Euskal presoen senideen inguruko erreportajea emango du bihar ETBk

'Katebegia' saioan emitituko dute. Juan Mari Jauregi zenaren alaba elkarrizketatu dute
Sara Majarenas preso ohia, <em>Galderaz jositako bidaia</em> erreportajeko irudi batean.
Sara Majarenas preso ohia, Galderaz jositako bidaia erreportajeko irudi batean. BALEUKO

Urtzi Urkizu -

2019ko urtarrilak 9
Galderaz jositako bidaia izeneko erreportajea ikusi ahalko da bihar ETB1eko Katebegia saioan, 22:30ean. Euskal presoen senideak izango dira saioko protagonistak. Senideak bisitatzera joaten direnen bizipena izango da ardatza, baina beste ertz batzuei ere helduko dio Irati Sarasua kazetariak erreportajean.

Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu ohia izango da saioan presoen inguruan mintzatuko direnetako bat. Toñaren lagun bat eta haren emaztea hil zirenean, haien seme-alaben ardura hartu zuen. Seme-alaben artean, garai hartan ihesean zebilen mutil bat zegoen: Aitzol. Haren aita hil eta urtebetera atxilotu zuten. Geroztik, bederatzi urteotan, Toñak bi hilean behin egin dio bisita.

Sara Majarenas preso ohia izango da beste protagonistetako bat. Kartzelan preso egon zen garaiaz hitz egingo du Sarasuarekin, baita bikotekide zuena beren alaba hiltzen saiatu zen egunaz ere. Hurrengo egunera arte ez zuen gertatutakoaren berri izan, ezta alabak zuen larritasunaz ere. Bizitzaz eta heriotzaz mintzatuko da Majarenas erreportajean.

Maria Jauregik 19 urte zituen ETAk haren aita Juan Mari Jauregi Tolosan (Gipuzkoa) hil zuenean. Unibertsitatean, hainbatetan presoen inguruko eztabaidak izan ditu, eta ikaskideei beti esan izan die denek merezi dutela beste aukera bat. Kasu batzuetan, modu honetan erantzun izan diote: «Diozuna esaiezu ETAren biktimei», Jauregi bera biktima bat dela jakin gabe.

Joxe Mari Agirretxe ere azalduko da saioan —urte ugari daramatza Porrotx pailazoarena egiten—. Gaixo dagoen Ibon Fernandez Iradi presoaren osaba da. Bestalde, sakabanaketaren aurkako bideo bat egin zuen duela hamar urte inguru, eta, bideo horren ondorioz, jazarpena pairatu zuten pailazoek, eta hainbat ekitaldi ere galdu zituzten.

Sarasuak iragarri du «barrua» mugitzen duten kontakizunak egongo direla saioan. «Aurrez aurreko eta hurbileko kontaketak askotan oso barnetik hitz egitea dauka, eta uste dut hori dela saio honek eman diezagukeena: gure gizartea eta gertakarien oinarrian dauden pertsonen bizipenak».

Herrera de la Manchan

Esne Beltza taldeko musikari Xabi Solanok kontatuko du berak lan egin duen talde gehienetako hitzak kartzelan egona den eta egun ihes eginda dagoen lagun batek idazten dituela. 1995. urtean laguna desagertu zen eguna gogoratuko du kamera aurrean.

Sarasuak eta saioko lantaldeak bidaia bat egingo dute Herrera de la Manchako (Espainia) espetxe ingurura. Kartzela ondoan dagoen Menano hotela bisitatu, eta bertako jabea elkarrizketatuko dute. Presoen senideekin izan ohi duen harremanaz mintzatuko dira.

Sarasuari nabarmentzekoa iruditu zaio elkarrizketatu guztiek esan diotena: «Hau ezin dela errepikatu esan didate. Sufrimendurik gabeko eta bakean oinarritutako gizarte bat behar dugula diote».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna