Deskolonizazio prozesuak, kolonizatuen ikuspegitik

Arte kateak 'Décolonisations' dokumental saioa estreinatuko du gaur, 20:50ean. Pierre Singaravelou historialariak parte hartu du lanean

Décolonisations dokumental saiorako askotariko artxibo irudiak biltzen aritu dira bi urtez. ARTE.
urtzi urkizu
2020ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Historia liburuak gehienetan kolonizatzaileek idatzi ohi dituzte, eta gehien zabaldutako ikus-entzunezkoetan ere kolonizatzaileen ikuspegia gailendu da. Deskolonizazio prozesuetan kolonizatuek egindako borroka aztertu dute, aldiz, Décolonisations dokumental saioan. Arte kateak gaur estreinatuko du, 20:50ean. Hiru zati ditu, bakoitza 52 minutukoa, eta hirurak ikusi ahalko dira gaur Arten, baita Internet bidezko emankizunean ere.

Marc Ball eta Karim Miske dira dokumentalaren zuzendariak. Pierre Singaravelou historialari eta deskolonizazio prozesuetan aditua aritu da haiekin lanean. Off-eko ahotsa, berriz, Reda Kateb aktoreak jarri du. Hain zuzen ere, aktorearen osaba Yacine Kateb idazleak —Aljeriako garrantzitsuenetakoa XX. mendean— presentzia nabarmena du dokumentalean. Haren hitzek azaleratuko dute literaturak azkeneko hamarkadetan deskolonizatze prozesuetan izan duen eragina.

Lanaren aurreneko zatiak L'apprentissage du izenburutzat (Ikasketa). Indiako deskolonizazioari heltzeko, kirolarekin gertatu zena kontatuko dute. 1911ko uztailaren 29an, India britaniarren esku zegoen garaian, Indiako futbol talde batek britainiarren aurka jokatu behar zuen finala. Hinduek eta musulmanek bat egin zuten, eta oinutsik, britaniarrei irabazi zieten partida.

Dokumental saioan, bestalde, tarte nabarmena hartzen dute emakume kolonizatuek aurrera eramandako borrokek. Horietako bat Kenyako Mary Nyanjiru da: Harry Thuku lider antikolonialista babestu zuen, eta, kolono ingelesek atxilotu zutenean, Nyanjiruk hartu zuen bere herriaren gidaritza. Sarojini Naidu Indiako emakumea ere azalduko da —Gandhirekin bateraaritu zen borrokan bere herrialdearen independentzia mugimenduan—.

Burna Boy eta Niska

Saioaren bigarren zatiak La liberatión du izenburutzat, eta zenbait askapen prozesu azaleratuko ditu. Era berean, 1945ean Aljeriako Setif hirian Frantziako kolonoek eta haien agindupeko miliziek eragindako sarraskia gogoratuko dute.

Dokumental saioa egiteko, bi urtez aritu dira lanean zuzendariak. Askotariko artxibo irudiak berreskuratu dituzte. Ikus-entzuleentzat «benetako murgiltzea» egon dadin saiatu dira, eta horretan eragina izan du soinuaren eta musikaren aukeraketak. Nigeriako Burna Boy musikariaren zenbait abesti entzun daitezke saioan. Niska rap kantariaren abestiak ere ez dira faltako.

Azkeneko zatiak gaur egungo garaira eramaten du ikuslea. Bertan, Kenyako Mau Mau matxinadaren ondorengoak azalduko dira. Afrikan eta Asian izandako kolonizazioek gaur egungo egoera soziopolitikoan duten eragina aztertuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.