TVEk katalanera bikoiztutako filmak emango ditu, 30 urte geroago

Eguberrietan hiru film izango dira ikusgai katalanez. Disney Plusek katalanez emango du 'Soul'

Pawn Sacrifice izango da 30 urtean katalanera bikoiztutako lehen filma TVEn. Ostiralean emango dute. BERRIA.
urtzi urkizu
2020ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Bakanak dira euskarara bikoiztutako atzerriko pelikulen emanaldiak telebistan; gutxi dira, eta beti ETB1en. Bestelakoa da katalan hiztunentzako egoera: TV3k sarri ematen ditu katalanera bikoiztutako filmak. Eguberri hauetan, La2 kateak ere hiru film emango ditu katalanez, aspaldiko partez.

Kataluniako TVEren zentroaren ekimenez, katalanera bikoiztutako hiru film emango dituzte datozen egunetan. 30 urte ziren Espaniako telebista publikoak halakorik egiten ez zuena.

Aurrenekoa Eguberri egunean izanen da: Pawn Sacrifice (2014). Bobby Fischer eta Boris Spassky xakeko txapeldunen inguruko istorioa kontatzen du; haien arteko lehia, 1972an, Gerra Hotzaren pasarte garrantzitsua izan zen, eta munduko telebista kate askoren arreta bereganatu zuen. Tobey Maguire eta Peter Sarsgaard dira aktore protagonistak.

Urtarrilaren 1ean, TVEk Gosford Park filma (2001) emango du katalanez. Robert Altmanek zuzendu zuen, eta 1932an dago girotuta. Gidoi onenaren Oscar saria bereganatu zuen.

Urtarrilaren 6an, berriz, Jean-Pierre Jeunet zinemagilearen L'extravagant voyage du jeune et prodigieux T. S. Spivet (2013) emango du La2ek katalanez. adin guztientzako film bat da. Ohikoa baino inteligentzia handiagoa duen mutiko baten gorabeherak kontatzen ditu.

RTVEren katalanezko programazioak, gainera, gorantz egin du denboraldi honetan. Esate baterako, Gemma Niergak Cafè d'idees magazina gidatzen du goizero Radio4 irratian —La2ek ere ematen du Kataluniako deskonexioan—. Bestalde, Movistar Pluseko bezeroek azarotik ikus dezakete TVEren katalanezko programazioa.

Interneten bada aukera, era berean, RTVEk azkeneko urteetan katalanez ekoitzi dituen saioak ikusteko helbide honetan: www.rtve.es/television/arxiu. PlayZ atarian, Drama websaila dago ikusgai —elkarrizketen %70 katalanez dira, eta %30 gaztelaniaz—. TV3k ere eman du aurten.

Disney Plusen 'Soul' filma

RTVEk obligazioa du legez euskaraz, galegoz eta katalanez edukiak emititzeko, nahiz eta euskarazko eskaintza ia ezereza den. Streaming plataformetan ere urria da euskararen, galegoaren eta katalanaren presentzia. Disney Plus plataforma hasi da modu apalean katalanera bikoiztutako filmak ematen —aurrenekoak Frozen 2 eta Espies disfressats izan dira—. Kataluniako Hizkuntz Politikarako Sailak iragarri duenez, Disney Plusek Soul filmaren estreinaldia katalanez ere egingo du. Eguberri egunean estreinatuko dute Pixarren animaziozko lan hori mundu osoan, eta katalanezko estreinaldia beste hizkuntzetakoekin batera egingo dute. Generalitateak azaldu duenez, azkeneko zazpi urteetan Disneyren 22 film bikoiztu dira katalanera.

Guraso talde batek 4.800 sinadura inguru bildu ditu Disney Plusi eskatzeko edukiak euskaraz jar ditzala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.