Naiz irratiak programazio «osatua» abiaraziko du datorren asteartean

Etengabeko informazio jarioa eta musika izango dira euskarazko irratiaren bi ardatz nagusiak

Maite Bidarte Naiz irratiko esataria, iazko Lemoako Gazte Topagunean, saio bat gidatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU.
urtzi urkizu
2020ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Epeka joan da garatuz Naiz irratia, pausoz pauso. Baina datorren asteartetik aurrera, euskara hutsezko irratiak programazio «osatua» izango du egunero eta egunaren ordu nagusietan. Informazioaren haria magazinaren bueltan osatuko dute programazioa; izan ere, hiru ordu tarte izango ditu saioak: 07:00etatik 10:00etara —Amaia Zurutuzak gidatuko du—; 12:00etatik 14:00etara, bigarren edizioa —maiatzetik martxan dagoen magazinaren jarraipena—; eta 18:00etatik 21:00etara, hirugarren edizioa—eguneko protagonisten ahotsak izango dira ardatza—.

Ion Telleria da irratiko arduradunetako bat, eta bi ardatz nagusi nabarmendu ditu: informazioa eta musika. «Informazioaren alorrean, etengabeko jario bat eskaini nahi diegu entzuleei. Horregatik egingo dugu saio bakarra, hiru zatitan. Entzuleentzat erreferentzia etengabeko informazio jario hori izatea nahiko genuke. Hala, zerbait gertatzen den aldiro, hori kontatzen arituko gara». Horretarako, Gara-ko eta Naiz-eko erredakzioen kazetariekin arituko dira lanean. Gainera, irratiak informazio albiste buletin laburrak emango ditu Informazioaren haria magazina ez dagoen orduetan, 21:00ak arte.

Hemendik gutxira, larunbat eta igande goizetan Asteburuko Haria saioa emango dute. Asteari begira jarriko dira, baina asteburuko giroko magazin formatuan.

Musikariekin harremanetan

Musika izango da irratiaren programazioko beste ardatza. Alde horretatik, Telleriak nabarmendu du Naiz irratiak eragile bat bilakatu nahi duela euskal musikaren hedapenerako tresna gisa. «Musikariekin joan-etorriko harremanetan sakondu nahi dugu. Horregatik sortu dugu Beste bat saioa». Programa horretan, zenbait musikarik parte hartu dute azkeneko hilabeteetan, beren fonoteka kutunak aurkezten. 15:00etan entzun daiteke.

Beste musika saio bat Musika pilulak izenekoa da. «Bertan, musikariek beren berrikuntzak aurkezten dituzte», azaldu du irratiko ordezkariak. Musikariei egindako elkarrizketekin batera, haien lanaren lagin bat entzun daiteke. Egunero ematen dute, 12:55ean eta 19:55ean.

Astelehen gauetan, Revolutionary Grooves saioa ematen du irratiak —musika elektronikoa eta musika beltza ditu ardatz—; asteazkenetan, musika elektronikoari buruzko Sateliteak; eta ostegunetan, Reggae fever.

Irratiak iazko udaberrian ekin zien emisioei. FMko frekuentziez gain, irratia.naiz.eus helbidean entzun daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.