'Si no t'hagués conegut' telesaila Netflixera iritsiko da aste gutxi barru

Plataformak erosten duen katalanezko hirugarrena da. TV3 katean %11,4ko ikusle kuota izan du
Pablo Derqui eta Mercedes Sampietro aktoreak, telesailaren eszena batean.
Pablo Derqui eta Mercedes Sampietro aktoreak, telesailaren eszena batean. TV3

Urtzi Urkizu -

2019ko urtarrilak 10
Antzezlana lehenbizi, telesaila gero, eta, Katalunian TV3 katean eman ostean, orain mundu osoan Netflixen zabalduko dute: Sergi Belbelek sortutako Si no t'hagués conegut katalanezko telesaila streaming plataforman jarriko dute hilaren amaieran. Ez da katalanezko aurrenekoa; lehendik, Benvinguts a la familia-ren lehen denboraldia eta Merli-ren hiru denboraldiak zabaldu dituzte Interneteko plataforman, mundu osorako, katalanez eta beste hizkuntza batzuetara bikoiztuta.

Drama erromantiko bat da Si no t'hagués conegut. Antzezlana Si no te hubiese conocido (Ezagutu izan ez bazintudan) Madrilen estreinatu zuten, eta aktore protagonistak Unax Ugalde eta Marta Hazas izan ziren. Telesailean, berriz, Pablo Derquik, Andrea Rosek eta Mercedes Sampietrok jokatzen dituzte rol nagusiak.

Belbelek azaldu du aldi berean istorio berarekin antzezlana eta telesaila egiteko ideia zuela hasieratik. «Nik gehien desiratzen nuena gertatu zen: antzezlana estreinatzea, eta handik gutxira telesaila ematea. Bestalde, 155. artikulua aplikatu izan ez balute, estreinaldiak aldi berean izango ziren biak, baina 2017ko udazkenean ekoizpenak gelditu egin behar izan zituzten TV3en».

Telesailaren gidoiak Belbelek idatzi ditu, Roc Esquiusenekin eta Cristina Clementerekin batera. Eta zuzendari lanetan Kiko Ruiz Claverol eta Joan Noguera aritu dira. Diagonal TV ekoizpen etxeak (La catedral del mar) TV3ekin batera ekoitzi du. Katalanezko kate publikoak urriaren 15etik abenduaren 17ra eman zituen hamar atalak, eta batez beste %11,4ko ikusle kuota lortu zuen.

Unibertso paraleloen istorio bat izanda, aukera asko ematen dituela nabarmendu du Belbelek. Eduard protagonistari bizitza goitik behera aldatuko zaio hark zeharka eragindako istripu batek tragedia bat eragitean. Funtsean, doluari buruzko istorio bat da. «Antzezlanean, protagonista atzeraka doa, eta beste bide bat aukeratzen du. Telesaila, berriz, ez doa denboran atzeraka, baizik eta beste errealitate batera. Derqui aktoreak bere pertsonaiaren zortzi bertsio desberdin interpretatzen ditu. Eta Rosek, bost. Errealitate paraleloetan doaz».

Netflixi esker telesaila mundu osoan ikusi ahal izatea «kitzikagarria» egiten zaio gidoilariari: «Bat-batean dena aldatu da. Hartzaileak ez dira soilik ingurukoak, baizik eta mundu osokoak. Horrek eragina du fikzioen idazketan ere». Netflixek telesaila erosteak bultzada handia eman zion proiektuari. TV3 katean ikusle asko harritu ditu telesailak. Belbelen arabera, adin ertaineko emakumeen artean harrera oso beroa izan du.

Udaberrian iritsiko da antzezlana Hego Euskal Herrira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna