'The New York Times'-ek telebista saio bat egingo du FX katearentzat

'The Daily' 'podcast' arrakastatsuan oinarrituko da. Hulu 'streaming' plataforman ere ikusiko da

The New York Times egunkariaren egoitza. ALEX TORRENEGRA / EFE.
urtzi urkizu
2019ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
«Urteko gure apusturik handienetakoa izango da The Weekly telebista saioa». Hala iragarri dute The New York Times egunkariko Dean Baquet editore eragileak eta Joseph Kahn editore buruak. The Daily izeneko podcast-ean oinarrituta, asteroko dokumental saio bat izango da The Weekly. FX kable bidezko katearekin hitzarmen bat egin dute, eta programa 30 astez emango dute igande gauetan. Streaming bidezko Hulu plataformak ere saioa emateko eskubideak erosi ditu —FX kateak emititu eta hurrengo egunean jarri ahal izango dute katalogoan—.

The Weekly saioan, berriemaile baten edo kazetari talde baten jarraipena egingo dute. Egunkarian bertan gai bat nola lantzen duten grabatuko dute. Atal bakoitzak 30 minutu iraungo du. Iragarri dutenez, aurten hasiko dira ematen.

Telebista saioaren proiektuan lanean ari dira Sam Dolnick editore laguntzailea, Jake Silverstein Times Magazine aldizkariko editore burua eta Stephanie Preiss enpresako estrategia eta garapen zuzendaria. Meredith Kopit Levien Times Companyko operazio zuzendariak apustuaren garrantziaz hitz egin du: «Gure nahia da The New York Times-en kazetaritza bikaintasuna ahalik eta telebista ikusle gehienengana eramatea. FX katearekin eta Hulu zerbitzuarekin lortutako akordioak zabalpen modu berri eta boteretsua ekarriko du». Baquetek eta Kahnek gaineratu dute: «Audientzia guztiz berriengana iristeko itxaropena daukagu, gure diru iturriak baliatu, eta herritarrek albisteak irakurtzeko gordea duten denboran harago joateko. Horrek guztiak ekarri beharko luke gure kazetaritzak eragin handiagoa izatea».

Beste alde batetik, FX telebista kateko arduradunek uste dute The Weekly aukera ona izan daitekeela prestigioa irabazteko. Lehendik ere kritika onak jaso izan ditu kateak The Americans eta Atlanta saioen gidoiengatik.

Fitxaketak audioetarako

The New York Times-en kazetaritza lanak, era berean, beste telebista saio batzuen inspirazio iturri izango dira: The New York Times Magazine-ko erreportaje bat erabiliko dute Netflixen The Diagnosis dokumental saila egiteko; egunkariak Harvey Weinsteinen istorioa nola azaleratu zuen jasoko dute film batean; eta Showtime kateak The Fourth Estate dokumental saioan jasoko du egunkariko erredakzioan nola egin zuten lan Donald Trumpen agintaldiko lehen urtean.

Telebistako apustua nola ateratzen den ikusi aurretik, ziurtatu daiteke audioekin arrakasta lortzen ari dela kazeta. The Daily izeneko podcast-a —2017an sortu zuten— fenomeno bilakatu da, eta milioika jarraitzaile ditu. Audio taldea indartu egin dute, gainera: Lisa Chow eta Marc Georges editoreak eta Eric Krupke albiste ekoizlea astelehenean hasiko dira The Daily-n lanean. Apirilaren 29an, Adizah Eghan albiste ekoizlea eta Kelly Prime narratzailea batuko dira taldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.