Berrituta dator 'Bago!az'

Gaur itzuliko da ETBko 'talent show'-a. Andoni Ollokiegik ordezkoen taldea babestuko du

Bago!az saioaren denboraldi berriko lehiakideak, aurkezleak eta coach-ak. EITB.
urtzi urkizu
Donostia
2019ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Bi denboraldi arrakastatsuren ostean, ETB1ek Bago!az saioaren hirugarren denboraldia estreinatuko du gaur —asteazkenetan 22:35ean emango dute, eta ostiraletan 21:00etan—. Talent show-aren irabazleak Go!azen telesailaren denboraldian parte hartzeko aukera izango du.

Estetikan eta formatuan berrikuntza batzuk sartu dituzte. Plato berria aipatu du Alex Sardui coach-ak: «Sentsazioak desberdinak dira. Lehiakideak beren espazioa hartzen dute, eta gustura sentitzen dira. Gu ere fintzen goaz». Sarduik gaineratu duenez, 16-17 urteko gazteak formakuntza aldetik «oso ondo» datoz. «Eta apurtxo bat nagusiagoak direnek teknika ona dute, badakite zer kantatzen duten».

Lehiakide gazteenen artean, Eider Sanchez eta Aitzol Barbarias daude. 16 urte baino ez dituzte. «Lehengusu batek esan zidan ea aurkeztuko nintzen hautaprobara, eta hemen nago», esan du Sanchezek. «Oso esperientzia polita da, uste baino lasaiago nago. Go!azen-en aritzea asko gustatuko litzaidake, asko», gaineratu du. Barbariasek argi du bere helmuga: «Asko ikasten ari gara. Nik txikitatik argi izan dut aktore eta musikari izan nahi dudala. Batxilergo eszenikoa egiten ari naiz, eta, gero, kanpora joango naiz ikastera».

Jabi Elortegik jarraituko du saioko zuzendari lanetan. Lehiaren dinamikan berrikuntzak egongo direla iragarri du: «Aurreko urtean, lehiakide berri bat sartzen zen bat kanporatzen zutenean. Ikusi genuen berria desabantailarekin sartzen zela». Hori dela eta, denboraldi berrian ordezkoak platoan egongo dira asteroko galetan, eta Andoni Ollokiegi —iazko finalistetako bat— izango dute babesle. «Saio bakoitzean ez da lehiakide bat kaleratuko, baizik eta puntu gutxien duena izendatuta geratuko da. Horrek duelu bat izango du, Ollokiegiren taldeko batekin. Irabazleak saioan jarraituko du».

Ollokiegi oso pozik dago Pausoka ekoizpen etxeak eman dion aukerarekin: «Oso gustura nago. Ezustekoa hartu nuen deitu nindutenean». Ordezkoen taldeaz arduratuko da. Ollokiak izendatu dituzte ordezko horiek. «Nire taldekook astero abesti bat kantatuko dugu, beti gitarra akustikoarekin». Ollokiegik esan du nahiago duela Bago!az, Go!azen baino. «Hemen etxean bezala sentitzen naiz».

Zazpi 'coach', laguntzaile

Aurreko denboraldian zortzi coach zeuden. Aurten zazpi izango dira —haiek dira epaimahaikoak ere—: Sarduirekin batera, Anjel Alkain, Xabier Saldias, Ylenia Baglietto, Maria Amolategi eta Iker Villa. Zazpigarrena aldatuz joango da, eta gaurkoa Maria Redondo izango da —iazko irabazlea—. Iholdi Beristain, duela bi urteko irabazlea, Miramonen zen atzo, hirugarren atala prestatzen, Barbarias lehiakideari laguntzen.

Saioko aurkezlea Zuriñe Hidalgo izango da, aurreko bi urteetan bezala. «Saioarekin ikasten jarraitzen dut», esan du Hidalgok. «Ondo pasatzen dugu; umorea dago, musika dago, eta nire esparruan nago». 16-17 urteko talentuak ikusteak sentsazio onak ematen dizkio: «Agerian gelditzen da Euskal Herrian artista ugari daudela, eta talentu hori ez dela ezkutuan gelditzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.