'Azpitituluak.eus' berrituaren ardura CodeSyntaxek hartu du

Datozen asteetan, hainbat telesailetako 50 atalen eta ehun filmen azpidatziak gehituko dituzte

Game of thrones-en zazpigarren denboraldiko atalak —euskal kostaldeko irudiekin— azpidatzi dituzte. IÑAKI ANDRES / EFE.
urtzi urkizu
2019ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Bermeoko Gaztelugatxen eta Barrikan (Bizkaia) eta Zumaiako Itzurunen (Gipuzkoa) grabatu zituen HBO kateak Game of thrones telesailaren zazpigarren denboraldiko hainbat eszena. Atal horiek euskarazko azpidatziekin ikusteko aukera egongo da hemendik egun gutxira, Azpitituluak Euskaraz proiektuko boluntarioei esker. Euskarazko azpidatzi gehiago ere eskura izango dira laster: Billions telesailaren bigarren denboraldia, The Leftovers-en hirugarren eta azkenekoa, eta Babylon Berlin-en aurreneko atal sorta. Azpitituluak.eus berrituta jarraituko du aurten: webgune berrituarekin, 22 filmen fitxak eta azpidatziak jarri dituzte. Eta, datozen asteetan, hainbat telesailetako 50 atalen eta ehun filmen azpidatzi berriak gehituko dituzte. Eibarko (Gipuzkoa) CodeSyntax enpresak hartu du webgunearen ardura, webgunea berritu eta edukiz hornitzen jarraitzeko konpromisoarekin.

Luistxo Fernandezen eskutik sortu zen proiektua, 2008. urtean. Hamar urtean, mila lan ingururen azpidatziak bildu zituzten. Baina, duela urtebete, Fernandezek gelditzea erabaki, eta errelebo posible baterako aukera ireki zuen. Azpitituluak.eus-en sortzaileak azaldu duenez, iazko udaberrian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzetara aurkeztu zuten proiektua. 3.270 euroko laguntza jaso zuen, webgunea berritu eta hainbat eduki berri gehitzeko. CodeSyntax enpresak ardura hartu du webguneak «ahalegin komunitario» gisa funtzionatzeko: erabiltzaile izen batekin erregistratuz gero, azpidatziak eta filmak kargatu ditzakete boluntarioek.

Fitxetan erantzun egin dezakete kontsumitzaileek, baita webguneko albistegian parte hartu ere. Azpitituluak.com zena Azpitituluak.eus bihurtu da, baina webgune zaharreko URL eta estekek automatikoki eramaten dute webgune berrira. Kudeatzaileek nabarmendu dute boluntarioen ekarpenak entzuteko prest jarraitzen duela webguneak.

'Toni Erdmann', 'Fences'...

Pelikula esanguratsuez goza daiteke euskarazko azpidatziekin, Azpitituluak.eus berrituari esker. Esate baterako, gehitu dituzten filmen artean Maren Ade zuzendariaren Toni Erdmann dago—Cannesko jaialdian Fipresci saria eraman zuen, eta Europako Zinemaren sarietan, filmik onenarena, baita zuzendari, gidoi eta bi aktore protagonista onenenak ere—. Denzel Washingtonek zuzendutako Fences drama afro-amerikarra eta Elio PetrirenLa decima vittima (1965) klasiko italiarra ere euskaraz azpidatzita daude.

Nazioartean arrakasta handia izan duten telesail askoren atalak daude euskaraz azpidatzita. Azpitituluak.eus-en eskura daitezke, besteak beste, Twin Peaks,Mr. Robot, The Newsroom, True Detective, Mad Men, House of Cards, Orange is the New Black, Silicon Valley eta The Blacklist telesailetako zenbait denboralditako azpidatziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.