Andreek sortutako gero eta telesail gehiago Series Mania jaialdian

Lillen egingo dute aurten ere, martxoaren 22tik 30era. Marti Noxton izango da epaimahaiburua

Arte katearen Eden telesaila Series Maniako Sail Ofizialean lehiatuko da. Irudian, Sylvie Testud aktorea. BERRIA.
urtzi urkizu
2019ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Europako telesailen jaialdi garrantzitsuena da Series Mania; aurreneko zortzi urteetan Parisen egin zuten, eta iaz Lille hirira (Frantzia) eraman zuten. Aurten ere Lillen egingo dute, eta hamar telesail lehiatuko dira Sail Ofizialean, martxoaren 22tik 30era. Jaialdiko antolatzaileek nabarmendu dute aurreko urteetan baino telesail gehiago egongo direla gidoilari eta zuzendari emakumezkoek idatziak eta zuzenduak: %41. «Dena den, emakumeek oraindik espazio handia dute bereganatzeko telesailetako ekoizleen eremuan», esan du Laurence Herzberg Series Maniako zuzendari nagusiak. Gidoilari eta zuzendari emakumeak ugaritu egin baitira, baina ekoizleak ez hainbeste.

Sail Ofizialean lehiatuko diren telesailen artean, Erresuma Batuko hiru ekoizpen daude, hirurak Channel4 katearenak: Chimerica, Baghdad Central eta The Virtues. Arte kateak (Frantzia-Alemania) ekoitzitako bi lan daude: Eden eta Mytho. Bigarrena Netflixekin batera. Netflixena da AEBetako hautagai bakarra ere: Chambers. Telesail horren aktore protagonista Uma Thurman da, eta Lillen izango dela iragarri dute antolatzaileek.

Errusiako Identification (TV3 Channel), Norvegiako Twin (NRK), Israelgo Just For Today (Endemol) eta Australiako Lambs of God (Sky) dira Sail Ofizialerako hautatu dituzten beste lau ekoizpenak.

Thurman ez ezik, beste izar batzuk ere egongo dira jaialdian: Freddie Highmore The Good Doctor telesaileko aktorea, Charlie Brooker eta Anabel Jones Black Mirror-en sortzaileak eta Marti Noxton Sharp objects-en gidoilari eta ekoizlea —epaimahaiko presidentea izango da—.

Ikusle kopurua, gorantz

Sail Ofizialean ez ezik, jaialdiko beste sail batzuetan ere askotariko telesailak ikusi ahalko dira, eta mundu mailako estreinaldiak egingo dituzte: CBS kateak The Twilight Zone-ren bertsio berria aurkeztuko du, Netflixek Frantziako telesailen lehian izango du Osmosis —Julius Bergek sortua— eta The OA-ren denboraldi berria eramango du, eta HBOk Asiako beldurrezko telesail bat estreinatuko du: Folklore.

Euskal Herriko profesionalek sortutako telesailik ez dute emango, baina ikusleek Ramon Agirre eta Ramon Barea aktoreak ikusi ahal izango dituzte, Atresmediaren Gente hablando lanaren atal batean —formatu laburren sailean lehiatuko da—.

Publiko zabalari irekia dago Series Mania jaialdia. Txartelak doakoak dira, eta martxoaren 12tik aurrera erreserbatu ahalko dira. Azkeneko urteetan gero eta ikusle gehiago joan dira proiekzioetara: 2015ean, 22.100 ikusle izan ziren; 2016an, 40.000; 2017an, 53.000; eta iaz, 55.000. Aurten are gehiago espero dituzte.

Telesailen proiekzioez gain, hitzaldiak eta mahai inguruak egingo dituzte. Tartean, Orange Is The New Black telesaila aztertuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.