EITBko lau sozietateek bat egin eta bakarra osatuko dute hilaren 31n

Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak esan du «arduratuta» daudela ETB1eko ikusle datuekin

EITBren Bilboko egoitzako kanpoaldea, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
urtzi urkizu
2019ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Datorren urtean EITBren ereduan zenbait aldaketa egingo dituztela iragar daiteke, EHUk egindako bederatzi ikerketen —Eusko Legebiltzarreko EITBren erreformarako lantaldeak eskatu ditu— ondorioak aintzat hartzen baldin badituzte. Aurreneko aldaketa hiru aste barru beteko dela baieztatu zuen atzo Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak, legebiltzarreko kontrol batzordean egindako agerraldian: taldeko lau sozietateak bakarrean integratuko dira. «Abenduaren 31n bukatuko da sozietateen orain arteko eredua», esan zuen Iturbek.

EHUren ikerketetatik ateratako ondorioen artean, nabarmentzekoa da gobernantzan sistema aldaketa bat egon beharko litzatekeela. «Ondorioek diote erakunde independente bat behar dela, eta bertan gizarte zibilaren ordezkaritzak handiagoa izan behar duela». Eraldaketa digitalean erronka bat dagoela jaso du EHUk. «Horrekin guztiz bat nator», esan zuen Iturbek.

EITBko langileek, egin zitzaien inkestan, esan zuten bereizi egin behar dela zer ekoitzi barnean eta zer kanpoan. Iturbek horri buruz zera adierazi zuen: «Aurrekontu handiagoa behar da, fikzioa egin ahal izateko».

Iturberen arabera, EITBko zuzendaritzak ikusten du kudeaketak «arinagoa» eta «malguagoa» izan behar duela. «Alde horretatik, negoziaziotan ari gara langile batzordeekin».

EITBko zuzendari nagusiak esan zuen «arduratuta» daudela ETB1en ikusle datuekin. «Horregatik, baliabide gehiago eskatzen ditugu».

Berdintasuna auzitan

Batzordean zeuden taldeen artean, Elkarrekin Podemos eta PP izan ziren kritikoenak. Eukene Arana Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak kritikatu zuen Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean Radio Euskadiko Boulevard saioan hiru solaskideak gizonezkoak izan zirela. «Hori ere indarkeria matxista da», salatu zuen. «Ez zarete ezer egiten ari EITB hobetzeko», gaineratu zuen. Iturbek, berriz, nabarmendu zuen hirugarren berdintasun planaren bidez berdintasunean bide luzea dutela egiteko. Nerea Llanos PPko legebiltzarkideak «autokonplazentzia» egotzi zion Iturberi. «Zer egingo du EITBk dauden kritikei aurre egiteko?» galdetu zion PPko ordezkariak Iturberi. PSE-EEko Miren Gallastegik, bestalde, nabarmendu zuen sozietateen bat egiteak ahalegin bat eskatzen duela: «Ez dadila izan soilik administratiboa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.