ETBk historia egin nahi du

'El conquistador del Pacífico' saioa etzi hasiko da ETB2n; Panaman grabatu dute aurreneko aldiz

El conquistador del Pacífico saioaren kartel erraldoia jarri dute Donostiako Hernani kalean, gaztelaniaz. J.C. RUIZ / FOKU.
urtzi urkizu
2019ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Bilboko Areatzan eta Donostiako udaletxearen parean, hizki handi-handitan irakur daiteke: Van a hacer historia (Historia egitera doaz). Euskal Telebistak kartel erraldoiak jarri ditu bi hirietan El conquistador del Pacífico saioaren estreinaldia iragartzeko. Euskarazko hitzik ez da ageri. ETB2k astelehen gauean estreinatuko du bere reality izarra. Hamabosgarren aldia du saioak, eta aurten, aurrenekoz, Panaman egingo dute. Herrialde horretako Las Perlas uhartean ariko dira lehian, hain zuzen ere, 33 partaideak. Muturreko beroa jasan beharko dutela iragarri du kateak.

El conquis-en itzulerako saio berezia Miramongo estudiotik egingo dute. Ainhoa Etxeberriaren, Humberto Gutierrezen eta Gazteako Txurruren parte hartzea izango dute. Ostegunerako, bestalde, EITBk ekitaldi bat antolatu du Bilboko BBK aretoan. Han izango dira aurreko denboraldietako hainbat parte hartzaile eta kapitain ospetsu.

Egunotan, ETBko saioen artean etengabe ari dira reality-aren iragarkia ematen. Twitterren, berriz, abenduaren 25ean hasita, ordaindutako txioa zabaltzen ari dira. EITBk hedabideei bidaltzen dizkien prentsa oharretan eta ordutegien programazioetan saioaren iragarkia ageri da.

EITBk ez du jakinarazi zenbat diru gastatuko duen ETB2ko saioaren promozioan. Aldiz, azaldudu 2018. urtean zortzi izan direla promozio kanpaina nagusiak: EITB taldeari dagokionez, albistegiak, CIESen irratietako datuak, Olentzero eta EITB maratoia;ETBri dagokionez, ETB1eko ordutegi nagusiko saioak, Hiru3 komunitatea eta haur programazioa, El conquistador eta La víctima número 8. «Azkeneko lau horien artean, baliabide ekonomiko berdintsuak bideratu dira euskarazko kanpainetara eta gaztelaniazkoetara. Hala ere, pixka bat handiagoa izan da euskarazkoen gastua», esan du EITBko promozio sailak.

Iaz, Hego Euskal Herriko hiriburuetan Julian Iantzi aurkezlearen kartel handiak jarri zituzten, El conquistador saioa iragartzeko. Edu Barinaga ETBko zuzendariak hala esan zuen BERRIAn, otsailean: «Pentsatu genuen bazela garaia kanpaina bat kalean egiteko, beste publiko batzuengana iristeko. Balorazioa egingo dugu. Ona baldin bada, halako kanpainak ETB1eko saioekin ere egingo ditugu».

'Euskalonski', ordu berean

Oihartzun txikiagoarekin iritsiko da astelehenean ETB1era Euskalonski saioaren bigarren denboraldia (22:35). ETBk atzo emanzuen osorik aurreneko aldiz euskarazko saioaren iragarkia; aldiz, El conquis-ekoa ematen hainbat aste daramatza.

Tokion hasiko du denboraldia Pello Reparaz musikariaren saioak. Euskaraz ikasi duten hainbat japoniar elkarrizketatuko ditu aurkezleak. Halaber, Tadayosi Himeda zinemagilearen Ama lur filma ikusiko dute. Iñaki Zulaikari esker, lehiaketetako autoei eta karaokeei buruzko sekretuak deskubrituko dituzte ETB1eko programan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.