dezaketen aztertuko dute.

Telebistako emanaldiaren aurretik, erreportajearen aurrestreinaldia egingo dute asteartean bertan, 12:00etan, Gasteizko Ekialdea II institutuan. Solasaldi bat egingo dute gero.

Interneteko bullying-aren gaineko hogei bideo didaktiko zabalduko ditu EITBk datozen egunetan. Go!azen eta Irabazi arte telesailetako aktoreek gaiaren inguruko aholkuak emango dituzte lan horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.