Herri kirolak sustatzeko saio bat emango du ETB1ek

Herrien arteko lehiaz baliatuko da 'Bostekoa' saioa, eta bost herrikidez osaturiko bi talde bost herri kiroletan jarriko ditu nor baino nor gehiago

Mungiako probalekuan (Bizkaia) egin dituzte demak Bostekoa saiorako. Irudian, Tolosa-Ibarra lehia (Gipuzkoa). ETB.
Edu Lartzanguren.
2019ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Bost lehiakide talde bakoitzean, eta bost proba. Ez zen zaila izan saioarentzako izena asmatzea: Bostekoa. Aitor Zubietak aurkeztuko du, eta tokian tokiko irratien konplizitatearekin egingo dute. «Herri kirolek ez dute behar luketen ikusgarritasunik», esan du Erik Armendaritz saioko erredakzio taldeko kideak. Pixka bat galduz doazela gaineratu du, eta kirolok «suspertu edo bizitzeko» asmoz egingo dute saioa. «Honekin, kirolak ezagutarazi nahi ditugu. Oso gauza gertukoa direla eta edonork egin ditzakeela erakutsi nahi dugu».

Saioaren lehenengo zatian, herriak eta lehiakideak ezagutuko dituzte ikusleek. «Aitor Zubietak egun batzuk igaroko ditu lehiatuko diren bi herrietan. Lehiakideak ezagutuko ditu, haien inguruko jendea, herri kirolekin daukaten harremana, herriko jende xelebrea...». Bigarren zatian, lehiari ekingo diote parte hartzaileek. Sokatira egin beharko dute, 63 kiloko harriari hamar altxaldi eman, 25 kiloko bi txinga eraman, bost mozketa trontzan, eta 470 kilo garraiatu, giza proban. Mungiako (Bizkaia) Birleko probalekuan egingo dituzte saioak, eta zortzi herri lehiatuko dira lehenengo final laurdenetan: Ibarra-Tolosa, Elorrio-Abadiño, Leitza-Goizueta eta Azpeitia-Errezil. Irabazleekin finalerdiak egingo dituzte, eta, azkenik, final handia. Finalaren garaileak 5.000 euro eta txapela irabaziko ditu.

Herrien arteko «lehia»

«Pike puntua daukaten herriak bilatu ditugu, saioari lehia emango diotenak», esan du Armendaritzek. Lehia bai, baina, gero herri bakoitzean dagoen «goxotasuna» eta harremanak ikustea «oso polita» izango dela gaineratu du. «Elkarrekin ondo moldatzen den jendea bilatu dugu».

Parte hartzaile guztiak ez dira izango kiroletan nabarmentzen den jendea. Batzuk ibili dira herri-kirol txapelketetan lehiatzen, eta beste batzuk kirolzaleak dira, besterik gabe. «Badira hain kirolari ez direnak baina indarra daukatenak. Denetatik dago, herriaren arabera».

Zubietak aurkeztuko du saioa, baina tokian tokiko irratiekin egingo du lan. «Betidanik, irratiak informazioa eman die herritarrei, eta gauzak kontatu dizkie. Oso familiarra edo gertukoa da hedabide hori». Tokiko irratiek herritarrak ongi ezagutzen dituztelako erabili nahi izan dituzte saioaren ekoizleek. «Zubietaren eta lehiakideen esperientzia kontatuko dute: bai programan, bai lehiaketan bertan».

Kostatu egin zaie jendeari ulertaraztea zertan datzan saioa, «gauza berriekin gertatzen den bezala», Armendaritzek esan duenez. Baina gero «sekulako harrera ona egin digute, eta lehiakideek ere oso ondo erantzun dute». Bostekoa ostegunero emango dute, otsailaren 14tik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.