Quibik porrot egin du

Formatu laburren plataforma itxi egingo dute, sei hilabetean ez baitu merkatuan tokirik egin

Rob Post Quibi plataformako teknologia zuzendaria, zerbitzuaren aurkezpenean, Las Vegasen. ETIENNE LAURENT / EFE.
urtzi urkizu
2020ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Apirilean jarri zuten martxan Quibi streaming plataforma munduko herrialde gehienetan, besteak beste Euskal Herrian. Formatu laburrak sakelako telefonoetan ikusteko aukera ematen du, eta ikus-entzunezko plataformen lehian toki bat egiteko ahalegina egin du. Baina ez du lortu esperotako harpidedun kopurua, eta plataforma itxi egingo dute—ez dute jakinarazi aplikazioa zeregunetan ez den erabilgarri egongo—.

Jeffrey Katzenberg eta Meg Whitman Quibiko arduradunek gutun ireki bat bidali diete langileei eta inbertsiogileei, itxieraren berri ematen. Bi sortzaileek streaming plataformen eskaintzan eremu bat eskuratzeko itxaropena zuten, gazte askok sakelako telefonoetan ikus-entzunezkoak ikusten dituztela aintzat hartuz. Saioak 5-10 minutu artekoak dira, eta bertikalean zein horizontalean ikus daitezke.

Harpidedunak erakartzeko, gainera, zenbait izar fitxatu zituzten: programak egin dituzte, esaterako, Megan Rapinoe futbol jokalariak, LeBron James saskibaloi jokalariak eta Jennifer Lopez aktore eta kantariak.

Baina harpidetza garestiegia zela nabarmendu dute aditu askok, egiten zuen eskaintza aintzat hartuta. Kontua da, 1.688 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa eginda ere, ez dutela emaitza onik lortu.

Elena Neira Kataluniako Unibertsitate Irekiko irakasleak itxieraren inguruko analisia egin du. «Quibiren sortzaileek ez zuten aintzat hartu TikTok aplikazioaren konpetentzia, gazteen kontsumoari dagokionean; edukiak soilik sakelakoan ikusi ahal izatea kalterako izan da, eta telebistarako aplikaziorik ez sortzea gabezia nabarmen bat; edukiek, oro har, ez dituzte kritika onak izan; streaming plataforma indartsu asko daude, berriak sortu dira, eta Quibi zerbitzu osagarri gisa saldu zuten; ideia, berez, ona zen, baina oso gaizki gauzatu dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.