Ikuslez bete ohi den gurdia

Mediaset taldeko kateek ikusle kuotaren %29,6 bereganatu zuten iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Tele5 kate nagusia 1,4 puntu hazi zen, eta sei puntu ateratzen dizkio bigarrenari.
<em>GH VIP</em> saioko finalaren irudi bat. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %35,4ko ikusle kuota izan zuen abenduaren 20an.
GH VIP saioko finalaren irudi bat. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %35,4ko ikusle kuota izan zuen abenduaren 20an. TELE5

Urtzi Urkizu -

2019ko urtarrilak 11
Bi talde handik bereganatzen dute LTDko merkatuaren pastela Hego Euskal Herrian: Barlovento Comunicacion enpresaren datuen arabera, telebistako publizitate fakturazioaren %85 inguru Mediaset eta Atresmedia taldeek dute. Eta bi taldeen artean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Mediasetek duen nagusitasuna erabatekoa da. Talde horretako kateek ikusle kuotaren %29,6 bereganatu zuten 2018an hiru herrialdeetan: Tele5k, %16koa; Cuatrok %5,7koa; FDFk, %2,2koa; Energyk , %2,1ekoa; Divinityk, %1,8koa; Boingek, %1,2koa; eta Be Madek, %0,6koa. Atresmediak baino bost puntu gehiago, alegia. TVEko kateen kuota %15,4 izan zen, eta ETBren lau kateena, %11,5.

Javier Lopez Cuenllas Espainiako Mediaseteko marketin zuzendariaren iritziz, hainbat gakoren eraginez dira liderrak Euskal Autonomia Erkidegoan. «Iruditzen zait arrazoi nagusia kateak elkarren osagarri bihurtzeko taldeak egiten duen ahalegin indartsua dela».

Entretenimenduan Tele5 beti dago puntan-puntan: iaz, arrakasta handia izan zuten Supervivientes eta GH VIP saioek. Azken horren finalak %35,4ko ikusle kuota lortu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Cuatro kateak ikusle millenial-engan duen arrakasta nabarmendu dute —asteon jakin da kateko albistegiak desagerraraziko dituztela—. Factoría de Ficción kanalak zazpi urte daramatza gaikako kateen buru, eta harrera beroa du 13-24 urte arteko gazteengan. Divinityk kuota handia du 16-44 urte arteko emakumeen artean. Haurrentzako Boing kateak, berriz, ETB3k baino lau aldiz ikusle gehiago lortu zituen iaz.

Tele5ren indarguneak

Bestalde, Lopez Cuenllasek nabarmendu du ia bi aldiz gehiago hazi dela Tele5 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Espainian baino. «Historikoki, oso emaitza onak lortu ditugu beti Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bertako ikusleek entretenimendua, informazioa eta zuzenekoak gogoko dituzte, eta horiek dira Tele5ren bizkarrezurra». Deigarria egin zaio, era berean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurreneko hiru kateetatik igo den bakarra Tele5 izatea. «Gure balorazioa oso-oso ona da. Benetan pozik gaude Euskal Autonomia Erkidegoan lortutako datuekin». Katearen marketin zuzendariak gaineratu du soilik bi erkidegotan lortu dituela Tele5k 2018an datu hobeak: Kanariar uharteetan (%17,4) eta Asturiasen (%20,5).

2018ko batez besteko datu onen beste arrazoi bat futboleko Mundu Kopan aurki daiteke: Mediasetek txapelketako 64 partidak eman zituen, eta 2014ko Brasilgo Munduko Kopan baino ikusle gehiago erdietsi zituen. Internet bidez ere, inoiz baino gehiago ikusi ziren txapelketako partidak telebistaren webgunean.

Zaila dirudi Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikusleek Tele5ko edukiei berehalakoan muzin egitea. Asteartean, esate baterako, GH Duo saioa estreinatu zuen kateak, eta %26,9ko ikusle kuota lortu zuen.

Mediaseteko iturrien arabera, taldeak ez du asmorik euskarazko, katalanezko edo galegozko edukirik ekoizteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna