Spielbergen 'Amazing Stories' martxoan iritsiko da Apple Plusera

'Little America' saioa ikus daiteke jada. Erresuma Batuko lehen telesaila maiatzean helduko da

Amazing Stories telesaileko The Rift atalaren fotograma bat. Martxoaren 6an estreinatuko dute saioa. CURTIS BAKER / APPLE.
urtzi urkizu
2020ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Apple konpainiak azaroaren 1ean jarri zuen martxan bere streaming bidezko ikus-entzunezko plataforma. Bai Euskal Herrian bai mundu osoan ikus daitezke edukiak, hilean 4,99 euroko harpidetza ordainduta. Hasierako katalogoa urri samarra zen, baina datozen asteetarako makina bat estreinaldi iragarri dituzte. Horien artean, Steven Spielbergek ekoitzitako Amazing Stories telesaila egongo da: 1980ko hamarkadako izen bereko saioan bezala, atal bakoitzak «irudimenez betetako mundu batera» eramango du ikus-entzulea. Martxoaren 6an, telesailaren lehen bost atalak estreinatuko dituzte. Telesailaren sortzaileen artean Eddy Kitsis eta Adam Horowitz daude; zuzendarien artean, Chris Long, Mark Mylod, Michael Dinner, Susanna Fogel eta Sylvain White; eta aktoreen artean, Dylan O'Brien, Victoria Pedretti, Josh Holloway, Sasha Alexander eta Robert Forster. Azken horrek bere bizitzako azkeneko lana egin zuen Amazing Stories-en, urrian hil baitzen.

Askotariko edukiak ari dira ekoizten ordainpeko plataforma berrirako. Asteon estreinatu dute Little America saioa: AEBetan bidea egiten ari diren etorkinen istorioak kontatzen dituzte bertan, fikzioaren bitartez, baina benetako gertaeretan oinarrituta. Gidoilariek Epic Magazine aldizkarian argitaratu diren istorioak erabili dituzte horretarako. Saioaren arduradunak Lee Eisenberg, Kumail Nanjiani eta Emily V. Gordon dira, eta Epic Magazine-k ere parte hartu du ekoizpenean.

'Beastie Boys Story'

Udaberriko estreinaldien artean, Apple TV Plusek Beastie Boys Story dokumentala jarriko du bere katalogoan, apirilaren 24an. Spike Jonze zinemagileak zuzendu du, eta bertan Beastie Boys taldeko Mike Diamond eta Adam Horovitz musikariekin izandako adiskidetasuna islatuko du. Dokumentalaren estreinaldiak bat egingo du III Comunication diskoaren 26. urteurrenarekin —zerrendetan lehen postura iritsi zen lan hori—.

Apple TV Plusen ekoizpenak ez dira AEBetakoak soilik izango. Izan ere, maiatzaren 1ean Trying estreinatuko du, Erresuma Batuan ekoitzitako lehen telesail originala. BBC Studiosek prestatu duen komedia bat da, eta protagonisten artean Imelda Staunton dago.

R.J. Cutlerrek ekoitzitako Dear... dokumental saioan, bestalde, pertsonaia ezagunen biografiak egingo dituzte, ukitu zinematografiko batekin. Spike Lee, Oprah Winfrey eta Stevie Wonder izango dira protagonistetako batzuk. Ekainaren 5ean iritsiko da.

Ordainpeko plataforma horrek, era berean, otsailaren 7an Mythic Quest: Raven's Banquet telesaila estreinatuko du —bideo jokoen sortzaile batzuen inguruko akziozko komedia bat da—; apirilaren 3an, Home Before Dark misteriozko telesaila; apirilaren 24an, Defending Jacob —izen bereko bestsellerrean oinarritutako telesaila—; eta udan, Central Park animaziozko komedia musikala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.